Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

Visesak salmentarako etxebizitza publikoa sustatzeari utziko dio 2020 urtean, Etxebizitza Legeak ezarritakoaren arabera

Argitalpen-data: 

  • Sozietate publikoak babeseko 15.283 pisu eraiki ditu, 1992an jarduera hasi zuenetik

VISESA Euskadiko etxebizitza eta lurra kudeatzeko sozietate publikoak babeseko pisuak salmentan jartzeko kalifikatzeari utziko dio datorren urtean, 2020 urteko Etxebizitza Legeak ezarritakoa betez. Hala jakinarazi da ofizialki pasa den astean egindako sozietatearen Administrazio Kontseiluan. Bertan aztertu zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sustatutako 2018-2020 Etxebizitzarako Gida Plana aztertzea, Visesa bertara atxikituta baitago. 

Hala, Visesak 2020 urtetik aurrera egingo dituen kalifikazio berriak babeseko alokairurako etxebizitza publikorako baino ez dira izango, Alokabideren eskaintzan txertatzeko edo udalekin adostutako mota horretako operazioak egiteko. Etxebizitza Sailak, hala, 2015ko Etxebizitza Legearen laugarren xedapen gehigarria beteko du, horrek ezartzen baitu politika publikoak alokairura bideratzeko epea. Ildo horretatik, ezartzen du alokairura bideratuko den baliabideen portzentajea ehuneko ehunera haziko dela legea argitaratu eta bost urteko epean, eta epe hori hurrengo urtean amaituko da.

Hortaz, Visesak salmentara bideratutako babeseko etxebizitzen azken promozioak egun abian dituenak edo araubide horren arabera adierazi data baino lehen kalifikatzea aurreikusi dituenak izango dira.

Etxebizitza Sailak, zuzenean dagozkion promozioetan, salmentara bideratutako pisuak eraikitzeari utzi zion legealdi hau hasi zenetik, 2018-2020 Gida Plana alokairu soziala lehenesteko lege-agindura egokituta.  Ildo horretatik, Visesak bere jarduera norabide horretara zuzendu du, egun abian dituen proiektuek ahalbidetzen zioten markoaren baitan edo autonomia erkidegoko udalerriekin aurrez adostutako hirigintza-konpromisoen baitan. Kontuan hartu behar da etxebizitza-operazioaren batez besteko iraupena, lurzorua kalifikatzetik pisuak okupatzen direnera artekoa, lau urte ingurukoa dela eta, beraz, promozio horietako batzuk eraikitzen ari dira edo aurrez hasi eta obrak hastear daude.

1922 urtean jarduerari ekin zionetik, Visesa sozietate publikoak, guztira, babes ofizialeko 15.283 etxebizitza eraiki ditu Autonomia Erkidegoan, eta Euskadiko promotore nagusia da. Eraikitako pisu gehienak (% 74,6) salmentarako izan dira, eta modalitate hori izan du ardatz merkatuak Euskadin. Hala ere, alokairua sozietate publikoaren jardueran hazten joan da, 2004an alokairurako lehenengo 228 etxebizitzak eskaini zituenetik.

Joera hori erabat aldatu da Etxebizitza Legea indarrean sartu zenetik. Egungo legealdia hasi zenetik, Visesak kalifikatutako etxebizitzen % 55,6 babeseko alokairura bideratu ditu, eta gainerako % 44,4a salmentara.