Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

226. zk., 2016ko azaroaren 28a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
5057

67/2016 EBAZPENA, azaroaren 22koa, Erakunde Harremanetarako sailburuordearena. Ebazpen honen bidez, Gobernu Kontseiluak hartutako Erabakia argitaratzen da, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere sektore publikoko kargu publikodunen Etika eta Jokabide Kodearen testu bategina onartzen baita eta kode horri beste aurreikuspen batzuk gehitzen baitzaizkio.

Gobernu Kontseiluak, 2016ko azaroaren 22an eginiko batzarrean, honako Erabaki hau onartu du: Erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere sektore publikoko kargu publikodunen Etika eta Jokabide Kodearen testu bategina onartzen duena eta kode horri beste aurreikuspen batzuk gehitzen dizkiona. Horrenbestez, erabaki horri behar den publizitatea emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere sektore publikoko kargu publikodunen Etika eta Jokabide Kodearen testu bategina onartzen duen eta kode horri beste aurreikuspen batzuk gehitzen dizkion Erabakiaren testua.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko azaroaren 22a.

Erakunde Harremanetarako sailburuordea,

PEDRO LUIS BAZACO ATUCHA.

ERANSKINA, ERAKUNDE HARREMANETARAKO SAILBURUORDEAREN AZAROAREN 22KO 67/2016 EBAZPENARENA
ERABAKIA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOKO ETA BERE SEKTORE PUBLIKOKO KARGU PUBLIKODUNEN ETIKA ETA JOKABIDE KODEAREN TESTU BATEGINA ONARTZEN DUENA ETA KODE HORRI BESTE AURREIKUSPEN BATZUK GEHITZEN DIZKIONA

Jaurlaritzaren ageriko nahia eta helburua da Politikaren zentzu etiko eta morala indartzea, euskal herritarrek euren erakundeengan eta, bereziki, Eusko Jaurlaritzaren eguneroko jardunean izan behar duten konfiantza berreskuratzeko neurri gisa.

Ildo horretatik, Gobernu Kontseiluak, 2011ko maiatzaren 10ean egindako bilkuran, Etika eta Gobernu Onaren Kodea onartu zuen, lehen aldiz, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren zerbitzura dauden gobernuko kide, goi-kargudun, behin-behineko langile eta gainerako zuzendarientzat.

Lehendabiziko esperientzia haren ondoren, Gobernu Kontseiluak, 2013ko maiatzaren 28an egindako bilkuran, beste kode bat onartzeko Erabaki hau hartu zuen: «Erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko kargu publikodunen eta behin-behineko langileen Etika eta Jokabide Kodea onartzen duena».

Kode hori agindu honen bidez osatu zen: «Agindua, 2013ko irailaren 6koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko kargu publikodunak eta behin-behineko langileak Etika eta Jokabide Kodeari banaka atxikitzeko prozedurari buruzkoa».

Gero, ekainaren 26ko 1/2014 Legea jarri zen indarrean, Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta haien Interes Gatazkak arautzen dituena. Lege horren bidez, bateraezintasunen sistemen eta funtzio publikoak inpartzialtasunez betetzeko bermeen arautzean aurreratu eta sakondu zen, eta zabaldu egin zen kargu publikodunaren kontzeptua, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko zuzendaritza-egitekoetan egon behar duen gardentasunaren kontrola eta sustapena finkatze aldera.

Ekainaren 26ko 1/2014 Legea aplikatu izanaren ondorioz, martxan jarri zen Etika eta Jokabide Kodearen 1.3 zenbakiak jasotzen duen aurreikuspena, zeinaren arabera Kode horretan jasotako balio, printzipio eta jokabideak berehala egokituko baitzaizkie Eusko Legebiltzarreko arlo horretako legeek ezartzen dituzten aurreikuspenei, baldin eta batzuen eta besteen artean bat ez-etortzerik badago.

Era berean, Etika Publikorako Batzordeak, Etika eta Jokabide Kodearen 16.5 zenbakian ezarritakoari jarraikiz, ikuskapen-txosten bat aurkeztu zion Gobernu Kontseiluari, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Instituzionalaren kargu publikodunek eta behin-behineko langileek Etika eta Jokabide Kodea betetzeari buruzkoa. 2013ko urritik 2014ko abendura arte egindako ikuskapena jasotzen zuen txostenak, eta ondorioen eta gomendioen atalean, hainbat jarduera-proposamen biltzen zituen.

Horren guztiaren ondorioz, Gobernu Kontseiluak, 2015eko martxoaren 17an egindako bilkuran, ordura arte indarren zegoen kodea aldatzeko erabakia hartu zuen, hots, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko kargu publikodunen eta behin-behineko langileen Etika- eta Jokabide Kodea aldatzekoa. Aldaketak honako hauei buruzkoak ziren: aplikazio-eremuaren definizioa; 1/2014 Legearen aplikazio-eremu subjektibora egokitzeko xedea; Kodearen balio-, printzipio- eta jokabide-multzoa zabaltzea, 1/2014 Legearen II. Kapituluan ezarritakoaren arabera; etika- eta jokabide-arauak ez betetzearen ondorioz hartu beharreko neurri-sorta zabaltzea, eta Etika Publikorako Batzordearen bilera presentzialen aldizkakotasuna.

Ildo beretik, Etika Publikorako Batzordeak hainbat gomendio eman zituen, 2015eko memorian. Alde batetik, Etika eta Jokabide Kodearen 15.5 artikulua aldatzea proposatu zuen, Prozedura Kriminaleko Legean berriki egindako aldaketetara egokitze aldera. Hartara, «inputatu» dioen lekuan «ikertu» terminoa erabiliko da.

Era berean, Etika eta Jokabide Kodearen hartzaileek kode hori ezagutzen eta betetzen lagunduko dien bertsio bat izan dezaten, Etika Publikorako Batzordeak proposamena egin dio Jaurlaritzari testu bateratu bat egiteko, kodeari egindako aldaketak eta Batzordearen beraren iradokizunak hartuko dituena. Proposamen hori ontzat eman da, eta, horregatik, Etika eta Jokabide Kodearen testu bategin hau landu eta onartu da.

