Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila

Zerbitzu Zuzendaritza

Titularra: María Teresa Amezqueta Alegría

DONOSTIA-SAN SEBASTIAN, 1
01010 VITORIA-GASTEIZ ( ALAVA)

Tlf.: 945018230 Ext. 18230
Faxa: 945019978

Agintaldia: 2015/09/07 - 2016/12/15
Inprimatu

EGINKIZUNAK
  1. Zerbitzu Zuzendaritzari dagokio, zuzenean eta hierarkian sailburuaren menpe, eskumen hauek erabiltzea:
    1. Laguntza tekniko, juridiko eta administratiboa ematea Saileko sailburuari.
    2. Saileko aholkularitza juridikoa, gainerako zuzendaritzekin lankidetzan. Hor sartzen da: a) Sailari eragiten dioten gaiei buruzko araudia, azterketak eta txosten juridikoak zuzentzea eta egitea, b) dokumentazio-zerbitzuak eta izaera juridikoko dokumentu-oinarriak kudeatzea eta c) nahitaezko legezkotasun-txostenak igortzea, beste organoei esleitu zaizkienak salbu. Gainera, aholkularitza-organoei eta Sailera atxikitako gainerako erakundeei lankidetza eta babesa emango die.
    3. Jurisdikzio-prozeduren jarraipena eta kontrola egitea eta Auzibide Zuzendaritzarekiko harremana zaintzea Sailak parte hartzen duen gaietan, eta, halaber, gai horien gaineko ebazpenen jarraipena eta kontrola egitea.
    4. Jaurlaritzaren Kontseiluari edo bere organo eskuordetuei aurkeztu behar zaizkien espediente eta gaiak tramitatu eta kontrolatzea, bai eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edo beste edozein egunkari ofizialetan argitaratu behar diren xedapenak eta administrazio-ekintzak tramitatu eta kontrolatzea ere.
    5. Saileko zerbitzu orokorrak antolatzea eta administratzea, sailburuordetza eta zuzendaritzen sistemak eta lan-metodoak koordinatzea, eta Sailak Jaurlaritzako beste atalekin dituen administrazio-harremanak koordinatzea.
    6. Kontratazio-espedienteak tramitatzea.
    7. Sailaren eskumeneko arloetan ekonomiari buruzko azterlan eta memoriak programatzea, koordinatzea, eta, hala badagokio, egitea.
    8. Europar Batasuneko Nekazaritza Politika Bateratuak eragindako gastuen Erakunde Ordaintzailearen kontabilitatea, arau komunitarioen eremuaren barruan.
    9. Unean-unean indarrean dauden diru-laguntzen egitarauekin bat etorriz, laguntza edo diru-laguntzen banaketa sailaren ardura izanez gero, delako laguntza edo diru-laguntza horien erabilera egokia bermatzeko behar diren ekintza guztien kudeaketa proposatu eta gauzatzea, Saileko zuzendaritzekin lankidetzan.
    10. Sailari dagozkion eskumenak kudeatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiarekin, antolaketarekin eta informatikarekin lotutako gaietan, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiarekiko harremanak kudeatzea ere.
    11. Sailaren jardueraren inguruan sortzen diren ondare-erantzukizuneko prozedurak hastea eta bideratzea.
    12. Sailari atxikitako langileen buruzagitza baliatzea eta arlo horri buruzko gaiak kudeatzea, langileen prestakuntza eta hobekuntzarako plan eta programak sustatuz, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea/Instituto Vasco de Administración Pública (HAEE/IVAP) erakundearekin lankidetzan.
    13. Euskara-atalaren bitartez, Sailean euskararen erabileraren normalizazioa eta langileen euskalduntze-prozesua sustatzea. Euskara-atalak aplikatu beharreko hizkuntza-irizpideak zehaztuko ditu eta horien jarraipena egingo du, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren irizpideei jarraikiz. Atal horrek, halaber, eta sailari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Erabilera Normalizatzeko V. Planaren jarraipena egingo du, bai eta Urteko Kudeaketa Planarena ere, eta, gainera, VI. Normalizazio Planaren helburuak zehaztuko ditu.
