Lan eta Justizia Saileko 2019 urterako diru-laguntzen plan estrategikoa

Helburuak

1.- SARRERA

Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrak, zioen azalpenean oro har, eta zehazki 8. artikuluan, xedatzen du administrazio publikoetako organoek Diru-laguntzen Plan Estrategikoa egiteko betebeharra dutela. Plan horretan zehaztuko dira aplikatzean lortu nahi diren helburuak eta ondorioak, helburuak lortzeko epea, aurreikusten diren kostuak eta finantzabideak. Bestalde, publikotasunaren, gardentasunaren, lehiaren, objektibotasunaren, berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak bermatuko dira. Era berean, helburuetan efikazia izatea bermatuko da, eta baliabide publikoen esleipen eta erabileran efizientzia izatea.

Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 8. artikulu hori, halaber, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorrerako onartutako Erregelamenduak garatu du, zeina oinarrizkoa baita Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren bigarren azken xedapenean eta aipatu errege-dekretuaren azken xedapenetako lehenengoan xedatuaren arabera —salbuespen dira xedapen horietan zerrendatutako aginduak—.

Estatuko araudi hori Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera-esparruan izan beharreko aplikazio eztabaidatsuari dagokionez, Herri Administrazio eta Justizia Saila izandakoaren barruko Lege Garapen eta Arau Kontrolerako Zuzendaritzak egindako txosten batek honako hau dio bere kontsiderazio juridikoetan:

«17. Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak (aurrerantzean EAEAN) ez du ukatzen 38/2003 Legea Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatu behar denik, baina Lege horren 8.1 artikuluan aipatzen den "diru-laguntzen plan estrategikoa" ez du ezinbesteko baldintzatzat jotzen du EAEko udalerrietako diru-laguntzen deialdiak baliozkoak izan daitezen (…)

(…) Alabaina, Auzitegi Gorenak (aurrerantzean AG) EAEANren epaiekin bat datozen hainbat epai eman ditu (besteak beste, 2012ko ekainaren 26ko eta abenduaren 4ko epaiak, eta 2013ko urtarrilaren 28ko eta apirilaren 16koak), eta, horietan, 38/2003 Legearen 8.1 artikuluari dagokionez, honako irizpide hau ezarri du: “Agindu horretatik, ahalegin dialektiko handirik egin behar izan gabe, bi ondorio hauek atera daitezke: Plan Estrategikoa edozein diru-laguntza ezarri aurrekoa da; eta agindua nahitaez betetzekoa eta kategorikoa da. Aginduan xedatzen da nahitaezkoa dela Plan Estrategikoa aldez aurretik aurkeztea, eta, gure ustez, aginduaren idazketa ez da saihetsekoa eta sistematikoa, auzialdiko epaiak dioen moduan; baizik eta diru-laguntza arautu aurretik bete beharreko funtsezko betekizuna. Beraz, beharrezkoa da, baiki, plana formalizatzea edo gauzatzea, eta, hori modu jakin batean egitea eskatu ezin bada ere, identifikatzeko moduko era batean zehaztu beharko da." EAEANek jurisprudentzia hori ezarri du geroko epaietan (hala nola, 2012ko azaroaren 6ko eta 2014ko otsailaren 18ko, urriaren 29ko eta abenduaren 19ko epaietan). Baina EAEko udalek egindako diru-laguntzen deialdiak dira horiek, eta beraz, ez dira sartzen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren 48. artikuluaren eta hurrengoen aplikazio-eremuan. Epai horietan Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioari buruz esaten denaren arabera, 38/2003 Legea aplikagarri zaio EAEko Toki Administrazioari.

