Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

Azken eguneratzea: 2012/11/21

Gobernu Kontseiluak Euskadiko eraikinen ikuskapen teknikoa (EIT) arautzeko dekretua onartu du

Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoan eraikinen azterketa teknikoa arautzekoa

Gobernu Kontseiluak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren proposamenari jarraituz, Euskal Autonomia Erkidegoko bizileku-eraikinen ikuskapen teknikoa arautzen duen Dekretua onartu du.

2/2006 Legeak, ekainaren 30ekoa, EAEko lurzoruari eta hirigintzari buruzkoak, bere 200. artikuluan, barne hartzen du etxeak eta eraikinak aldizka ikuskatzeko erregulazioa. Araudi hori betetzeko, eta egiaztatu ondoren beste autonomia erkidegoetan antzeko esperientzia positiboak egon direla, erabaki da Dekretu bat onartzea EIT-a (Eraikinen ikuskapen teknikoa) arautzeko.

Horrez gain, 8/2011 Errege Dekretu-legeak, uztailaren 1ekoak, alde batetik, ezinbesteko baldintzatzat jotzen du 2016rako EITak egitea 50 urte baino zaharragoak diren eraikinetan, baldin eta 25.000 biztanletik gorako udalerrietan badaude; eta bestetik, Autonomia Erkidegoei eskumena ematen die aplikazio hori ezarritako denboraren barruan arau dezaten.

Dekretu honen helburua da hiritarren partaidetza sustatzea eraikina kontserbatzeko beharra bermatzeko, eta modu horretan saihestea eraikinak hondamen- eta narriatze-egoeran egotea, eta auzo finkatuak jendez hustea.

Helburu hori Euskadiko Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialaren (EIS) oinarrien barruan dago. Itunaren indarguneetako bat da parke eraikien eraberritzea xedatzen duela. Asmoa da eraikinen jabeak nahiko informazio edukitzea mantentze, birgaitze eta kontserbazio lanak baldintza egokietan egiteko dituzten betebeharrak bete ditzaten, azaroaren 5eko 38/1999 Legeak, Eraikuntzaren Antolaketari buruzkoak, bere 16. artikuluak xedatzen duenari jarraiki.

Araudi berriaren arabera, 10 urtetik behin, eraikinen jabeek teknikari fakultatibo bati agindu beharko diote ikuskapen tekniko bat egin dezan, eraikinaren egoera egiaztatzeko eta bere kontserbazio-, segurtasun-eta estankotasun-baldintzak eta egituraren egonkortzea bermatzeko.

Irizpen teknikoak, halako lan bat egin ahal izateko titulazioa duten teknikari profesionalek egin beharrekoa, zehaztuko du zein lan edo esku-hartze mota egin beharko diren.

Eskumenak dituzten administrazio modura ari direla, Udalen zeregina hirigintza diziplinari dagokionez, eta baita EAEko Administrazio Orokorraren laguntza ere, funtsezkoak izango dira berorien kontrola eta segimendua egiteko, ikuskapen-erregimena ongi bete dela lortzeko. Horretarako, Ikuskapen Teknikoen Erregistro bat sortuko da, zeinean txostenen edukia jasoko den, ikuskapena gainditu duten eraikinen fitxa eginda eta aurkezpen data adierazita.

Etxebizitza Sailak, Udalekin lankidetzan, arduratuko da aipatutako erregistro hori egiteaz eta mantentzeaz, datu-base bakarra sortzeaz, eta programazioa ezartzeaz, EITak egin daitezen eta jabeei jakinarazteko ikuskapenak egitea derrigorrezkoa dela. Erregistrorako sarbidea publikoa izango da; eta horri esker eraikinen benetako egoera hobeto ezagutu ahalko dute bai jabeek bai higiezinen merkatuko erabiltzaileek