Gai zerrenda

2015/12/29 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.
Jaurlaritzak 432.000 ¿-ko diru-laguntza onartu du funtzio publikoan ordezkaritza duten sindikatuen jarduera finantzatzeko.
Itsaso eta arrantzaren sektoreko laneko osasuna eta langileen prestakuntza erregulatzen dituen espainiako arauaren aurkako errekurtsoa jarriko du Jaurlaritzak Konstituzio Auzitegian.
Konstituzio Auzitegiari bere epaiak betetzen ez dituztenei zigortzeko eta autonomia erkidegoetan bermerik gabe esku hartzeko ahalmena ematen dion erreformaren aurkako errekurtsoa jarriko du Eusko Jaurlaritzak.
ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.
16,9 milioi euro bideratuko dituzte lanean ari diren langileentzako prestakuntza programak sustatzeko.
8,94 milioi euro Zorrotzaurre urbanizatzeko lanetarako.
Errefuxiatuei Laguntzeko Euskadiko Batzordeari (CEAR-Euskadi) zuzeneko diru-laguntza bat emateko baimena eman du Eusko Jaurlaritzak, hark eraberean sarea finantza dezan.
«Asociación para la atención y promoción de colectivos en exclusión social - IZANGAI» elkartea gizarte-interesekoa dela aitortu du Eusko Jaurlaritzak.
OGASUN ETA FINANTZA SAILA X. LEG.
EAEko aurrekontu orokorrak onartzen duen Legeak aurreikusten duenaren arabera 2016rako zorpetzeko eragiketak egitea baimentzen duen dekretua.
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketaren Lege Proiektua.
San Mames Barria elkartearen kapital handitzea.
1,15 milioi euro Ikerbasque Fundazioarentzat, bikaintasuneko ikertzaileak erakartzeko programatarako.
60.000 euro CONFEBASK-ekin lankidetza sustatzeko.
120.000 euro Gestamp Tecnology Instituteari Lanbide Heziketarako.
OSASUN SAILA X. LEG.
Errezeta elektronikoaren ezarpena abian da Euskadiko zaharren egoitzetan eta egoitza soziosanitarioetan.
INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.
Gobernu Kontseiluak Autonomia-Erkidegoaren eta Sustapen Ministerioaren arteko hitzarmen bat onartu du, Itsas Etxeako lokal bat Getariako Itsas Barrutiaren egoitza gisa erabiltzeko.
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.

JAURLARITZAK 432.000 ¿-KO DIRU-LAGUNTZA ONARTU DU FUNTZIO PUBLIKOAN ORDEZKARITZA DUTEN SINDIKATUEN JARDUERA FINANTZATZEKO.

LABURPENA

• Zenbateko horrekin, Jaurlaritzak EAEko herri-administrazioko negoziazio-mahaian presentzia duten sindikatuen funtzionamendu-gastuak finantzatuko ditu.

Gobernu Kontseiluak 432.000 €-ko diru-laguntza zuzena onartu du, EAEko funtzio publikoan ordezkaritza duten sindikatuek beren negoziazio-jarduera gauzatu ahal izan dezaten Mahai Orokorrean eta mahai sektorialetan. Zenbateko horri esker, esku hartzen duten organoetan partaidetza sindikala finantzatu ahal izango dute, baita sindikatu batzuen lokal edota bitarteko materialen gabezia arindu ere.

Diru-laguntza honela banatuko da:

ELA 156.474,04 €
LAB 97.419,34 €
CC.OO 72.428,26 €
UGT 38.882,91 €
SATSE 25.750,58 €
SME 12.879,65 €
STEE-EILAS 14.400,68 €
ERNE 6.240,67 €
ESAN 1.985,67 €
SIPE 1.985,67 €
HITZA 3.552,53 €

Lan Harremanen Zuzendaritza arduratuko da sindikatuen laguntzak kudeatzeaz.
 

 

ITSASO ETA ARRANTZAREN SEKTOREKO LANEKO OSASUNA ETA LANGILEEN PRESTAKUNTZA ERREGULATZEN DITUEN ESPAINIAKO ARAUAREN AURKAKO ERREKURTSOA JARRIKO DU JAURLARITZAK KONSTITUZIO AUZITEGIAN.

Erabakia, zeinaren bidez baimena ematen baita lege honen zenbait aginduren aurka Konstituzioaren aurkakoak direla adieraziz errekurtsoa jartzeko: 47/2015 Legea, urriaren 21ekoa.

LABURPENA 

• Laneko osasuna babesteaz, sustatzeaz eta hobetzeaz eta prestakuntza-planak prestatzeaz Itsasoko Gizarte Institutua ardura dadila: horra hor Espainiako Gobernuaren helburua.
• Eusko Jaurlaritzak ohartarazi du Espainiako Gobernuak itsaso eta arrantzaren sektoreko laneko segurtasuneko, higieneko eta laguntzako Euskadiren eskumenak gutxiesten dituela –Gernikako Estatutuak biltzen ditu eta 1985, 1996 eta 2010. urteetan eskualdatu zitzaizkion–.
• Errekurtsoa jarri aurretik, Eusko Jaurlaritzak bere ustez Euskadiren eskumenak inbaditzen dituzten artikuluak «Euskadiren eta Estatuaren arteko Aldebiko Batzordean» negoziatzea proposatuko dio.

