Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila

Ordutegi malgua

Imagen Medidas Flexibilidad Horaria

Ordutegi malgua

Langileek 8 ordutako jarduna dute, baina sartzeko eta irteteko ordua erabaki dezakete.

LABURPENA

Lanaldia zein ordutan hasi eta amaitzen den aukera daiteke, aldez aurretik adostutako ordutegi-tarte baten barruan, eta betiere lan-orduak betez.

HELBURUA

Langileek autonomia handiagoa izango dute bere denbora kudeatzeko eta, horrela, familia eta lan erantzukizunak bateragarri egitearen arazoak gutxiagotzen dira.

FUNTZIONAMENDUA

Formula hori gauzatzeko lanera sartzeko (adibidez, goizeko 8etatik 9etara bitartean) eta irteteko (adibidez, arratsaldeko 5etatik 6etara bitartean) ordutegi-tarte bat ezarri behar da, horrela bere lanaldia antolatzen du langileak, bere behar familiar eta pertsonaletara hobeto egokitzen diren ordutegi horien barruan.

Neurri hau modu ezberdinetan jar daiteke abian, enpresaren jarduera, ordutegia, langileen lanpostuak e.a. kontutan izanda baina, oro har, gomendagarria da bestelako neurri batzuekin konbinatzea; hala nola, areto-jangela edo espazio bat sortzea (lotura jangelaren neurriarekin), non langileek etxetik dakarten janari prestatua har dezaketen, horrela, bazkaltzeko atsedenaldiak gutxitu daitezen.

AHOLKUAK

Ordutegi malguak ondo aplikatzeko aholkuak:

  • Zehaztu sarrera- eta irteera-orduen tarteak bai lanaldi etenetarako, eta baita trinkoetarako ere (adibidez, ordu bat sarrera-orduaren ondoren eta ordu bar irteera-ordua baino lehen).
  • Zehaztu ordutegi-tartea, lanpostuan ezinbestean egon beharreko lanaldi eten nahiz trinkoetan.
  • Zehaztu bazkaltzeko denbora-tartea trinkotzeko aukera dagoen eta bazkaltzeko gutxieneko eta gehieneko denbora ezarri (adibidez, gutxienez 30 minutu eta gehienez ordubete).
  • Halaber, zehaztu nola berreskuratuko den denbora sarrera- eta irteera-orduen arabera. Esate baterako, honela zehaztu daiteke:
    • Lanaldian zehar berreskuratzea.
    • Astean zehar berreskuratzea.
    • Hamabostaldian zehar berreskuratzea.

ONURADUNAK

Plantila osoa

Bazkaltzeko denbora murriztea

Bazkaltzeko denbora murrizten da, horrela irteteko ordua aurreratzeko.

DESKRIBAPENA

Neurri honen bitartez murriztu egiten da bazkaltzeko denbora, irteera-ordua aurreratzeko (oso ohikoa europar ordutegietan), langileek beren familiaz eta astialdi eta garapen pertsonalaz erabat gozatzeko aukera izan dezaten.

Bazkaltzeko etenaldiak, gehienez 2 ordutakoak izan daitezke eta lanaldiak beharrik gabe luzatzen dituzte. Horri gehitu behar zaio asko bazkaldu ondoko logurak (hau da, lehen platera, bigarrena, postrea, kafea... izan ondoren) lan-errendimendua gutxitzen duela.

Orduan, zein da bazkaltzeko behar den denbora-tarte egokiena?

Adibidez, Espainian Ordutegiak Arrazionalizatzeko Elkartea (AROE) gehienez 45 minutu ematearen alde dago, horrek posible egiten baitu bazkari orekatu eta arin izatea, ondoren pisutasunik gabe lanean jarraitzeko.

HELBURUA

Bazkaltzeko denbora murriztuz gero, lanaldia laburtu daiteke eta, ondorioz, langileek autonomia handiagoa izango dute bere denbora kudeatzeko. Eta horrek gogobetetzea eta produktibitatea handitzen ditu lanean eta, alderantziz, absentismoa jaisten du.

FUNTZIONAMENDUA

Pertsonek bazkaltzeko tarte bat dute, eta osorik edo partzialki erabil dezakete. Erabilitako denboraren arabera, irteteko ordua aurreratzeko aukera dute.

AHOLKUAK

  • Zehaztu bazkaltzeko gehieneko eta gutxieneko denbora-tartea. (adibidez, gutxienez 30 minutu eta gehienez ordubete).
  • Ezarri bazkaltzeko ordutegi-tartea (adibidez, 13:30etik 15:30era).

ONURADUNAK

Plantila osoa

Azken eguneratzea: 2014/01/14