Testu bategin honen bidez, 1/2014 Legearen 11. artikuluko aurreikuspena betetzen da. Artikulu horren arabera, Etika eta Jokabide Kode batean jaso eta garatuko dira legearen 5., 6., 7. eta 8. artikuluetan araututako jarduera- eta jokabide-printzipioak; Kode horri ahalik eta zabalkunde eta publizitate handiena emango zaio, eta atxikitzeko sistema batez hornituko da, baita jarraipen eta ebaluazioa egiteko sistema batez ere.

Halaber, Etika eta Jokabide Kodea aplikatu den aldian zehar hartutako eskarmentua dela medio, egokitzat jo da edukiari zenbait alderdi gehitzea; batik bat, Kodeari atxikitzeko sistemari eta emandako datuen publizitateari lotutako alderdiak gehituko dira, eta, hartara, hobetu egingo da kargu publikodunei buruzko informazioaren gardentasuna eta eraginkortasuna.

Azkenik, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak 163/2016 Irizpena eman zuen 2016ko irailaren 28an, kargu publikodunen obligazio eta eskubideak betetzeari buruzko proiektu-dekretuaren inguruan, eta bertan aholku hau ematen du: Etika eta Jokabide Kodean sar daitezela proiektu horretan jasotako zenbait alderdi, bai Kodeari, bai Etika Publikorako Batzordeari eragiten dietenak.

Horregatik guztiagatik, Gobernu Kontseiluak, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren proposamenez eta gaia eztabaidatu ondoren, erabaki hau hartu du:

ERABAKIA:

«Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunen Etika eta Jokabide Kodearen testu bategina onartzea, eta kode horri beste aurreikuspen batzuk gehitzea (Erabaki honen I. Eranskina).

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunak Etika eta Jokabide Kode honi banan-banan atxikitzeko adierazpenaren eredua onartzea (Erabaki honen II. Eranskina).

Hirugarrena.– Xedapen hauek indargabetzea.

Gobernu Kontseiluaren Erabakia, 2013ko maiatzaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko kargu publikodunen eta behin-behineko langileen Etika eta Jokabide Kodea onartzen duena.

Gobernu Kontseiluaren Erabakia, 2015eko martxoaren 17koa, 2013ko maiatzaren 28ko Erabakia aldatzen duena. Erabaki haren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko kargu publikodunen eta behin-behineko langileen Etika eta Jokabide Kodea onartu zen.

Laugarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea Erabaki hau eta bere eranskinak: I. Eranskina (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunen Etika eta Jokabide Kodearen testu bategina) eta II. Eranskina (Etika eta Jokabide Kodeari banan-banan atxikitzeko eredua).

Bosgarrena.– Erabaki honek eta berekin batera argitaratzen den Etika eta Jokabide Kodeak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango dituzte ondorioak.»

ERABAKIAREN I. ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOKO ETA BERE SEKTORE PUBLIKOKO KARGU PUBLIKODUNEN ETIKA ETA JOKABIDE KODEAREN TESTU BATEGINA

Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta haien Interes Gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legearen 11. artikuluan, Etika eta Jokabide Kode bat egin behar dela aurreikusten da; kode horri ahalik eta zabalkunde eta publizitate handiena eman behar zaio, eta atxikipen-sistema batez hornituko da, baita jarraipen eta ebaluazioa egiteko sistema batez ere.

Etika eta Jokabide Kodearen asmoa da identifikatzea zer jokabide eta portaera eska dakizkiekeen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunei, haien jarduera publiko zein pribatuak guztiz bat etor daitezen dokumentu horretan aurrez zehaztutako balio, oinarri eta jokabide-estandarrekin.

Kodeak abiapuntu duen egitura urrun dago Estatuko, autonomietako eta tokiko erakundeek orain arte onartutako kodeetatik. Espainian orain arte onartu eta argitaratu diren etika- eta jokabide-kodeen ezaugarritzat hartu izan da etikaren eta jokabideen printzipio-multzo zabal samarra dutela, baina oso adierazpen zehaztugabeak dituzte; eta azpimarratzekoa da, batez ere, ez dutela printzipio horiek benetan beteko direla bermatzen duen sistemarik, ez eta ez-betetzeagatik sortutako ondorioak ezartzeko sistemarik ere.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunen Etika eta Jokabide Kodeak aurrez ezarri nahi ditu kargu publikoetan dihardutenei ezinbestean eskatu behar zaizkien hainbat jokabide. Xedea, hain zuzen, honako hau da: eredugarritasuna sustatzea integritatearen bitartez, erakundearen irudia zaintzea, haren eraginkortasuna indartzea eta bermatzea herritarrek erakundeengan duten konfiantza ez dutela galduko.

Kode zorrotz bat sustatzen da, dudarik gabe, eta horrekin lortu nahi dena da Eusko Jaurlaritza abangoardian jartzea etika publikoaren eta integritatearen defentsan, Estatuko sektore publikoan; halaber lortu nahi da Euskal Autonomia Erkidegoa arlo horretako beste eredu batzuetara hurbiltzea, kontuan izanda eredu horiek ezinbesteko erreferentzia direla etika publikoaren arloan, sektore publikoko zuzendaritza-postuetan.

Ez dugu egokitzat jo kode honetan legezko edo arauzko obligazioei buruzko aipamenak egitea, hau da, ordenamendu juridikotik datozen eskakizunak zorrotz betetzeari buruzko aipamenak egitea, eskakizun horiek berariaz emandako legeetan edo erregelamenduetan nabarmendu beharko baitira. Hala, interes-gatazkei buruzko jokabide batzuk jasotzea baztertu gabe, dudarik ez dago gai honen arautze espezifikoena (batez ere, kargua bete aurretik eta ondoren jarduera jakin batzuetan aritzeari dagokionez) gaia berariaz arautzen duen legean jasoko dela, non aurreikusi ahal izango den zehapen-araubide espezifiko bat, lege-mailako testu batean arautu behar dena, legezkotasun-printzipioa kontuan hartuta. Ildo horretatik, Etika eta Jokabide Kodeak behar duen arau-mailako osagarria da ekainaren 26ko 1/2014 Legea.