Jaurlaritzaren kontseiluak baimena eman du gaur urriaren 21eko 47/2015 Legeari, itsas- eta arrantza-sektoreko langileen babes soziala arautzen duenari, konstituzio-kontrakotasuneko errekurtso bat jartzeko, Gernikako Estatutuaren 12.2 eta 18. artikuluetan Euskadiri aitortzen zaizkion eskumenak urratzen dituelako, hau da itsasoaren sektoreko laneko osasunarena, segurtasunarena eta laguntzarena eta lanbide heziketakoa eta prestakuntzakoa.

Laneko osasuna babesteaz, sustatzeaz eta hobetzeaz Itsasoko Gizarte Institutua ardura dadila da Espainiako Gobernuaren helburua. Hain zuzen ere, halako jarduerez arduratzea: azterketa medikoak, osasun-baldintzen ikuskaritzak, itsasontzietako botikinen kontrola, langileen osasunaren zaintza, etab. Hala, Espainiako Gobernuak edukiz hustuko lituzke Euskadik laneko segurtasunaren eta higienearen arloan eta osasun-laguntzaren arloan dituen eskumenak, hurrenez hurren, 1985. eta 1996. urteetan eskualdatu zitzaizkionak(*).

Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoek ohartarazi dute Espainiako Gobernuak Itsasoko Gizarte Institutuari beste zeregin hauek ere esleitu dizkiola: itsasoko-arrantzako prestakuntza-planak onartzeko gaitasuna, prestakuntzaren onuradunak eta emateko lekuak zehaztekoa. Ondorioz, Euskadiri itsasoaren eta arrantzaren arloko prestakuntza-eskaintza diseinatzeko, planifikatzeko eta programatzeko gaitasuna aitortzen dion eskumena, 2010ean eskualdatu zitzaiona, gutxiesten du(**).

Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak itsas- eta arrantza-sektoreko langileen babes soziala arautzen duen 47/2015 Legearen, urriaren 21ekoaren, 38., 39.c) eta 41. artikuluen aurkako errekurtsoa jarriko du.

ALDEBIKO BATZORDEA

Errekurtsoa jarri aurretik, Eusko Jaurlaritzak bere ustez eskumenak inbaditzen dituzten artikuluak sei hilabetez «Euskadiren eta Estatuaren arteko Aldebiko Batzordean» negoziatzea proposatuko du, Konstituzio Auzitegiaren Lege Organikoaren 33.2 artikuluan xedatutako moduan.

(*) 1946/1996 Errege Dekretua, abuztuaren 23koa, Itsasoko Gizarte Institutua (IGI) erakundearen ardurapekoa den sanitate-laguntza arloko Gizarte Segurantzako egitekoak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen dizkiona.
2557/1985 Errege Dekretua, abenduaren 18koa, laneko segurtasunaren eta higienearen arloan Estatuak dituen zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruzkoa.
(**)1442/2010 Errege Dekretua, azaroaren 5ekoa, Itsasoko Gizarte Institutuak hezkuntza, enplegua eta enplegurako lanbide-heziketaren arloan dituen zereginak eta zerbitzuak eskualdatzeari buruzkoa.

 

  

KONSTITUZIO AUZITEGIARI BERE EPAIAK BETETZEN EZ DITUZTENEI ZIGORTZEKO ETA AUTONOMIA ERKIDEGOETAN BERMERIK GABE ESKU HARTZEKO AHALMENA EMATEN DION ERREFORMAREN AURKAKO ERREKURTSOA JARRIKO DU EUSKO JAURLARITZAK.

Erabakia, zeinaren bidez baimena ematen baita lege honen zenbait aginduren aurka Konstituzioaren aurkakoak direla adieraziz errekurtsoa jartzeko: 15/2015 Legea, urriaren 16koa.

LABURPENA

• Eusko Jaurlaritzak bidegabe, onartezin eta neurrigabetzat jo du Espainiako Gobernuak Konstituzio Auzitegiaren atribuzioak aldatu izana, Konstituzioari lotutako gainerako organoen gainetik jarri baitu eta Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluak xedatutako bermeez aparte autonomia-erkidegoetan esku-hartzeko gaitasuna eman diolako.
• Aldaketa horrek sistema politikoa aldatu, lurralde-oreka moldatu, 1978ko Konstituzioaren inguruan lortutako adostasuna hautsi eta, Konstituzioaren balioei dagokienez, inoiz ikusi gabeko krisialdi bat sortu duela ohartarazi du.
• Konstituzio Auzitegia erabat politizatzeak, pluraltasun politikoa defendatzen duten beste bizikidetza-eredu batzuk baztertzen dituen Estatu eredu baten alde, ospe gero eta okerragoa ematen diola adierazi du.

Jaurlaritzaren kontseiluak baimena eman du gaur konstituzio-kontrakotasuneko errekurtso bat jartzeko urriaren 16ko 15/2015 Legearen «esku-sartze bidegabe, oker, premiagabe, eta neurrigabeagatik». Lege horrek Konstituzio Auzitegiari buruzko 2/1979 Lege Organikoa, urriaren 3koa, erreformatzen du, Konstituzio Auzitegiaren ebazpenak betearazteko zuzenbidezko estatuaren berme gisa.

Espainiako Gobernuak Konstituzio Auzitegiari eman dion botereari esker Konstituzioarekin lotutako gainerako organoen gainetik jarri duela salatu du Eusko Jaurlaritzak, eta eragiketa hori 1978ko Konstituzioaren inguruan lortutako adostasunaren aurkakoa dela eta Konstituzioaren balioak baztertzen dituen eta inoiz ikusi gabeko krisialdia sortuko duela. Espainiako Konstituzioak berak auzitegi horri esleitu zizkion funtzioak goitik behera aldatu ditu, erakundea desnaturalizatzen du eta horretarako, gainera, «sistema politikoa nabarmen aldatzen du eta lurralde-botereen aurkako orekari eragiten dio».

