2017ko Segurtasun Sailaren Diru-laguntzen Plan Estrategikoa

Helburuak

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8. artikuluak ezarritakoaren arabera, diru-laguntzak proposatzen dituzten administrazio publikoetako erakundeek edo edozein erakundek, aldez aurretik, diru-laguntzen plan estrategiko batean zehaztu beharko dituzte berau aplikatzean lortu nahi diren helburuak eta ondorioak, baita horiek lortzeko epea, aurreikusten diren kostuak eta haiek finantzatzeko iturriak ere; betiere, aurrekontu-egonkortasunaren helburuak beteko direla bermatuta.

Horrez gain, zehazten du lortu nahi diren helburuek merkatuari eragiten diotenean argi eta garbi identifikatutako akatsak zuzentzera bideratu behar dela, eta bere ondorioek ahalik eta distortsio txikiena eragin behar dutela. Lege horrek aipatzen duen dirulaguntzen kudeaketa egiteko honako printzipio hauei jarraituko zaie:

  1. Publikotasuna, gardentasuna, aldiberekotasuna, objektibotasuna, berdintasuna eta ezbaztertzea.
  2. Eman duen Administrazioak finkatutako helburuak lortzean izandako efikazia.
  3. Baliabide publikoak esleitzeko eta erabiltzeko eraginkortasuna. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren alorrean, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren 01/2015 Zirkularrak, Diru-laguntzen Plan Estrategikoen elaborazioari buruzkoak, hainbat jarraibide eman ditu horiek ezinbestean egiteari begira. Segurtasun Sailak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak esleitutako eremuetako esparruan jarduten du.

Aipatutako Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren 01/2015 Zirkularrari jarraikiz, Segurtasun Sailaren 2017ko Diru Laguntzen Plan Estrategikoa onartu beharra dago.

Hori dela eta, jarraian Segurtasun Sailaren 2017ko Diru Laguntzen Plan Estrategikoa landuko da; lehenik eta behin adierazi behar da plana programatikoa dela, bere generoko beste planen moduan, eta beraz, edukiak ez duela ez eskubiderik ez betebeharrik sortzen. Planaren eraginkortasuna abiarazten diren diru-laguntza ildoen baldintzapekoa izango da eta hori, beste alderdi batzuen artean, ekitaldi bakoitzean dagoen aurrekontuaren araberakoa izango da.

Legegintzaldia

XI. Legegintzaldia

Garatzeko jarduerak eta baliabideak

Apirilaren 11ko 2/2017 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko 2017. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituenak, diru-laguntza izendun batzuk jasotzen ditu, eta beraz, ez dira plangintza honen helburu, Eusko Legebiltzarrak helburu zehatz baterako berariaz onartu baititu:

  • Euskal Autonomia Erkidegoko alderdi politikoentzako diru-laguntzak, funtzionamendu-gastu arruntei aurre egiteko: 4.536.000 euro
  • Aesleme eta AXA Seguros-ekin hitzarmena, mugikortasun segururako heziketari buruz: 24.000 euro
  • EHUrekiko lankidetza-hitzarmena: 99.648 euro
  • Gurutze Gorria: 453.600 euro
  • DYA: 137.000 euro
  • Laguntza-txakurren taldea: 36.000 euro
  • Espeleologiako euskal Federazioa: 15.000 euro
  • Euskal Mendizale Federazioa: 25.000 euro.

Horiekin batera, aurrekontuetan badira diru-laguntza bidezko teknikaren bidez ekimenak egiteko baliabideak.

Hala, adibidez, «Emergentziei arreta» programan badago «Larrialdi-egoeretarako udalentzako diru-laguntzei» bideratutako partida bat, handitu daitekeena, haren izaeragatik beragatik aurretik planifikatu ezin dena, ustekabeko larrialdietatik eratorritako egoerei erantzuten baitie.

Jakinarazi da ez zela ez Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren gastuen aurrekontuan (ohikoa zen bezala) ez Sailekoan jaso, 2017an Los Angelesen (Estatu Batuak) egingo den Polizien eta Suhiltzaileen Munduko Jokoetan parte hartzeko asmoa zuten Ertzaintzako kirolarientzako laguntzak emateko diru-laguntzen ildo bat.