Kode honek, berez, ez du arau-baliorik, ez bada kodea ez betetzeak izan ditzakeen ondorioengatik, edo ezarritako jokabideak baliagarriak izan daitezkeelako legeetan aipatzen diren urraketa-motak interpretatzeko.

Hortaz, ziurtzat jotzen da legezko eskakizun horiek (baita zigor- edo zehapen-zuzenbideari dagozkionak ere) kargu publikodunak arduradun publiko moduan –eta, hala egokituz gero, herritar moduan– dauzkan legezko obligazioen eta betebeharren ezinbesteko parte direla.

Orobat nabarmentzekoa da «kode ireki» gisa eratu dela Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunen Etika eta Jokabide Kodea. Izan ere, ezartzen den jarraipen-sistemaren bitartez, kodearen edukia urtean behin aztertu eta adierazpenak hobetu nahi dira, eta sartu nahi dira jokabide edo portaera jakin batzuk, gizartearen bilakaeraren eta eskakizunen arabera egokitzat joko direnak, kargu publikodun horien integritate-irudia indartzeko eta, hartara, euskal herritarrek erakundeengan duten konfiantza sendotzeko.

Kodearen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunei aplikagarri zaizkien etika- eta jokabide-arauak ezartzea. Arau horiek jokabideari loturiko gutxieneko estandar gisa prestatu dira, eta sektoreko kodeek edo berariazkoek gaindi ditzakete.

Ez da deklaraziozko kode bat edo benetako eraginik ez duen kode bat, izaera bereko beste dokumentu batzuk diren bezala; izan ere, arau-hausteren bat izan dela egiaztatzen bada, barneko jarraipen-sistema bat aktibatuko da, eta horrek ekar dezake langilea kargugabetzea edo, hala badagokio, eskumeneko organoei zenbait gomendio egitea, gertatutako okerrak zuzen daitezen. Kodeari banaka atxikitzeko sistema bat aurreikusten da.

Etika eta Jokabide Kodea zenbait arau orokorrek osatzen dute, eta balioen, printzipioen eta jokabide edo portaeren bitartez egituratzen da. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunen jarduna balio hauetan oinarritzen da:

● Integritatea.

● Bikaintasuna.

● Politika eta kudeaketa bat etortzea.

● Lidergoa.

● Berrikuntza.

Balio horiek gehiago zehaztu daitezke euren intentsitateari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunen maila guztietan. Argi dago, esate baterako, lidergoak ezin duela intentsitate eta irismen bera izan balio hori sail edo zuzendaritza baten titularrak erakusten duenean, bere jardunean. Hori bera esan daiteke politika eta kudeaketa bat etortzeari buruz, baita berrikuntzari buruz ere. Integritatearen balioa bere intentsitate guztiarekin aldarrikatu behar da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunen maila guztietan.

Honako hauek dira Etika eta Jokabide Kodearen printzipioen oinarriak:

● Norbanakoaren jokabidearen printzipioak.

● Kalitate instituzionalaren printzipioak.

● Herritarrekiko harremanetarako printzipioak.

● Inpartzialtasuna eta objektibotasuna.

● Kudeaketari lotutako erantzukizuna.

● Gardentasuna eta gobernu irekia.

● Zintzotasuna eta interes subjektiborik eza.

● Errespetua.

● Eredugarritasuna.

Kasu horietan guztietan, balioetan bezala, kontuan izan behar da Etika eta Jokabide Kodea lantzen ari dela Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikoak dituztenentzat. Hortaz, jarduera politikoetan aritzen diren pertsona guztiek agertu behar dituzten printzipio eta balio orokorrez gain, beste zenbait balio eta printzipio ere sartu behar dira: portaera etikoari ere lotuta izango diren arren, batik bat erakunde publikoak eta euren baliabideak eraginkortasunez eta arduraz zuzentzeko eta kudeatzeko eremura zabalduko diren balioak eta printzipioak izango dira. Ezin da ahaztu, funtsean, politika-, zuzendaritza- edo kudeaketa-erantzukizuneko postu horietan EAEko Administrazioko erabaki exekutiboak hartzen direla.

Hortaz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunei eskatu ahal zaizkien jokabideak eta portaerak aipatutako balioen edo, hala badagokio, printzipioen barruan kokatzen dira. Horien arteko gertutasuna edo antzekotasuna ikusita, zenbait kasutan, jokabide horiek balio eta printzipioen multzo bateratu batean bildu ditugu. Beraz, jokabide horiek honela egituratuko dira:

● Kargu publikodunaren integritateari, inpartzialtasunari eta objektibotasunari lotutako jokabideak eta portaerak.

● Bikaintasunari lotutako jokabideak eta portaerak.

● Politika eta kudeaketa bat etortzeari lotutako jokabideak eta portaerak.

● Lidergoari lotutako jokabideak eta portaerak.

● Berrikuntzari lotutako jokabideak eta portaerak.

● Jarduera pribatu zein publikoetan diharduten Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek zintzo jokatzeari, interes subjektiborik ez izateari eta interes-gatazkak saihesteari lotutako jokabideak eta portaerak.

● Erakundeekiko eta pertsonekiko errespetuari dagozkion jokabideak eta portaerak.

● Gardentasunari eta Gobernu irekiari buruzko jokabideak eta portaerak.

● Kudeaketaren erantzukizunari buruzko jokabideak eta portaerak.

● Eredugarritasunari eta kanpoko beste adierazpen batzuei buruzko jokabideak eta portaerak.

Atal horietako bakoitzaren barruan zenbait jokabide eta portaera sartzen dira sistematikoki; batzuetan gehiago, besteetan gutxiago. Adierazpenak horrela ordenatzeak aukera ematen du horiek hobeto identifikatzeko eta, era berean, portaera horiek bereganatu behar dituzten pertsonei lagun diezaieke, portaera horiek errazago ulertzen eta barneratzen.

Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek bete egin beharko dituzte Kode honen 4. zenbakitik 15.era arte jasotako balioak, printzipioak, jokabideak eta portaerak (zenbaki horietan jasota daude, halaber, Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta haien Interes Gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legearen 5., 6., 7. eta 8. artikuluetan adierazitakoak).

Era berean, Etika eta Jokabide Kodearen testuan ezartzen da kodeari atxikitzeko prozedura berrikusi behar dela, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek kodeari atxikitzeko duten asmoa behar bezala adierazten dela ziurtatzeko eta horren kudeaketa errazteko.

Halaber, kodean jasotakoa aldizka berrikusteko eredua ezarri da, eta, hortaz, inguruabar edo une bakoitzera egokitzen den ala ez ere aztertuko da.

Etika Publikorako Batzordea sortu da, zeinak garrantzi handiko eginkizunak izango baititu kodea bultzatzeko, koordinatzeko eta hari jarraipena egiteko.

Etika eta Jokabide Kodeari zabalkundea emateko zenbait neurri aurreikusten dira eta, halaber, banakako atxikipenerako adierazpen-eredu bat ezartzen da; horrek berekin dakartza obligazio garrantzitsuak, testuan jasotako aurreikuspenak urratzen diren kasuetarako.

1.– Etika eta Jokabide Kodearen xedea.

1.1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek bete behar dituzten etika- eta jokabide-arauak ezartzea da Etika eta Jokabide Kode honen helburua.

1.2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek Etika eta Jokabide Kode honetako balio eta printzipioei jarraikiz jardungo dute beren funtzioetan, bai bakarrik dihardutenean, bai parte hartzen duten erakunde edo antolamendura eta herritarrengana zabaltzen direnean.

1.3.– Kode honetan bildutako etika- eta jokabide-arauek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko kargu publikodunen integritate etikoa eta jardun eraginkorra sustatzea dute xede. Arau horiek, gainera, badute beste helburu bat: Eusko Jaurlaritzako Goi Mailako Zuzendaritza Exekutiboaren kalitate handiari eustea, eta, behar izanez gero, kalitate hori areagotzea, maila handiko zerbitzu publikoak emateko eta, ondorioz, herritarrek beren erakundeetan duten konfiantza zaintzeko eta indartzeko.

1.4.– Kode honetan jasotzen diren balioak, printzipioak eta, hala badagokio, jokabideak berehala egokituko dira Eusko Legebiltzarraren legeek gai honetan jasotako aurreikuspenetara, baldin eta batzuen eta besteen artean bat ez-etortzerik badago.

1.5.– Nolanahi ere, kode hau tresna bizia eta malgua da, eta aldatu, egokitu eta zuzendu ahal izango da Etika Publikorako Batzordeak –urtero egindako txostenen arabera– berariaz emandako gomendioak eta proposamenak kontuan hartuta.

2.– Etika eta Jokabide Kodearen hartzaileak.

2.1.– Hauek dira Etika eta Jokabide Kode honen hartzaileak:

a) Lehendakaria eta Jaurlaritzako gainerako kideak.

b) Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 29. artikuluan aipatzen diren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko goi-kargudunak eta sortzeko arauan edo izendapenean horiekin parekatutakoak.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoko zuzendariak, baldin eta indarrean dauden arauetan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko goi-kargudunekin parekaturik badaude (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997ko Legegintzako Dekretuan zehazten da EAEko sektore publikoa, 7. artikuluan).

d) Eusko Jaurlaritzak edo lege honen aplikazio-eremuan sartuta dauden kargu publikodunetako batek zuzendaritza- edo administrazio-kargu bat betetzeko izendatzen dituzten pertsonak, halako karguak izaera eta kapitalaren zatirik handiena pribatua duten erakundeetan badaude, edo kargua dagoen erakundearen kontrola –Merkataritzako Kodearen 42. artikuluan adierazitakoaren arabera– hainbat administrazio publikori edo haien sektore publikoei badagokie, eta, betiere, izendatze-egintzan hala ezarrita badago.

e) Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeko eta Lan Harremanen Kontseiluko Lehendakaritzako eta Idazkaritza Nagusiko titularrak; Datuak Babesteko Euskal Bulegoko Zuzendaritzako titularra, eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoko kideak.

f) Euskal Autonomia Erkidegoaren edo Eusko Legebiltzarraren zerbitzura dagoen beste edozein pertsona, baldin eta dagokion organoaren sorrera-arauan edo izendapenean artikulu honetan aipatzen den kargu publikodunen batekin parekatuta badago.

g) Zuzendariaren pareko edo goragoko maila duten Euskal Autonomia Erkidegoko behin-behineko langileak.

2.2.– Kode hau ez zaie aplikatzen Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioei eta langile lan-kontratudunei, enplegu publikoari buruzko euskal legeek horretarako xedatutakoari jarraituko baitiote, edo, bestela, Eusko Jaurlaritzak Erabaki edo erregelamenduzko arau-xedapen bidez zehaztu dezakeen Jokabide Kodeak xedatutakoari. Nolanahi ere, aplikagarriak izango dira Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 52. 53. eta 54. artikuluak eta lehen xedapen gehigarria.

2.3.– Era berean, kasuan kasuko gobernu-organoek hala erabakiz gero, kode hau kargu publikodun hauei ere aplikatu ahal izango zaie: administrazio independenteetakoei edo Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko gainerako instituzio edo erakundeetakoei (atal honetako 2.1 zenbakian jasota ez daudenak).

3.– Etika eta Jokabide Kodearen izaera.

3.1.– 2.1 zenbakian aipatzen diren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek Kode honetan 4. zenbakitik 15.era jasotzen diren balio, printzipio, jokabide eta portaerak bete beharko dituzte. Arau horiek gutxieneko estandarrak dira, eta beren eskakizun-mailetan osatu egin daitezke kasuan kasuko esparruetan edo erakundeetan onar daitezkeen berariazko edo sektoreko kodeen bidez.

3.2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek, banan-banako atxikitze-egintzan, konpromisoa hartuko dute organo eskudunari dimisioa aurkezteko, Kode honetan aurreikusitako ez-betetze kasuren batean erortzen badira eta ezarritako jokabideen ez-betetze horrek kargua uztea badakar.

3.3.– Nolanahi ere, balioek, printzipioek eta portaerek (jokabide-estandarrek) argituko dute nola interpretatu eta aplikatu behar diren aplikagarria den legediak –horrelako kargu publikodunen egintza edo ez-egiteetarako– ezarriko dituen administrazio-arloko arau-hauste motak eta zehapen-araubidea.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunen jardunak oinarri hartzen dituen balioak.

4.1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunen jarduna balio hauetan oinarritzen da:

4.1.1.– Integritatea.

Kode honi dagokionez, hau da integritatea: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek sistematikoki eta iraunkorki betetzea zintzotasun-, inpartzialtasun-, objektibotasun-, eta gardentasun-printzipioak, errespetua izatea esparru juridikoari eta ingurune publiko horretan esku hartzen duten edo harekin harremana duten pertsona guztiei (zeinahi delarik ere pertsona horien maila), eta beren eskumeneko gaien kudeaketan erantzukizun-parametroen arabera jokatzea.

4.1.2.– Bikaintasuna.

Bikaintasunaren balioak berekin dakar inplikatzea eta etengabeko hobekuntzarako ahalegina egitea, herritarren eskakizun guztiei erantzun ahal izateko erabaki publikoetan eta ematen diren zerbitzu publikoetan. Horretarako, eraginkortasunez jokatu behar da, eta saiatu behar da bat etor daitezen erakundean lan egiten duten pertsonen helburuak, baita teknologiei eta prozesuei dagokienez ere.

4.1.3.– Politika eta kudeaketa bat etortzea.

Kalitate instituzionalak nahitaezkoa du estrategiak, helburuak eta baliabideak ildo beretik joatea Goi Mailako Zuzendaritza Exekutiboaren egiturako maila politikoetan eta zuzendaritzako nahiz erdi-mailako mailetan, baita erakunde horretan lan egiten duten gainerakoen artean ere (enplegatu publikoak). Bat etortze horretan, beharrezkoa da proiektuak eta informazioa partekatzea, konfiantza eta taldean lan egiteko giroa sortzea, eta ideiak eta ekintza sustatzea, Gobernu-programa garatzeko eta, horrenbestez, herritarren beharrei erantzuteko.

4.1.4.– Lidergoa.

Lidergoak eskatzen du ikuspegi estrategikoa izatea, erakundeari zentzua eta norabidea ematea, balioa egiaztatzea eta giro egokia sortzea prestasuna, inplikazioa, gogoa eta leialtasuna egon dadin egitura horretan lan egiten dutenen artean; halaber eskatzen du taldeak kohesionatzea eta proaktiboki jardutea, eta, behar izanez gero, ardurak delegatzea.

4.1.5.– Berrikuntza.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunen kasuan, berrikuntzaren balioak berekin dakar kultura-molde hau ezartzea eta sustatzea: erakundean zehar sormena sustatzen duena, pertsonen lanbide-gaitasunak garatzen dituena, eta prozesuen, produktuen eta zerbitzuen emaitzak etengabe hobetzen dituena. Berrikuntzak esan nahi du aldaketaren alde egin behar dela erabakitasunez eta etengabe, herritarren eskariei eta beharrei aurrea hartu behar zaiela, eta ideia, kontzeptu eta prozesu berrietara egokitzeko ahalmena eta jarrera irekia izan behar dela.

4.2.– 4.1. zenbakian jasotako balioak, behar izanez gero, gehiago zehaztu ahal izango dira, Goi Mailako Zuzendaritza Exekutiboa osatzen duten kargu publikodunen maila bakoitzean balio horiek zenbateraino aplikatu behar diren kontuan hartuta, eta betiere, Eusko Jaurlaritzak –Etika Publikorako Batzordeak horretarako landutako proposamena aintzat hartuta– erabakitzen duenaren arabera.

5.– Etika eta Jokabide Kodearen printzipioak.

5.1.– Lehen aipatutako balioek eta atal honetan jasotako printzipioek argi uzten dute zer ardatzetatik abiatuta egituratzen diren kode honetan aurreikusten diren portaerak eta jokabide-estandarrak.

5.2.– Honako printzipio hauek dute eragina kode honetan aurreikusitako jokabideak zehaztean:

5.2.1.– Norbanakoaren jokabidearen printzipioak, Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta haien Interes Gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legearen 6. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

5.2.1.1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek fede onez, inplikazio handiz eta zerbitzu publikoari dedikazio osoa eskainiz beteko dituzte beren funtzioak, eta agintzen zaien horren xederako bakarrik jardungo dute.

5.2.1.2.– Beren erabakien eta ekintzen erantzule izango dira, betetzen duten karguari dagozkion kontrolak egingo zaizkie, eta karguan dihardutela egindakoaren edo ez egindakoaren ondorioak beren gain hartuko dituzte. Halaber, jarduera irregularren baten berri izaten badute, jakinaren gainean jarriko dituzte agintari nahiz erakunde eskudunak, eta haiekin elkarlanean jardungo dute.

5.2.1.3.– Inpartzialtasun-, zintzotasun- eta objektibotasun-printzipioak errespetatuko dituzte, eta irizpide independentea izango dute, interes partikular oro baztertuz. Halaber, ez dute parte hartuko beren objektibotasunari eragin diezaiokeen kausaren bat duten gaietan.

5.2.1.4.– Beren eskumenak erabiltzean edo erabiltzearen ondorioz ezagutzen dituzten egitate edo informazioak isilpean gordeko dituzte, eta ezin izango dute beren zereginak betetzean eskuratutako informazioa baliatu edo eman, ez agintaldian ez kargua utzi ondoren, beren buruaren edo hirugarren baten onurarako. Halaber, beren funtzioekin bateragarriak ez diren egoerak, jarduerak edo interesak saihestuko dituzte, eta ez dute euren buruarentzat oparirik onartuko (ohiko, gizarteko edo kortesiazko usadioez aparte), ezta abantailazko mesederik edo zerbitzurik ere.

5.2.1.5.– Beren postuetan eta eskumenetan dihardutela, lagundu egin beharko dute ordezkatzen duten instituzioaren edo zerbitzatzen duten erakundearen izen ona, duintasuna eta irudia zaintzen. Beti egin beharko dute hori: ekintza publikoetan zein pribatuetan.

5.2.1.6.– Kargu publikoak betetzen dituztenen trataera ofiziala jauna/andrea izango da, eta, ondoren, kargu, postu, lan edo mailaren izena aipatuko da.

5.2.2.– Kalitate instituzionalaren printzipioak., Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta haien Interes Gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legearen 7. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

5.2.2.1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek baliabide publikoen eraginkortasuna eta efizientzia bilatuko dute, eta agindutako zerbitzu publikoaren kalitatea eta jasangarritasuna bermatuko dituzte.

5.2.2.2.– Beren funtzioak betetzean, lehentasuna eman behar diete beti ikuspuntu estrategikoari eta plangintzari, etorkizuneko erronken eta arazoen konponbidea aurreikusteko.

5.2.2.3.– Sormena eta berrikuntza sustatzen dituen kultura-molde bat ezarri eta sustatu beharko dute, bai erakundean bertan, bai dagokien sailean ematen diren zerbitzuetan.

5.2.2.4.– Saiatu behar dira estrategiak, helburuak eta baliabideak ildo beretik joan daitezen, Goi Mailako Zuzendaritza Exekutiboaren egiturako maila politikoetan eta zuzendaritzako nahiz erdi-mailako mailetan, baita erakunde horretan lan egiten duten gainerakoen artean ere.

5.2.2.5.– Karguari lotutako funtzioak etengabeko ahaleginaz bete beharko dituzte, gidatzen duten saileko edo unitateko prozesuen, produktuen eta zerbitzuen emaitzak etengabe hobetzeko eta pertsonen lanbide-gaitasunak garatzeko.

5.2.3.– Herritarrekiko harremanetarako printzipioak, Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta haien Interes Gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legearen 8. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

5.2.3.1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek pertsonen duintasunarekiko errespetua izango dute printzipio nagusi, herritarrak zuzentasun osoz tratatuko dituzte, eta aurkari politikoen bizitza pribatuan sartzea saihestuko dute.

5.2.3.2.– Genero-berdintasuna sustatuko dute, eta berdin tratatuko dituzte egoera berean dauden pertsonak, diskriminazio oro saihestuz.

5.2.3.3.– Herritarrek politika publikoen diseinuan eta erabakiak hartzeko prozesuetan parte hartzea sustatuko dute.

5.2.3.4.– Herritarrek hizkuntza-eskubideak baliatzea bermatuko dute, euskararen normalizazioa bultzatzea bereziki aintzat hartuta eta haren erabilera sustatuta.

5.2.3.5. Kultura-ondarea eta ingurumena babestea bultzatuko dute, beren eskumenen esparruan.

5.2.4.– Inpartzialtasuna eta objektibotasuna.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek beti jokatuko dute inpartzialtasun- eta objektibotasun-printzipioen arabera, erabakiak hartzeko prozesuetan eta, bereziki, beren eskumenak erabiliz egiten dituzten ekintzetan. Printzipio horiek, bereziki, kontratazio-prozeduretan, diru-laguntzak ebaztean, arauen aplikazioan eta finantza-baliabideen edo bestelakoen erabilpenean baliatuko dira.

5.2.5.– Kudeaketari lotutako erantzukizuna.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek egiten duten kudeaketaren erantzule izan behar dute, baita beren eskumenen eta funtzioen esparruan hartutako erabakien, ekintzen eta ez-egiteen erantzule ere. Haien erantzukizuna politikoa edo kudeaketari lotutakoa izango da (kasuaren arabera), eta erantzukizun horrek, legez aurreikusitako kasuetan, berekin ekar dezake kontuak eman beharra, eta, kasu batzuetan, baita kargua uztea edo kargu horretatik aldentzea ere. Erantzukizun hori eraginkorra izateko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek, neurri horien arrazoi objektiboak jakinarazi eta justifikatu beharko dituzte euren ebazpenetan, egintzetan edo beste erabakietan, eta, horrela, Legebiltzarraren eta herritarren azterketa egoki baten mende egongo dira.

5.2.6.– Gardentasuna eta Gobernu irekia.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek, euren erabaki eta ekintzak jakinarazteaz gain, herritarrei informazio fidagarria eta osoa eman behar diete hartzen dituzten erabakiei buruzko arrazoi, azterlan, ikerketa eta prozedurei buruz, eta, bereziki, haien finantza-kostuei eta kostuok ordaintzeko moduari buruz. Informazio hori murrizteko aukera egongo da, soilik, legeek salbuespen moduan hala aurreikusten badute. Gardentasunarekin batera, erabakitasunez eta gero eta zorrotzago egin beharko da Gobernu irekiaren alde, eta, bereziki, finantza-ondorioak dituzten erabaki edo egintza guztiei buruzko informazio zehatza emateko konpromisoaren alde. Aurrekontu-egonkortasuna eta zorpetze jasangarria zaintzea izango da haien jardunaren ildo nagusia.

Gainera, dagozkien erakunde eta sailetan gardentasuna benetan ezartzearen aldeko jarrera izango dute, eta, orobat, Gobernu irekiaren, datuen berrerabilpenaren –datu pertsonalak babesteko araudiaren arabera– eta administrazio elektronikoaren alde agertuko dira.

5.2.7.– Zintzotasuna eta interes subjektiborik eza.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek beren funtzioak zuzen betetzea eragotz edo oztopa dezaketen interes publiko edo pribatu oro aitortu behar dute, eta beharrezko urratsak egingo dituzte edozein interes-gatazka konpontzeko, organo eskudunei horrelako edozein gorabehera jakinaraziz (baita garrantzi txikikoa izanda ere). Horrek esan nahi du erabaki guztiak interes publikoaren eta herritarren onurarako hartu behar direla, eta horretarako bakarrik, guztiz baztertuz, ebazpen edo erabaki bat erabakia hartu duenaren, haren familiakoen, ezagunen edo lagunen mesederako hartu dela edo edozein eratako interes partikularrek eragindakoa dela pentsatzera eraman lezakeen susmo edo zalantza oro.

5.2.8.– Errespetua.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek pertsonek merezi duten eta eska dakiekeen errespetu eta duintasunarekin tratatu behar dituzte herritarrak, enplegatu publikoak, beste kargu publikodunak eta ordezkariak. Beraz, ez dute mespretxuzko hitzik erabiliko, ez dute bazterkeriazko jokabiderik izango, iruzkinik egingo, eta bereziki zainduko dute inor ez diskriminatzea generoa, arraza, erlijioa, sinesmenak, ideologiak, sexu-orientazioa, ezintasuna edo beste edozer dela-eta. Jendaurrean, terrorismoaren edo beste edozein indarkeria-motaren biktimekiko errespetu berezia erakutsiko dute. Pertsonak kortesiaz eta adeitasunez tratatuko dituzte, eta haiek beren instituzio edo erakundeetan betetzen duten funtzioa aintzat hartuko dute.

5.2.9.– Eredugarritasuna.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunak, eta, bereziki, gobernu- edo erakunde-egituretan postu nagusiren bat betetzen dutenak, erakundearen ispilua dira, herritarrei eta erakunde publiko horretan diharduten gainerako pertsonei erakundearen irudia itzultzen dietenak, eta, horregatik, ez dute ezer egin behar edo egin gabe utzi behar baldin eta horrek kalte egiten badio, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ospe, duintasun eta irudi instituzionalari (ezta kalte oso txikia izanda ere). Hartara, ez da gutxituko herritarrek sistema instituzionalean duten konfiantza.

5.3.– 5. zenbaki honetan jasotako printzipioak gehiago zehaztu ahal izango dira, kontuan hartuta zenbateraino aplikatu behar diren printzipio horiek Goi Mailako Zuzendaritza Exekutiboa osatzen duten EAEko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunen maila bakoitzean, eta betiere, Eusko Jaurlaritzak –Etika Publikorako Batzordeak horretarako landutako proposamena aintzat hartuta– erabakitzen duenaren arabera.

6.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunen integritateari, inpartzialtasunari eta objektibotasunari lotutako jokabideak eta portaerak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek jokabide eta portaera hauek izan beharko dituzte integritatearen balioari eta inpartzialtasun- eta objektibotasun-printzipioei dagokienez:

a) Ez dute jardungo pertsona baten edo erakunde publiko zein pribatu baten alde, eta ez dute egingo pertsona edo erakunde horien alde jardun dutela pentsatzera eraman dezakeen susmorik sor dezakeen ezer.

b) Inoiz ez dituzte erabiliko ez erakundean duten postua, ez karguaren ondoriozko pribilegioak beren buruarentzat abantailak lortzeko edo edozein pertsona edo erakunderentzat abantailak edo desabantailak lortzeko (zuzenean edo zeharka), non eta indarreko araudi-esparruan babestuta ez dagoen hori.

c) Ematen dituzten erabakiak edo irizpideak beste enplegatu edo kargu publikodun batzuek betez gero, eskura dituzten bitarteko guztiak jarri beharko dituzte irizpide edo erabaki horiek interes publikoa betetzen erabil daitezen, eta inoiz ere ez enplegatu edo kargu publikodun horiek zuzenean edo zeharka etekina atera dezaten, beraientzat edo beste batzuentzat.

d) Euren erabaki, ebazpen eta ekintza guztiak informazio fidagarrian oinarrituta egongo dira (txostenak, azterlanak, proiektuak edo irizpenak), bai eta ebatzi beharreko gaiari lotuta eskura dauden datuen azterketa objektiboetan ere. Horretarako, aholkularitza teknikoa baliatuko da, bitarteko propioen eta, behar izanez gero, kanpokoen bidez, arazoak modu objektiboan hartzen eta behar bezala konpontzen laguntzeko.

7.– Bikaintasunari lotutako jokabideak eta portaerak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek, beren funtzioak betetzean, bikaintasun-jokaeretan oinarrituta eta haiei egokituta jardungo dute (bai jarduera politikoan dihardutenean, bai jarduera exekutiboan dihardutenean), eta, zehazki, kontuan hartu beharko dituzte honako hauek:

a) Karguari lotutako funtzioak inplikazio handiz bete beharko dituzte, eta etengabeko ahalegina egin behar dute gidatzen duten saila edo unitatea etengabe hobetzeko.

b) Dagozkien funtzioak betetzean, herritarren eskakizunei erantzutea eta haiei zerbitzu publiko hobeak ematea izan behar da xede nagusia.

c) Baliabideen erabileran eraginkortasuna lortzea izango da haien jardunaren helburua; baliabide horiek pertsonalak, teknologikoak edo kudeaketa-prozesuen arlokoak izan daitezke.

d) Lanbide-gaitasunak eta pertsonalak garatu beharko dituzte, arreta etengabe jarriz prestakuntzan. Lanbide-garapenean jarritako arreta horrek ez die inoiz kalte egin behar daukaten kargu publikoaren funtzioei.

e) Era berean, hizkuntzetan etengabe hobetzeko konpromisoa hartuko dute, batez ere, euskarari eta karguari lotutako funtzioak zuzen betetzeko nahitaezkoak diren beste hizkuntzei dagokienez.

8.– Politika eta kudeaketa bat etortzeari lotutako jokabideak eta portaerak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek politikaren eta kudeaketaren bat-etortze egokia lortzen ahalegindu beharko dute beren sail, unitate edo erakundeetan. Bat-etortze horrek, zehazki, hau esan nahi du:

a) Jomugak eta helburuak leialtasunez partekatzea, eta eskura dauden bitarteko guztiak jartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren politika publikoek emaitza ona izan dezaten, eta onuragarriak izan daitezen herritarrentzat.

b) Era berean, ideiak, proiektuak eta informazioa partekatzea gainerako lankideekin, kargu bera dutenekin edo enplegatu publikoekin, eta beren funtzioak eta lana elkarrekiko leialtasun-giroan eta konfiantza-giroan gauzatzea.

c) Sare-lana bultzatzea, eta, bereziki, politika eta kudeaketa bat etorraraztea informazioaren eta komunikazioen teknologien bidez.

d) Sailean, unitatean edo erakundean zuzendaritza-postuak betetzen dituztenek leialki eta profesionaltasunez lan egitea Gobernu- proiektua eraginkorki garatzeko eta agintaldiko programa edo plana betetzeko, edozein delarik ere bakoitzaren ideologia.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek aurrekontua erabiltzea politika eta kudeaketa bat etorrarazteko tresna moduan, helburuen diseinuan eta emaitzen lorpenean.

9.– Lidergoari lotutako jokabideak eta portaerak.

