Segurtasun zerbitzuen kostu efektiboa

Ertzaintzaren zaintza eta babes bereziko aparteko zerbitzuak jendaurreko ikuskizun jendetsuetan. Ertzaintzak kirol-probetan eskolta-, zaintza- eta babes-lanak egitea.

  • Zerbitzuen kostua aldagarria da: erabili beharreko giza- eta gauza-baliabideen araberakoa, eta zerbitzuaren prestazioan emandako denboraren heinekoa.
  • Tarifa bat kobratzen da tasaren erregulazioan zehazturiko kasuetan; hain zuzen ere, zerbitzuaren prestazioan esku hartu duen funtzionario bakoitzak eman duen ordu bakoitzeko 31 euro.
  • Honako hau izango da ekitaldi-egun bakoitzean likidatu beharreko gehieneko denbora: ekitaldiak irauten duen denbora osoa eta, hala balegokio, ekitaldia hasi aurreko eta bukatu ondorengo ordua. Ez da muga hori aplikatuko zaletu eta kirol-klubei emandako eskolta- eta laguntza-zerbitzuen likidazioa egiteko.

Pertsonen bilaketa-, salbamendu- edo erreskate-zerbitzuak

  • Zerbitzuen kostua erabili beharreko giza- eta gauza-baliabideen araberakoa da, eta zerbitzuaren prestazioan emandako denboraren heinekoa.
  • Tarifa bat kobratzen da tasaren erregulazioan zehazturiko kasuetan, eta, kuota zehazteko, bi faktore hartuko dira kontuan: batetik, zerbitzua emateko erabilitako profesionalen eta bitarteko materialen kopurua, eta, bestetik, zerbitzuaren prestazioan emandako denbora. Gehienez ere lau orduko tartea likidatuko da.
    • Giza baliabideak (pertsona bakoitzeko): 36 euro orduko.
    • Bitarteko materialak:
      • Ibilgailu bakoitzeko: 38 euro orduko.
      • Helikoptero bakoitzeko: 2.093 euro orduko.
      • Ontzi bakoitzeko.
        • 18 metroko edo gutxiagoko luzera dutenak: 383 euro orduko.
        • 18 metrotik gorako luzera dutenak: 2.017 euro orduko.

Tarifa horiek finkatzeko, kontuan hartu ziren zuzeneko eta zeharkako kostuak, zerbitzua mantentzeko eta arrazoizko garapena bermatzeko beharrezko direnak, eta, era berean, jardueretatik eratortzen diren kostu edo onura sozialak. Kuantifikazioa zehazteko, hauek biderkatu ziren: zerbitzua emateko mobilizatutako funtzionario kopurua, antolakuntzak zenbat ordu iraun duen eta Administrazioari guztira kostatzen zaion funtzionarioaren orduaren balioa. Lortutako kopuruari gehitu behar zaizkio erabilitako bitarteko materialen eta tresnerien kostuak, eta prestaketari, plangintzari eta kontrolari dagozkionak.

Polizia-zerbitzu berezien kasuan, erreskate- eta salbamendu-tasan ez bezala (ontziak edo aireko baliabideak erabili beharrak kostu handia baitakar), ez ziren kontuan hartu bitarteko materialen kostuak; izan ere, zer nolako antolakuntza edo dispositibo den ikusita, txikiak dira giza-baliabideak zabaldu beharrak dakarren kostuarekin konparatuta. Gainera, zaila gertatzen da kostu hori kuantifikatzea tasa likidatzeari dagokionez, kontuan hartzen badira erabilitako ibilgailuaren eredua, erregaiaren kostua, olio-aldaketa, eta ibilgailuaren konponketak eta urteak.

Polizia-zerbitzu berezien kasuan, funtzionarioko eta orduko kostua kalkulatzeko, hau hartu da kontuan: tasa ezarri zen urteko orduko balioen batez bestekoa. Izan ere, aintzat hartu zen antolakuntza edo dispositibo horietan agente-mailako funtzionarioak hedatzen direla gehienbat (dispositiboko giza-baliabideen % 80 eta 95 bitartean), eta, normalean, tasapeko ekitaldiak gauez edo jaiegunez egin ohi direla. Arrazoi horiek direla eta, tasaren tarifa zehazterakoan, posible da kalkulua erraztea, batez beste funtzionarioko 23 euroko tarifa bakarra ezarriz, esandako tasa funtzionarioen kategoriaren edota ekitaldiaren orduaren edo egunaren arabera bereizketak eginez likidatu beharrik gabe. Funtzionarioaren orduaren batez besteko ordainsari-zenbateko horri kostu sozialak gehitu behar zaizkio (% 33, batez beste); hau da, kalkulua biribilduz, 31 euroko kuota ateratzen da, funtzionarioko eta orduko.

Erreskate- eta salbamendu-tasaren batez besteko kalkuluari dagokionez, orduko 36 euro jotzen du, kontuan harturik polizia-funtzionarioez bestekoek ere hartzen dutela parte, hala nola babes zibileko goi-mailako teknikari funtzionarioak, medikuak, eta abar.