Zehazki, errekurtsoa artikulu bakarraren 3. paragrafoaren, 4. paragrafoaren b eta c idatz-zatien eta 92. artikuluko 5. paragrafoaren aurkakoa izango da, Eusko Jaurlaritzak, besteak beste, uste duelako:

• Espainiako Gobernuak auzitegi horri eman dion ahalmena –hain zuzen ere, bere epaiak betetzen ez dituzten agintariei eta/edo langile publikoei isunak jarri, lanik eta soldatarik gabe utzi edota zigor-erantzukizuna eskatzekoa– Konstituzioaren aurkakoa da. Gainera, onartezina da arauaren arlo zigortzailearen zehaztasun eta doitasun eza: mekanismo zigortzaileak artikulatu arren, ez du identifikatzen debekuaren esparrua, ezta horien ondorioak ere.
• Aforamenduei dagokienez, indarrean dagoen legedia hausten du.
• Ez ditu kontuan hartzen autonomia-erkidegoen autonomia politikoko printzipioa eta Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluan aurreikusitako bermeak(*), Espainiako Gobernuari zuzenean eta alde bakarretik autonomia-erkidegoen gainean esku-hartzeko gaitasuna ematen diolako.

Eusko Jaurlaritzaren ustez, Konstituzio Auzitegiaren epaiek konstituzio-kontrakotasun adierazpena bistaratzen dute, «ezin baita haien betearazpena inposatu», are gutxiago, «koaktiboki eta alde bakarretik». Edonola ere, «instituzioen arteko etengabeko elkarrizketa demokratikoaren bidez» betearazi behar dira, eta «botere publiko bat ezin zaio beste bati gainjarri».

Ildo horretan, Konstituzioaren funtsezko balioen artean defendatzen den pluraltasunean oinarritutako ereduak baztertzen dituen estatu-ereduaren aldeko etengabeko politizazioa dela eta, Konstituzio Auzitegia «gero eta narriatuago» dagoela ohartarazi du Eusko Jaurlaritzak.

Azkenik, erreformaren funtsa ez ezik, Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuak erreforma egiteko modua ere kritikatu du: premiazko prozedura, zuzeneko izapidetzea eta irakurketa bakarra erabilita, parlamentuko taldeen zuzenketa eta eztabaidarako gaitasuna murrizteko.

Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua: 1. Erkidego Autonomo batek Konstituzio edo bestelako legeek ezarritako eginkizunak beteko ez balitu, edo Espainiako ongitasunaren aurka astun jokatuko balu, Gobernuak Erkidego Autonomoaren Lehendakaria deituz, eta honek erantzun ezik, Senatuaren gehiengo absolutua lortu ondoren, onarturiko eginkizunak nahitaez betetzera bortxatzeko edo ongitasun orokorra lortzeko beharrezko diren erabakiak har ditzake. 2. Goragoxe aipaturiko erabakiak betetzeko, Erkidego Autonomoen agintari guztiei behar diren azalpenak emango dizkie Gobernuak.

 

  

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.

16,9 MILIOI EURO BIDERATUKO DITUZTE LANEAN ARI DIREN LANGILEENTZAKO PRESTAKUNTZA PROGRAMAK SUSTATZEKO.

Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako gastua baimentzeko dena. Helburua: lana batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan duten langileei zuzendutako enplegurako prestakuntzarako laguntza ekonomikoak finantzatzeko, 2016ko ekitaldirako.

LABURPENA

Gaurko bileran, Ángel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren proposamenez, Hobetuz fundazioak kudeatzen dituen lanean ari diren langileentzako etengabeko prestakuntza-programetara 16.900.000 euro bideratzea onartu du Eusko Jaurlaritzak.

Lanbidek enplegurako prestakuntzaren arloan gauzatzen dituen ekintzen katalogo zabalean, lanean ari diren langileentzako prestakuntza ere badago. Etengabeko heziketa funtsezkoa da bizitza osoan baitako prestakuntza ziurtatzeko, langileak eta enpresak ezagutza oinarrian duen gizartera egokitzeko eta produkzio-prozesuek izan ditzaketen aldaketen aurrean langileen gaitasun profesionalari eusteko.

Euskadin, Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioa arduratzen da hori kudeatzeaz eta zuzentzeaz, 1995ean sinatu zuen hiru aldeko hitzarmenari jarraiki.

Etengabeko-prestakuntza eskaerari zuzenduta dago, enpresentzako prestakuntza jardueren bidez eta prestakuntzako banako baimenen bidez, baita eskaintzari ere, lanean ari diren langileentzako prestakuntza-planen bidez batez ere.

Eusko Jaurlaritzak onartu duen aurrekontu-sail horrekin azken modalitate hori finantzatuko dute, hain zuzen ere. Eusko Jaurlaritzak espedientearen izapidetzea aurreratzea erabaki du, gastua 2015eko ekitaldiari aplikatuta, 2016an garaiz abiarazteko.
 

 

8,94 MILIOI EURO ZORROTZAURRE URBANIZATZEKO LANETARAKO.

Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako gastua baimentzeko dena. Helburua: Bilboko Zorrotzaurreko UE 1 Jarduketa Integratuko Urbanizatzeko obrak.