    14. Sailak langile-premien inguruan egindako aurreikuspenak ebaluatzea, eta Sailaren plantillak eta lanpostu-zerrendak lantzeko proposamenak egitea.
    15. Lanpostuen banaketa fisikoarekin, ekipamenduarekin eta eraberritze-lanekin zerikusia duten Saileko unitate guztien jardunak zuzentzea; hala ere, Herri Administrazio eta Justizia Sailari gai honetan esleitutako eskumenak errespetatuko dira. Saileko bulegoen barne-erregimena zaindu eta babestea, eta Sailari atxikitako ondarea eta bere ekipamenduak administratu eta kontserbatzea.
    16. Saileko beste organoekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko organo eskudunekin batera koordinatuta, Saileko zerbitzuen eta Sailean erabiltzen diren lan-sistemen eta metodoen barne-antolaketa, arrazionalizazioa, aplikazio informatikoak, administrazio digitala eta informatizazioa lortzeko proposamenak egitea.
    17. Erregistro Orokorra, Artxibategia eta Sailaren gainerako dokumentazio-zentroak kudeatzea.
    18. Sailean kalitate-ereduak diseinatu eta garatzea.
    19. Organo eskudunak administrazioaren berrikuntzaren eta modernizazioaren arloan egindako ekimen eta ildoak garatzeko eta gauzatzeko beharrezkoa den euskarria bermatzeko ardura duen organo gisa jokatzea.
    20. Sailean herritarrentzako informazio- eta arreta-zerbitzuek ahal denik eta ondoen funtzionatzen dutela bermatzea (arretarako 2. eta 3. maila), eta Zuzenean-Herritarren Arreta Zerbitzuarekin dauden harremanak egokiro antolatzea, beren eskumeneko arlo desberdinetan solaskide operatiboak daudela bermatuz.
    21. Informazio-, estatistika-, azterketa- eta analisi-sistemen arloan kudeaketa eta koordinazioa gauzatzea.
    22. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta Eusko Jaurlaritzak onetsitako Berdintasunerako Planean aurreikusitako neurriak betetzeko, zuzendaritza desberdinak eta Sailaren arloak sustatzea, koordinatzea eta beraiekin lankidetzan aritzea, bai eta organismo, erakunde, sozietate eta organoekin lankidetzan aritzea ere, betiere eta zuzendaritzara atxikita badaude.
    23. Sailaren Segurtasun eta Osasun Unitatearen jardunak zuzentzea, betiere eragotzi gabe Prebentzio Zerbitzuak bere eskumenak betetzea.
  2. Zerbitzu zuzendaria sailaren kontratazio-organoa izango da, eta, berari dagokio, halaber, entitateekin prestazio jakin bat hitzartzeko negozio juridikoak egitea, betiere, sektore publikoaren kontratazio-arauetan ezarritakoarekin bat, entitateok Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren baliabide propio eta zerbitzu teknikotzat hartuak badaude. Bi kasuetan, gastua egiteko baimena eman beharko du, gainera.
  3. Zerbitzu zuzendariari atxikitzen zaio sailaren Estatistika Organo Espezifikoa.
  4. Zerbitzu zuzendariaren egitekoa da, orobat, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan dagokion jardun-arloan esleitutako diru-laguntza izendunak ematea.
  5. Zerbitzu zuzendariari dagokio Sailaren aurrekontu-aurreproiektua prestatzea, horren segimendua koordinatzea, gastuak xedatzeko eta obligazioak hartzeko eragiketak gauzatzea, eta, oro har, Sailaren ekonomia eta aurrekontua kudeatzea. Zuzendari horrek, halaber, koordinatu egin beharko ditu erakunde autonomoen, zuzenbide pribatuko ente publikoen eta sailari atxikitako gainerako sozietate publikoen aurrekontuak, eta Sailaren aurrekontuarekin bat datozela zaindu.