Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Usagarritasuna

Sarrera

Usagarritasunak neurtzen du web interfazeen erabiltzeko erraztasuna. Jakob Nielsenek, usagarritasun aditu garrantzitsuena honela definitzen du: "Usagarritasuna ezaugarri bat da, eta neurtzen du webgune bat zein intuitibo eta erabiltzeko erraza den erabiltzaile arrunt batentzat". Hori neurtzeko, hiru irizpide erabiliko dira:

  • Eraginkortasuna: erabiltzaileak nahi duena lortzen duenetz.
  • Asebetetzea: nabigatzea gozagarria denetz.
  • Efizientzia: erabiltzaileak nahi duen hori azkar lortzen duenetz.

Interneten usagarritasuna behar-beharrezko ezaugarria da. Webgunea erabiltzeko zaila bada, beren helburuak erakusten ez baditu, erabiltzaileak galduta sentitzen badira orduan webguneak huts egiten du.

Usagarritasun oinarri nagusiak

Usagarritasuna oso konplexua da, eta "erabiltzailearen esperientzia" hartzen du kontuan. Ia ezinezkoa da laburbiltzea usagarritasunaren teknika guztiak, baina oinarri nagusi batzuk egon badaude, Jakob Nielsenek berak asmatutakoak eta onarpen zabala dutenak:

Sistemaren egoera erakutsi behar da

Webgunean zer gertatzen ari den erakusti behar zaio erabiltzaileari. Adibidez, erabiltzaileak inprimaki bat ondo bete eta bidali badu sistemak horren berri eman beharko dio. Fitxategi bat gora kargatzen ari bada horrela azalda behar zaio. Finean, saihestu behar dugu erabiltzaile askok maiz egiten duten galdera: "Zer gertatzen ari da?"

Sistemaren eta mundu errealaren arteko komunztadura

Ez erabili erabiltzaileak ulertuko ez dituen hitzak. Terminoren bat zaila edo zalantzazkoa denean bere esanahia azalduko dugu, batez ere elementu hori garrantzizkoa bada (gure erabiltzaileek ez dute zertan jakin zer den "Gora jotzeko errekurtsoa").

Erabiltzailearen askatasuna

Sarritan, erabiltzaileek akatsak egiten dituzte eta, horren ondorioz, nahi ez zuten orrialdetara heltzen dira. Kasu horietan, tresnak eta baliabideak eskaini behar dizkiegu . Kalitatezko nabigazio sistema gargi batek (menuak, "ogi apurrak", etab.) lagunduko die bilatu ez duten egoera horretatik irtetzen.

Sendotasuna eta estandarrak

Jarraitu interneteko estandarrak eta ohiturak. Webgunearen nabigazioa eta mezuek homogeneoak izan beharko lukete. Horrez gain, originaltasuna ez da beharrezkoa, beraz, Interneent erabiltzen diren ohiturak erabiltzea zeharo gomendagarria da (adibidez, RSSen ikonoa aski ezaguna da, ez da beharrezkoa ikono berria sortzea)

Aurrea hartu akatsei

Sortu erabiltzailearen akatsei aurrea hartuko dien diseinua. Adibidez, inprimaki batean bete beharreko eremuak eta eremu horien formatua argi utzi beharko dugu erabiltzaileak akatsak egin ez ditzan.

Antzematea, ez gogoratzea

Erabiltzaileek ez lituzkete euren ekintzak gogoratu behar; argi eta azkar antzeman beharko lituzkete egin beharreko ekintza horiek. Horretarako, ekintzak, objektuak eta aukerak bisualki nabarmenduko ditugu.

Malgutasuna eta eraginkortasuna

Sortu lasterbideak erabiltzaile aurreratuentzat. Adibidez, erabili "Accesskey" bezalako elementuak teklatu-lasterbideak sortzeko.

Diseinu estetiko eta minimalista

Erakutsi bakarrik garrantzitsua dena, erabili diseinu garbi bat. Garrantzitsua ez den elementu bakoitzak garrantzia kentzen dio benetan garrantzitsua denari. Web diseinuaren urrezko arau bat hauxe da: "Gutxiago gehiago da".

Lagundu erabiltzaileei akatsak antzematen eta horien aurrean erreakzionatzen

Akatsak daudenean ez erabili hitz teknikoak; horren ordez, erabili erabiltzaileek ulertuko duten hizkuntza, akatsa deskribatzeko eta konpontzeko balioko duena. Adibidez, inprimaki bateko daturen bat ez bada zuzena, orduan horrela identifikatuko dugu, eta datu hori era zuzenean nola sartzeko jarraibideak eman. Beste adibide bat izan daiteke akats-orriena, non ez den gomendagarria mezu teknikoak azaldu ("404 page not found", adibidez) erabiltzea.

Laguntza eta dokumentazioa

Sortu erabiltzaileari laguntzeko testuak eta azalpenak, bai laguntza-orriekin bai testuinguru-laguntzarekin.

Erlazionatutako artikuluak