18.- EAEANk administrazio autonomikoaren diru-laguntzen deialdien aurka aurkeztutako errekurtsoak ebazteko ere aplikatu izan du 38/2003 Legea (besteak beste, EAEANren 2009ko irailaren 16ko epaia –AGren 2013ko abenduaren 23ko epaiak berretsia– eta 2014ko irailaren 16koa eta azaroaren 10ekoa); baina Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren 48. artikuluan eta hurrengoetan bildutako autonomia-erkidegoko araudia ere aplikatzen du, bata edo bestea lehentasunez aplikatzeari buruzko inolako aipamenik egin gabe. Goi-mailako kirol-lehiaketak antolatzeko diru-laguntzetarako deialdia egiteko eta deialdi hori arautzeko Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak 2013ko uztailaren 31n emandako Aginduaren aurka Estatuko abokatuak aurkeztutako errekurtsoak eragin du auzia. EAEANren 2015eko urtarrilaren 21eko epaian AGk lehen aipatutako epaietan finkatutako doktrina (gogora dezagun, EAEko udalerriek egindako diru-laguntzen deialdiei buruzkoa) biltzen da, 38/2003 Legearen 8.1 artikulua nahitaez aplikatzeari dagokionez; eta honako hau gehitzen du: "Auzitegi Gorenaren adierazpenen irmotasunak ez du baliogabetzen 38/2003 Legearen Hogeita bigarren Xedapen Gehigarriaren edukia ... zeren... arauak ez baitu Euskal Autonomia Erkidegoa bere aplikazio-eremutik kanpo uzten; aitzitik, arauaren aplikazioa berresten du, eta, hura aplikatzean, Autonomia Estatutuaren eta Lurralde Historikoen araberako antolamendu eta eskumenen esparruko berezitasunak errespetatu beharko dira. Gai horri dagokionez, sala honek ez daki EAEko autonomiaren zer alderdi izan den kaltetua, zer alderdi ez den errespetatu, diru-laguntza ezarri aurretik plan estrategikoa egiteko betebeharra ezarri denean, eta zaila izango da horretaz jabetzea, demandatuak berak onartzen baitu azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen duena) jasotzen diren printzipioak erabat pareka daitezkeela argudiotzat aipatu den Estatuaren arauan xedatutakoarekin". Argudiaketa horretan oinarrituta, adierazten du inpugnatutako Agindua baliogabea dela, diru-laguntza onartu aurretik Plan Estrategikorik ez izateagatik ordenamendu juridikoarekin bat ez datorrelako”.

Txostenak ondorioztatzen du Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorra zuzen aplikatzekoa dela gure autonomia-erkidegoan: «Estatuko oinarrizko araudia (38/2003 Legearen azken xedapenetako lehenengoan “Estatuko oinarrizko legedia” esamoldea erabiltzen da, eta ez du bereizten Estatuak, bere eskumen esklusiboak baliatuz, ematen duen arauditik), printzipioz, EAEn zuzenean aplikatzekoa d(el)a. Araudi horretako aginduren bat ez aplikatzea gertatuko balitz, Euskal Autonomia Erkidegoko foru-erregimen berezia arautzen duen xedapenen batekin bateraezina dela argudiatu beharko litzateke, txosten honen gorputzean azaldutakoaren arabera”.

Horregatik guztiagatik, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailak diru-laguntzen plan estrategiko hau egin du Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorrean xedatuaren arabera, eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak diru-laguntzen plan estrategikoak egiteaz emandako jarraibideak kontuan hartuta.

Diru-laguntzen Plan Estrategikoa kudeaketa-tresna programatikoa da, eta ez du arau-mailarik. Beraz, ez dakar ez eskubiderik ez betebeharrik balizko onuradunentzat. Plana eraginkorra izateko, diru-laguntzen lerroak abiarazi beharko dira, betiere eta, besteak beste, ekitaldi bakoitzeko aurrekontu-baliabideak aintzat hartuta.

Era berean, plana sustatu duen sailak egindako jarraipen-txostenen eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egindako txostenen arabera, diru-laguntzen lerro batzuk aurreikusitako helburuen lorpen-mailara edota inbertitutako baliabideen araberako lorpen-mailara iristen ez badira, aldatu eta horien ordez eraginkorragoak edo efizienteagoak diren beste batzuk ezarriko dira, edo, hala badagokio, kendu.

 

2.- ESPARRU SUBJEKTIBOA ETA DENBORAZKOA

Plan honek Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailak honako hauek betez kudeatzen dituen diru-laguntzak jasotzen ditu: Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 16. artikuluan jasotako eskumenak.

Denborazko esparruari dagokionez, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 11.4 artikuluaren arabera, diru-laguntzen plan estrategikoak 2018. urterako aurreikuspenak jasoko ditu, eta Zuzenbidean lizentzia dutenentzako laguntzak, karrera judizial eta fiskalean eta Justizia Administrazioko letraduen kidegoan sartzea prestatzeko 2019. urterako deialdia, aurretiaz izapidetzekoa baita”

 

3.- HELBURU OROKORRAK

Diru-laguntzen plan estrategikoa egitean, honako helburu orokor hauek lortu nahi dira:

1.- Sail honi tresna bat ematea, sailaren eskumeneko gaiekin zerikusia duten interes publikoko edo interes sozialeko jarduerak sustatzea xede duten politika publikoen plangintza egin dezan.

2.- Ekonomia- eta finantza-ikuspegitik, kudeaketa-tresna uniformeagoak zehaztea, diru-laguntzen efikazia eta efizientzia hobetu ahal izateko.

3.- Informazio publikoan sarbidea izan ahal izatea gobernamendu onaren gardentasunaren eta praktiken ikuspegitik.

Askotariko helburuak bete nahi ditu sail honek sustapen-jarduerarekin, aipatu 24/2016 Dekretuak esleitutako eskumen-eremuak kontuan hartuta.

 

Legegintzaldia

XI. Legegintzaldia