LABURPENA

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, Ángel Toñak, hala eskatuta, Gobernu Kontseiluak urte askotako aurrekontu-sail bat onartu du (2015-2020 aldirako): 8,94 milioi euro guztira, Zorrotzaurreko 1 jarduketaren 1. egikaritza-unitatearen urbanizatze-lanak finantzatzeko.

Zorrotzaurreko Plana jarduketa integratuko bi eremutan banatuta dago. Horietako lehenak beste bi esparru hartzen ditu barruan (1. eta 2. egikaritza-unitateak), plana faseka gara dadila ahalbidetzeko. Gobernuak gaur onartutako gastuak unitateotako lehenengoari egiten dio erreferentzia: 389.654 m2-ko azalerarekin, Deustuko kanalaren eskuin bazter osoa hartzen du barruan, bai eta etorkizuneko irlaren ipar eta hego-muturrak ere. Iragan abenduaren 16an 1. egikaritza-unitatea birpartzelatzeko proiektua onartu zuten.

Zorrotzaurreko hiri-birgaitzerako egitasmoaren hirigintza-esparruak 838.781 m2-ko azalera hartzen du orotara. Industria-gune zena eraldatuko du, eta Bilboko itsasadarreko sarrera-hall berri bihurtuko, proiektu integral eta jasangarri baten bitartez. Zaha Hadid arkitekto angloirakiar prestigiodunak diseinatutako Master Planean oinarritutako proiektu bat da, hain zuzen, eta honako hauek biltzen ditu: etxebizitza eskuragarriak, enpresa-ezarpenerako eta garapen ekonomikorako guneak, eta auzotarrentzako ekipamendu sozial eta kulturalak eta aisialdi gune zabalak.
 

 

ERREFUXIATUEI LAGUNTZEKO EUSKADIKO BATZORDEARI (CEAR-EUSKADI) ZUZENEKO DIRU-LAGUNTZA BAT EMATEKO BAIMENA EMAN DU EUSKO JAURLARITZAK, HARK ERABEREAN SAREA FINANTZA DEZAN.

LABURPENA

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Ángel Toñaren proposamenez, Eusko Jaurlaritzak Errefuxiatuei Laguntzeko Euskadiko Batzordeari (CEAR-Euskadi) 80.000 euroko zuzeneko diru-laguntza bat emateko baimena eman du, hark Eraberean Sarea finantza dezan. Eragilez osatutako sare horrek arrazagatik, jatorri etnikoagatik, sexu-orientazioagatik edo genero-identitateagatik bazterkeria jasaten dutenei laguntza eta orientazioa ematen die.

Immigrazioaren arloan, Euskadiko Estrategiaren laugarren jarduera-ildoak bazterkeriaren, arrazismoaren eta xenofobiaren aurka borrokatzeko programa bat jasotzen du. Ildo horretan, arrazarekin, jatorri etnikoarekin, sexu-orientazioarekin eta genero-identitatearekin lotutako bazterkeriaren aurkako jarduerak premiaz gauzatzeko beharra nabaritu du Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak. Horrenbestez, arlo pribatuan halako bazterkeriaren biktima direnentzako laguntza- eta orientazio-zerbitzuz hornitu nahi du lehenbailehen Euskal Autonomia Erkidegoa.

Eraberean sarea helburu horrekin sortu zuten 2014an, besteak beste, hurrengo elkarte hauek: CEAR Euskadi, Gurutze Gorria, GAO LACHO DROM, KALE DOR KAYIKO, NEVIPEN, Errespetuz, CITE-CC.OO., EHGAM, GEHITU, AGIFUGI eta Sos Arrazakeria Gipuzkoa. CEAR Euskadi elkartea arduratzen da herri-administrazioekin koordinatzeko eta bitartekari lanak egiteko funtzioez, bereziki, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailarekin.

Aipatutako elkarte horiek zeregin nabarmena izan dute etorkinekin, ijitoekin eta LGTB kolektiboekin lotutako gizarte-ekintzaren arloan.

Eraberean sareak, hain zuzen ere, arrazarekin, jatorri etnikoarekin, sexu-orientazioarekin eta genero-identitatearekin lotutako bazterkeria jasaten edo jasan duten pertsonei edo halako egoerak ezagutzen dituztenei laguntza eta aholkularitza ematen die bulegoan, telefono bidez edo posta elektronikoz.

Zerbitzua ez da kexak edo salaketak kudeatzeko mekanismo hutsa, komunikatzaile edo eragileek arreta espezializatua, zehatza eta, ahal izanez gero, pertsonalizatua ematen baitute.

Eusko Jaurlaritzatik jasoko duen diru-laguntzari esker, Eraberean sareak arrazarekin, jatorri etnikoarekin, sexu-orientazioarekin eta genero-identitatearekin lotutako bazterkeria jasaten edo jasan duten pertsonei edo halako egoerak ezagutzen dituztenei orientazioa eta laguntza emango die bulegoan, telefono bidez edo posta elektronikoz.
 

 

«ASOCIACIÓN PARA LA ATENCIÓN Y PROMOCIÓN DE COLECTIVOS EN EXCLUSIÓN SOCIAL - IZANGAI» ELKARTEA GIZARTE-INTERESEKOA DELA AITORTU DU EUSKO JAURLARITZAK.

Dekretua, "Asociación para la atención y promoción de colectivos en exclusión social - Izangai" elkartea gizarte-interesekoa dela aitortzeko dena.

LABURPENA

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Ángel Toñak hala proposatuta, gaurko bileran gobernuak «interes sozialeko» izendatu du Asociación para la atención y promoción de colectivos en exclusión social - Izangai elkartea.

Izangai elkartea 1999n sortutako irabazi-asmorik gabeko erakunde bat da, eta haren helburuak dira bazterkeria-egoeran dauden kolektiboak artatzea eta sustatzea, gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbideak sortze aldera. Ibilbide historikoa du Bizkaian gizarte-zerbitzuak ematen; izan ere, egiaztatu du bere jarduera etenik gabe burutu duela 2010etik aurrera.

Erakunde bat interes sozialeko izendatzeko baldintzak eta prozedura Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politika Sailaren urriaren 7ko 424/2013 Dekretuan datoz araututa. Interes sozialeko izendatuta, erakundeek autonomia-erkidegoko gizarte-zerbitzuen esparruan egindako ibilbidea eta lana aintzatesten dira, eta lehentasuna ematen zaie euskal administrazio publikoen diru-laguntzetan.
 

 

OGASUN ETA FINANTZA SAILA X. LEG.

EAEKO AURREKONTU OROKORRAK ONARTZEN DUEN LEGEAK AURREIKUSTEN DUENAREN ARABERA 2016RAKO ZORPETZEKO ERAGIKETAK EGITEA BAIMENTZEN DUEN DEKRETUA.

LABURPENA

Euskal Autonomia Erkidegoko 2016. urteko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 9/2015 Legean aurreikusten eta onartzen duenez, Gobernu Kontseiluak ekitaldi honetako zorpetze-eragiketak egitea baimendu du. Aurrekontuen Legean onartutako zorpetze-eragiketak urte honetan egingo dira. (1.230 M).

 

 

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO LANBIDE HEZIKETAREN LEGE PROIEKTUA.

LABURPENA

• Euskadiko Lanbide Heziketaren eraldaketa estrategikoa bultzatzen du Lege-proiektuak
• Lanbide Heziketako eredu berri bat ezartzen du Euskadin, Prestakuntza Integratuko, Berrikuntza Aplikatuko eta Ekintzailetza Aktiboko Eredu Konbinatu bat

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, Euskadiko Lanbide Heziketaren Lege-proiektua onartu du gaurko bileran.

Urteetan zehar, lanbide-heziketak funtsezko zeregina bete du une zailenetan pertsonei laguntzen, dela enplegua galdu dutenean, dela prestakuntza handiagoa lortu behar zutenean.

Baina, batik bat, Lanbide Heziketa haiek behar zutena eta bizitza pertsonal nahiz profesionalean aurrera egiteko nahi zutena zela uste izan duen hainbat gazteri erantzun eraginkorra ematen segitu diolako. Baita enpresei ere, haien giza kapitalaren kualifikazio-premiei dagokienez, edota askotariko proiektuak abiarazi edo garatzeko orduan. Baina krisialdian gertatutako aldaketek, batez ere krisitik ateratzen ari garen aldi honetan gertatzen ari direnek, eraldaketa sakonei eman diete bide:
-Gure ekoizpen-sektoreen lehiakortasunean eraldaketak
-Enpresetan eta enpleguan eraldaketak
-Gaitasun eta ezagutzetan eraldaketak

Eta Lanbide Heziketak funtsezko eginkizuna betetzen du horietan guztietan.
Onartu den Lege-proiektu honen helburua zera da: Euskadiko Lanbide Heziketaren eraldaketa estrategikoa abiaraztea. Eraldaketa horrek arau-esparru fidagarri, zabal eta zorrotza behar du: helburu konplexuak lortzeko bidean aurrera egiteko aukera emango duen esparru bat, hartara, enpresa eta enpleguaren premia berrietara egokitu ahal izateko.

Proiektu landua da oso, eta Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluaren barruko patroi nahiz sindikatuen arteko adostasuna lortu du, bai eta Lanbide Heziketako zentroena ere. Era berean, akordioa lortu da Enplegu Sailarekin eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailekoekin ere, bai eta Lanbiderekin eta Foru Aldundiekin ere. Azken horiek egindako ekarpenak eta agertutako lankidetza lagungarri izan dira gaur onartu den Lege-proiektuaren azken testua hobetzeko.

Proiektuak hogeita hamahiru artikulu hartzen ditu barruan, honela banatuta: atariko kapitulu bat eta beste bederatzi kapitulu, bi xedapen gehigarri, xedapen iragankor bat, bi xedapen indargabetzaile eta bederatzi azken xedapen.

Atariko kapituluak Legearen xedea eta helburua du hizpide, bai eta testuaren jomugak eta enpresa, eragile sozial eta beste erakunde eta entitateekin lankidetza ere.

Lehen kapituluak Lanbide Heziketako eredu berri bat ezartzen du Euskadin: Prestakuntza Integratuko, Berrikuntza Aplikatuko eta Ekintzailetza Aktiboko Eredu Konbinatu bat, hain zuzen.

Lanbide-heziketako ikasleei, biztanleria aktibo landun nahiz langabeari zuzendutako prestakuntza integratua.

Bestelako ikasketa batzuk, metodologia berriak, eta bestelako antolamolde, ikasgela eta ikastetxe batzuk garatzera zuzendutako berrikuntza aplikatua. Baina baita Enpresa Txiki eta Ertainentzako lehen laguntza-maila izatera ere zuzendua, berrikuntza gara dezaten, bai produktuetan, bai ekoizpen-prozesu eta zerbitzuetan.

Eta ekintzailetza aktiboa, ikasleen artean ekin-nahiaren kultura bultzatzera eta lanbide-heziketako zentroetan enpresagintza sustatzera bideratua.

Bigarren kapituluan, hainbat sektoretan Espezializatutako Sare Nodoak sortzea aurreikusi da; hain zuzen, enpresen eta haien inguruneen premiei berehalako erantzunak emango dizkieten Lanbide Heziketako ikastetxeek eratuko dituzte nodook.

Hirugarren kapituluak Euskadiko Lanbide Heziketa Duala du ardatz. Diseinu erabat aurreratuko eredua da: lau urteko esperimentazio-aldi baten ostean, pertsonen prestakuntza-premietara egokitzen den eredu ondo egituratua ezartzea lortu da, haren bitartez gure enpresen lehiakortasuna eta Euskadiko lanbide-heziketan prestatzen diren pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko.

Laugarren kapituluak Lanbide Heziketa Koordinatzeko Goi Mailako Organo bat sortzen du: sailarteko organo bat da, eta hari dagokio lanbide-heziketaren arloko politikak koordinatzea, Sailek garatutako estrategietan eragin dezaten.

Bosgarren kapituluak Lanbide Kualifikazio eta Espezializazioen Euskal Esparrua ezartzen du. Esparru horri esker, erantzun azkarra eman dakieke enpresek bertan jardungo duten langileen prestakuntzaren eta espezializazioaren inguruan izan lezaketen premiei.

Seigarren kapituluak Euskadiko lanbide-heziketaren nazioartekotzean jartzen du arreta. Nazioarteko campus bat sortuko da horretarako; Europan maila horretan sortzen den lehenengo campusa izango da, eta euskal enpresei kokatzen diren herrialdean estaldura eskainiko die, haien giza kapitala prestatzeari dagokionez. Halaber, Euskadiko Lanbide Heziketan metatutako ezagutza eta eskarmentua beste herrialde batzuetara hedatzeko aukera zabaltzen du.

Zazpigarren kapituluak eredu elebiduna ezartzen du Lanbide Heziketarako, bigarren mailako hezkuntzan ezarritako hizkuntza-tratamenduaren jarraitutasuna bermatzeko. Era berean, eredu hirueleduna txertatzen du, atzerriko hizkuntzak sartuta, ingelesa lehenetsirik hirugarren hizkuntza gisa.

Zortzigarren kapituluaren gaiak hauek dira: Lanbide Heziketako ikerkuntza, berrikuntzaren eta etengabeko hobekuntzaren sustapena, eta irakasleen prestakuntzaren sustapena.

Bederatzigarren kapituluak Euskadiko Lanbide heziketako sistema guztiaren ebaluazioa du ardatz.

Lehen xedapen gehigarria lanbide heziketako aholkularitzako erakunde teknikoei buruzkoa da.

Legeak Lanbide Heziketa moderno, aurreratu eta flexiblea ezartzen du Euskadin, eta gure LHko sistema babesteko eta indartzeko aukera emango digun eredu bat ezartzen du.

Hezkuntza-sistemari dagokionez, prestakuntza mota horretako ikasleen prestakuntza eta kualifikazio maila areagotuko eta hobetuko duen eredu bat sortzen du. Horrez gain, egokia da gure enpresen premiei erantzun azkar eta eraginkorrak emateko ere.
 

 

SAN MAMES BARRIA ELKARTEAREN KAPITAL HANDITZEA.

Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari San Mamés Barria, S.L. sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko baimena ematen diona.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak, gaurko bileran, EAEko Administrazioa baimendu du San Mames Barria SL elkarteak aurreikusia daukan kapital handitzean parte har dezan. Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioak 2.201.000 parte hartze sozial eskuratuko ditu, 2.201.000 euroko balio dutenak.

San Mames Barria elkartearen Ez Ohiko Batzar Nagusiak, joan zen abenduaren 17an adostu zuen 3.700.000 euroko kapital handitzea eta horretarako parte hartze sozialen kopuru berbera jaulkitzea, bakoitza euro bateko balio nominalekoa. Egun, elkarteak 173.466.103 euroko kapital soziala du, eta parte hartzeen %22,77 EAEko Administrazioaren esku daude. Aurreikusitako kapital handitzea gauzatu ondoren, EAEko Administrazioaren parte hartzea %23,54koa izango da.
 

 

1,15 MILIOI EURO IKERBASQUE FUNDAZIOARENTZAT, BIKAINTASUNEKO IKERTZAILEAK ERAKARTZEKO PROGRAMATARAKO.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, Ikerbasque Fundazioari 1.149.999 euroko diru-laguntza zuzena emateko erabakia hartu du, bikaintasuneko nazioarteko ikertzaileak erakartzeko programekin jarraitzeko, Research Fellow eta Research Professor deialdien bidez.

Ikerlari gazteentzako Research Fellow programak helburu hau du: Euskadin 100 ikertzaile gazte kontratatzea 2013-2017 aldian, urteroko deialdien bidez. Ikerbasquek 5 urteko ikerketa kontratuak eskaintzen dizkie, jakintzaren arlo guztietako ikertzaileei, euren ikerketa lana Euskadiko ikerketa zentroetan burutu dezaten. Hiru eta hamar urte bitarteko ikerketa esperientzia duten ikertzaileei zuzenduriko deialdia izaten da.

Bestetik, ikertzaile seniorrentzako Research Professor programak 2014-2017 aldian Euskadin 50 ikertzaile kontratatzeko helburua du, kasu honetan ere urteroko deialdien bidez. Deialdi hau ibilbide luzeagoko ikertzaileei zuzendua izaten da, ikerketan 10 urtetik gorako esperientzia dutenentzat. Hauek ere, Euskadiko ikerketa zentroetan eta unibertsitateetan burutzen dute euren lana, hautatuak izanez gero.

Bai Reserch Fellow programak eta bai Reserch Professorrek, ikerketarako talentua Euskadira erakarri eta bertan eustea dute helburu. Funtzio bikoitza dute bi deialdiek: batetik, atzerrian lanean dauden zientzialariak erakartzea (euren ibilbideko une batean joan ziren bertoko ikertzaileak barne), eta bestetik, Euskadin ikertzen dihardutenei beren ibilbidea sendotzeko aukerak eskaintzea.

Ikerbasqueren bi programa hauek Europako Batzordeak garapen zientifikorako ekimen europar onenetariko gisa hautatu zituen. Research Fellow Europa guztiko 64 proposamenen artean izan zen aukeratua, eta Research Professor aldiz, 70 poposamenen artean.

Programa hauen bidez hautatutako zientzialariek ezagutzaren arlo guztietan garatzen dute beren lana, Zientzia Esperimentaletan (Biologia, Kimika, Fisika), Biziaren Zientzietan eta baita Medikuntzan, Matematikan eta Ingeniaritzan, Humanitate eta Gizarte Zientzietan ere.

2014ra arte, Fundazioak 146 kontratu mugagabe egin ditu Research Professors zientzialari seniorren kategorian, eta Research Fellows zientzialari gazteen 44 kontratu. Ikerbasque-ko ikertzaileek 760 artikulu eman dituzte aldizkari indexatuetan argitara 2014an, urteko % 13ko gehikuntzarekin.
 

 

60.000 EURO CONFEBASK-EKIN LANKIDETZA SUSTATZEKO.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran hartu du Euskal Enpresarien Konfederazioari (CONFEBASK) 60.000 euroko diru-laguntza emateko erabakia, enpresetako prestakuntza-prozesuen tutoretza egiten duten instrukzio-egileen funtsezko gaitasunak garatzen eta hobetzen laguntzeko.

Lanbide Heziketaren eredu berrian, funtsezko zeregina du lantokietan burutzen den ikasleen prestakuntzak, eta bereziki Ikas-ekinezko Erregimeneko Lanbide Heziketa Dualak. Eredu honetan, enpresako instruktorearen figura garrantzi berezikoa da, beroni baitagokio ikaslearen enpresako ikasketa jarduerak eta helburuak definitzea nahiz planifikatzea. Eman zaien zeregin horretarako instruktore hauen trebakuntza eta jasoko duten etengabeko gaitzea ziurtatzea, nahitaez doaz, beraz, Lanbide Hezieketa Dualaren garapenari estuki lotuak.
 

 

120.000 EURO GESTAMP TECNOLOGY INSTITUTEARI LANBIDE HEZIKETARAKO.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, Gestamp Tecnology Instituteri (GTI) 120.000 euroko diru-laguntza zuzen bat ematea erabaki du, txandakatze-erregimeneko Lanbide Heziketa Dualeko ikasleen espezializazioa eta trebakuntza profesionala hobetzen Lanbide Heziketako Sailburuordetzarekin lankidetzan aritzeko asmoz.

Gestamp Tecnology Institute Eusko Jaurlaritza eta Gestamp-en artean 2015eko martxoan sinaturiko lankidetza protokoloaren emaitza da. Elkarlan honi esker, bikaintasuneko erreferentziazko zentro bat sortu da, teknologia aurreratuetan prestakuntza ematea helburu duena.

GTIren jarduera nagusia, Lanbide Heziketako ikastetxeekin batera espezializazio programak irakastea da (estanpazio beroa, estanpazio hotza, soldatzea, matrizeria eta laser ebaketa, besteak beste), baita teknologia horiekin zerikusia duten I+G proiektuen garapena ere, Lanbide Heziketako ikasle nahiz irakasleentzat.

Gestamp Tecnology Institute (GTI) Lanbide Heziketako Sailburuordetzarekin lankidetzan arituko da, Lanbide Heziketako ikasleak egiazko ingurune profesional batean zientifikoki eta teknologikoki gaurkotzeko.
 

 

OSASUN SAILA X. LEG.

ERREZETA ELEKTRONIKOAREN EZARPENA ABIAN DA EUSKADIKO ZAHARREN EGOITZETAN ETA EGOITZA SOZIOSANITARIOETAN.

LABURPENA

Bi urte igaro dira Euskadin errezeta elektronikoa edo e-rezeta ezarri zenetik eta tarte horretan 65 milioi errezeta baino gehiago agindu dira. Orain, garapena eta hedadura koska bat handitu dira abian jarri baita errezetaren ezarpena Euskadiko zaharren egoitzetan eta egoitza soziosanitarioetan, Osasuneko sailburu Jon Darpónek gobernu-kontseiluan gaur jakinarazi duenez.

Errezeta elektronikoaren oso hedatuta dago Osakidetzan, euskal farmazia-bulegoetan eta herritarren artean, eskaintzen dituen segurtasuna, eskuragarritasuna, gardentasuna eta eraginkortasuna kontuan hartuta. Hala, Euskadiko 827 farmaziek eta 23 botikinek, batez bestean, egunean 100.000tik gora errezeta elektroniko eman zituzten astegunetan; izan ere, ematen diren errezeten % 95 elektronikoak dira.