Polizien eta Suhiltzaileen Munduko Jokoak (World Police and Fire Games) bi urtean behingo lehiaketak dira, estilo olinpikoan; 70 herrialde desberdinetako polizia-indarretako eta suhiltzaile-kidegoko 10.000 atleta inguruk parte hartzen du; lehiazko 60 modalitate baino gehiagotan lehiatzen dira, horietako batzuk jarduera profesionalarekin espezifikoki lotutakoak.

Ekimena 1967an jarri zuen abian San Diegoko (AEB) poliziaren burutzak, poliziazko funtzionarioei motibazio bat sortzeko eta hala haien funtzioetarako beharrezkoa den gaitasun fisikoari eusten jarraitzeko.

Jokoen helburua, alde batetik, kirolari esker mundu osoko polizien eta suhiltzaileen arteko esperientziak partekatzea da, segurtasuneko zerbitzu publikoen arteko laguntasuna sustatzeko; bestetik, adibidearekin forma fisiko eta profesional onari eutsi diezaioten motibatzea.

Polizien lanak egoera fisiko berezia eskatzen du; egoera fisiko berezi hori hautaketa-prozesuan jadanik kontuan hartzen da, baina horri ibilbide profesionalean zehar eutsi behar zaio.

Hori dela eta, Ertzaintzaren lan-baldintzen Akordio Arautzaileak, jadanik, mantentze fisiko egokia sustatzeko neurri gisa, edozein funtzionariok edozein motatako kirol-jarduera egitea jasotzen du, kirol-jarduera egiteko erabiltzen den kiroldegiko edo gimnasioko tarifen zati bat ordainduz.

Sustapen hori indartu egiten da World Police and Fire Games eta antzeko jarduera publikoetan parte hartzearekin; izan ere, hura bera, duen hedaduragatik, beste funtzionario batzuentzako eragingarri eta suspergarri baita, egunerokotasunean jarduera fisikoa eta kirola praktika dezaten, sasoian egoteko eta haien lan-esparruan errendimendua eta segurtasuna handitzeko.

Egiaztatu da polizia-lanarekin lotutako kirol-jarduera publikoetan parte hartzearen adibidea, batez ere komunikabideetan duen oihartzun publikoagatik, joan den urteetan parte-hartzearekin lortutako arrakastak kontuan hartuta, gainerako funtzionarioek kirol-jardueraren bidez gaitasun fisikoari eustearen komenigarritasuna ikustean eragiten duela, eta aldi berean, kirol-lorpenak taldearentzat gauza prestigiotsutzat hartzen direla.

Bizigarri hori oso komenigarria da, kontuan hartuta funtzionarioentzat jarduera fisikoa mantentzeko derrigorrezko programak ezartzeak lekarzkeen zailtasunak eta eragozpenak, eta agenteek behar bezalako egoera fisikorik ez izateak harreman zuzena izango lukeela laneko errendimenduarekin eta langilearen beraren osasunarekin.

Aitzitik, kirol-jarduerak eragin positiboa du lanarekin lotutako gaitasun fisiko zehatz batzuk hobetzean, gorputza mugitzeko gaitasun efizientean eta nekea kudeatzean, alderdi psikologikoak hobetzean, aurrez aurreko fisiko batean arriskuak murriztean eta osasunarekin harremanetan dauden alderdiak hobetzean.

Hori guztia lotuta dago «Ertzaintza Zerbitzuan» programaren aurrekontu-memorian, Ertzaintzako funtzionarioen osasunaren prebentzioa eta sustapena suspertzeari eta egungo errealitatearekiko egokia den segurtasun-zerbitzu integral bat lortzeko konpromisoari dagozkien aurreikuspenekin.

Hori dela eta, komenigarri iruditu zaigu «Ertzaintza Zerbitzuan» programaren 4. kapituluan partidak sortzea eta prestatzea aipatutako diru-laguntzen lerroari begira, eta zentzu horretan, 2017ko ekitaldirako Diru Laguntzen Plan honetan jasota dago, diru-laguntzen lerro hori abian jar dadin ahalbidetzeko.

Azken aldaketako data: