Lehendakaritza

Azken eguneratzea: 2009/12/01
GOBERNU KONTSEILUA
Eusko Jaurlaritzak EBren Espainiaren presidentetzaz baliatuko da Euskadiren lehentasunei aurre egiteko
Erronka nagusiak klima aldaketa, energiaren erronka, Lisboako Ituna abian jartzea eta Europaren esparruan eskualdeen garapena dira
Eusko Jaurlaritzak ulertzen du Espainiak urtarrilaren 1etik aurrera izango duen Europaren presidentetza aukera historikoa dela. Egoera horren aurrean, Gasteizko gobernuak asteko Gobernu Kontseiluan akordio bat onartu du: Euskadiren lehentasunak Espainiak 2010eko lehenengo seihilekoan izango duen Europar Batasunaren presidentetzaren aurrean. Agiri horretan Eusko Jaurlaritzak Europaren esparruan dituen erronka nagusiak jasotzen dira.

Eusko Jaurlaritzak Espainiak datorren urtarrilaren 1etik aurrera Europar Batasunaren presidentetza izateak dakarren aukera "historikoa" baliatu nahi du Europaren testuinguruan "Euskadiren lehentasunei" aurre egiteko. "Presidentetzak garrantzi handiko erronka batzuei aurre egingo die" eta "erronka horiek, aldi berean, erronka bat dira Eusko Jaurlaritzarentzat" ziurtatu du Idoia Mendia Gasteizko gobernuaren bozeramaileak. "Erronka" eta "lehentasun" nagusienen artean, Eusko Jaurlaritzak ondokoak jasotzen ditu: klima aldaketaren aurkako borroka, energiaren erronka, Batasun seguruagoa lortzea eta Lisboako Estrategia suspertzea.

Asteko Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Idoia Mendia bozeramaleak adierazpen instituzional bat irakurri du, Lisboako Ituna indarrean sartzeari buruzkoa. Mendiak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak lan egingo du "Euskadi Europara hurbiltzeko, bere irudirik onena proiektatuz".

Eusko Jaurlaritzak Lisboako Ituna indarrean sartzeak "dakartzan aukerak aprobetxatzearen" aldeko apustua egin du gaur, eta "Euskadi Europara hurbiltzeko lan egingo duela segurtatu du". Halaber, esan du "erregioek parte-hartze aktiboagoa izan dezaketela europar eraikuntzan", eta "europar instituzioetan zuzenean parte hartzearen alde azaldu da, euskal herritarren eta haien instituzioen onerako".

Bozeramaleak azpimarratu duenez, nahiz eta oraingo Itunak ez dituen betetzen jatorrian sortutako "itxaropenak", egia da berari esker erabaki asko "herritarrengandik ahalik eta hurbilen" hartuko direla. Izatez, Ituna "europar instituzioetan zuzenean parte-hartzearen" alde azaltzen da, eta Eusko Jaurlaritzak nahi du hori "euskal herritarren eta haien instituzioen onuran" islatu dadila. Ildo horretatik, Mendiak adierazi du Jaurlaritzak "defendatuko duela erregioek parte-hartze are aktiboagoa izatea europar eraikuntzan".
Euskadik eta Europar Batasunak konpartitzen dituzten "erronken" artean, Jaurlaritzaren dokumentuak klima-aldaketaren aurkako borroka azpimarratzen du; izan ere, Patxi Lópezen Gobernuak borroka horretan "parte hartu ez ezik", "horren buruan egoteko borondatea ere badu, nazioarteko erreferentea izanik iraunkortasunaren alorrean", ziurtatu du. Horrez gain, espainiar presidentetzaren seihilekoarentzako beste erronka batzuk dira Europako ongizate Estatuari eustea eta Lisboako Estrategiaren neurriak biziberritzea, barne-merkatu integratuagoa eta kohesio ekonomikoko eredu sozialagoa eta iraunkorragoa lortzeko.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak kontuan hartu du ezen, Oinarrizko Eskubideen Gutuna aitortzeaz gain, hor jasotzen dela Europar Batasuna Giza Eskubideen eta Oinarrizko Eskubideen Hitzarmenari atxikiko zaiola etorkizunean, eta, hortaz, hori lagungarria izango dela "harmonia handiagoa lortzeko konstituzio auzitegi nazionalen, Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren eta Luxenburgoko Justizia Auzitegiaren artean".

Helburu horiek guztiak lortzeko, bozeramaleak azpimarratu du Eusko Jaurlaritza eta espainiar presidentetza "elkarlanean" arituko direla Europar Batasunaren politikak eta neurriak Euskadin hedatzeko.