Errezeta elektronikoak edo e-rezetak aldaketa kultural eta soziala ekarri du, IKTak sartu baititu, eta herritarrek oso balorazio ona egiten dute horren gainean. Nabarmendutako alderdiak dira: pazienteei eskaintzen dien segurtasun klinikoa, agindutako botikak nahastea ekiditen duenez; eta tratamenduak, batez ere luzeak, ikuskatzeko eta egokitzeko aukera ematea, etxebizitzan botikak pilatzea ekiditen duenez, bilketa hilean behin egiten delako hiru hilean behin egin ordez.

Halaber, positiboa da Osakidetzako zein farmazia-bulegoetako profesionalen balorazioa, botikak agintzeko eta banatzeko kudeaketa-sistema horrek egitekoak nabarmen erraztu baitizkie, eredu igarleak eta laguntzak barne hartzen dituzten puntako erremintak eskura dituztenez.

Errezeta elektronikoa balio-ekarpen medikoa da, botikekin nahastea ekiditeko eta tratamenduaren betetze-maila ezagutzeko. Gainera, ez da joan behar osasun-zentrora errezetak jasotzeko. Banaketari dagokionez, ez da gaizki-ulertu gehiagorik gertatuko eskuz idatzitakoen erruz eta pazienteen jarraipen farmakoterapeutikoa egin ahal izango da. Bestalde, herritarrek informazio gehiago dute tratamendu-orria jasotzean, horren argibideak ematen baitzaizkio.

Gaur, errezeta elektronikoak beste urrats bat eman du aurrera zaharren egoitzan eta egoitza soziosanitarioetan ezartzeko bidean. Guztira, 280 egoitza dira, 18.000 paziente dituztenak.

Uda honetan abian jarritako programa pilotua ikusita, Osasun Sailak egokitzat jo du lehen fasea Gipuzkoako hiru egoitzatan abiaraztea. Matia Fundazioaren mendeko Juan Rezola, Txara I eta Argixao dira programa abian jarriko duten lehenak, eta horrek dituen abantailei probetxu atera ahal izango diete. Ezarpena era mailakatuan egingo da 2016an zehar lehen urrats horren ondotik, Euskadiko gainerako egoitzetan sistema hori bera ezarriz.

Egoitza horietan errezeta elektronikoa garatzearen aurrekari da Osakidetzak Historia Klinikoa zaharren egoitzen eta egoitza soziosanitarioen esparruan era partekatuan erabili ahal izatea eskaini izana aurten, erabiltzaileen diagnostikoak eta tratamendua hobetzea eragiten duenez.

Aurrerapen horiek guztiak kontuan hartuta, beraz, errezeta elektronikoa pazienteentzat onuragarria izateaz gain, hobekuntza nabarmena da kudeaketan eta eraginkortasun ekonomikoan; izan ere, sistema modernizatzeko eta jasangarri izateko lagungarria da.
 

 

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.

GOBERNU KONTSEILUAK AUTONOMIA-ERKIDEGOAREN ETA SUSTAPEN MINISTERIOAREN ARTEKO HITZARMEN BAT ONARTU DU, ITSAS ETXEAKO LOKAL BAT GETARIAKO ITSAS BARRUTIAREN EGOITZA GISA ERABILTZEKO.

Erabakia, Sustapen Ministerioarekin lankidetza-hizarmena sinatzeko baimena ematen duena. Horren bidez, Itsas Etxean kokatuta dagoen lokal bat lagatzen da, Getariako itsas barrutiaren egoitza izateko.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak Euskadiko autonomia-erkidegoaren administrazio orokorraren eta Sustapen Ministerioaren arteko lankidetza-hitzarmen bat sinatzea onartu du, Itsas Etxean kokatutako lokal bat Getariako Itsas Barrutiaren egoitza gisa erabil dadin lagatzeko.

Esleitutako eskumenen artean, Estatuaren Administrazio Orokorrari dagokio, Merkataritza Itsasketako Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, itsas nabigazioaren antolaketa orokorraren eta flota zibilaren arloko eskumenen erabilera; horretarako, Itsas Kapitaintza bat edo Itsas Barruti bat dauka nabigazio maila jakin bat duten edo itsas segurtasuneko baldintzek hala eskatzen duten portu bakoitzean. Horrenbestez, Pasaiako Itsas Kapitaintzak Itsas Barruti bat izango du Getariako udalerrian.

Aipatutako eskumenak baliatzeko, Getariako Itsas Barrutiak lokal batzuk bete eta erabili behar ditu udalerri horretan; izan ere, gaur egun arrain-lonja barruan alokatutako lokal batean du egoitza.

Euskadiko Autonomia Estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoari esleitzen dio portu arloko eskuduntza esklusiboa; hala, Garraio Azpiegituren Zuzendaritzari dagokio, Ingurumen eta Lurralde Politikaren Sailaren barruan, portuen antolamendua, portuetako zerbitzuen kudeaketa eta kontrola eta, azken batean, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen diren portuetan eta portu-instalazioetan garatutako jarduerekin zerikusia duen guztia.

Horiek horrela, Eusko Jaurlaritzak zenbait lokal dituenez Getariako portuan, portu jabari publikoaren barruan (Itxas Etxeko lehen solairuan), bidezkotzat jo da lankidetza-hitzarmen bat sinatzea horien erabilera lagatzeko; aldez aurretik, Itsasoko Gizarte Institutua zegoen lokal horietan, baina gaur egun erabilgarri daude, eta Pasaiako Itsas Kapitaintzari lehen solairuan kokatutako gune batzuen erabilera lagatuko zaio: 101,27 metro karratu guztira, Getariako eraikin horretan, Getariako Itsas Barrutiaren bulegoetarako.