Lidergoaren balioaren erabilera zuzena jokabide hauetan adierazten da:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek lehentasuna eman behar diete beti ikuspuntu estrategikoari eta plangintzari beren funtzioak betetzean, etorkizuneko erronken eta arazoen konponbidea aurreikusteko.

b) Era berean, babesten duten proiektuaren alde jarduteko gogo bizia zabaldu behar dute erakundean eta bertan lan egiten dutenen artean, eta taldeari nahiz lankideei inplikazioa, buru-belarri aritzea eta leialtasuna transmititu eta eskatu behar dizkiete.

c) Lantaldeen kohesioa sustatuko dute, elkarreragina eta jarrera proaktiboa bultzatuko dituzte haien funtzionamenduan, eta, erakundeak funtzionamendu ona izan dezan beharrezkoa bada, gaitasuna duten pertsonen esku utziko dituzte zenbait ardura.

10.– Berrikuntzari lotutako jokabideak eta portaerak.

Berrikuntzaren balioari lotutako jokabideak eta portaerak honela adierazten dira:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunen jardueran, berrikuntza jarraibide nagusietako bat izango da, bai erakundean bertan, bai dagozkien funtzioak betetzean, bai sailean, unitatean edo erakundean ematen diren zerbitzuetan.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egitura guztietan sustatuko da berrikuntza, epe luzean balioa sortzeko estrategia jasangarri moduan.

c) Ingurune hurbilean eta lankideen artean etengabeko berrikuntzaren kultura sustatu beharko dute, eta, horren ondorioz, aurrekontu-ekitaldi bakoitzean, berrikuntza-proiektu zehatzak abiaraziko dira, emaitzetan behar bezala ebaluatuko direnak.

d) Berrikuntzak berekin ekarriko du uneoro galdetzea eta aztertzea ea gauzak egiteko modu tradizionalak eta egungo metodoek egokienak, beharrezkoenak eta eraginkorrenak izaten jarraitzen duten, eta etengabe sustatuko du aldaketak egitea pertsonak, prozesuak eta bitarteko teknologikoak kudeatzeko moduetan.

e) Era berean, beren erakundeak etengabe egokitzeko eta irekitzeko gaitasuna izatearen alde egin beharko dute, euren erakundeen lehiakortasuna hobetzeko, sektore publikoko beste ingurune batzuekiko.

f) Berrikuntza-ekintzak modu berezian eta etengabe erabiliko dira pertsonen, erakundeen, prozesuen eta ondasun nahiz zerbitzuen ekoizpenaren kudeaketan.

11.– Jarduera pribatu zein publikoetan diharduten Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek zintzo jokatzeari, interes subjektiborik ez izateari eta interes-gatazkak saihesteari lotutako jokabideak eta portaerak.

11.1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunen zintzotasunari, interes subjektiborik ezari eta interes-gatazkak saihesteari lotutako jokabideak eta portaerak bi motatakoak dira, nagusiki:

a) Interes-gatazkak sor ditzaketen jokabideak.

b) Opariekin eta onura posibleekin zerikusia duten jokabideak.

11.2.– Interes-gatazkak sortzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek erabakietan esku hartzen dutenean, baldin eta erabaki horiei lotutako kontuen atzean, postu publikoak dituen interesekin batera, beste hainbat interes badaude: norberaren interes pribatuak, zuzeneko senideen interesak edo hirugarren pertsonekin partekatzen dituzten interesak.

11.3.– Hauek dira kargua bete bitartean beti saihestu beharreko interes-gatazka posibleei lotutako jokabideak, betiere, hargatik eragotzi gabe legeak ezar ditzakeen jokabideak eta bertan jasotzen diren obligazioak:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek inoiz ere ez dituzte erabiliko dauzkaten eskumen instituzionalak prozedurak azkartzeko, kargetatik salbuesteko edo onuraren bat emateko hirugarren pertsonei edo erakundeei, Euskal Autonomia Erkidegoarenak ez diren interesak direla-eta.

b) Edozein erabaki edo jardueratan norberaren interesek eta interes publikoak talka egiten badute, horren berri eman beharko dute, eta ez dute parte hartuko inolako ekintzetan, baldin eta interes pertsonala badute (zuzenean edo zeharka) edo ekintza horietan interes-borroka egon daitekeela ondoriozta badaiteke.

c) Ez dute inolako negoziorik edo jarduerarik egingo, baldin eta horiek interes publikoekin talka egin badezakete (zuzenean edo zeharka) edo zalantzan jar badezakete erabakiak hartzeko prozesuaren edo Herri Administrazioaren funtzionamenduaren objektibotasuna.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek, interes-gatazka batean sartuta badaude, lehentasuna eman behar diete beti interes publikoei.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek, baldin eta beren betebeharrekin eta erantzukizunekin talka egiten duen edo egin dezakeen interes-gatazka baten eraginpean badaude, berehala eman beharko diote horren berri Etika Publikorako Batzordeari eta, hala badagokio, euren abstentzioa formalizatuko dute Langileen Erregistro Zerbitzuan, non adieraziko baitute (ahal bada, idatziz) gatazka horren aurrean daudela, edo, behintzat, une horretan edo etorkizunean interes-gatazka bat egon daitekeela pentsatzera daramatzan susmoa dutela. Idazkiak aipatu organo horren erantzuna jasoko du berehala. Interes-gatazka bat pizten bada, edo zalantza sortzen bada gatazka hori egon ote daitekeen, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek, erakundearen izen ona zaintzeko kautelazko neurri gisa, ez dute parte hartuko inolako erabakitze-prozesutan, baldin eta susmatzen bada prozesu horretan parte hartuz gero interes-gatazka sor daitekeela (ez dute parte hartuko susmoa oso txikia izanda ere).

f) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek, baldin eta aurreko paragrafoan aurreikusitako egoeretako batean badaude, nagusi hierarkikoaren esku utzi beharko dituzte beren ardurak, edo, bestela, egoera horietakoren batean ez dagoen saileko edo erakundeko beste kargu publikodun baten esku.

g) Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko kargu publikodun batek kargua hartu baino lehen edo ondoren izandako lanbide-jarduerak direla-eta sor daitezkeen interes-gatazkak arautuko ditu legeak.

11.4.– Opariei edo onura posibleei lotutako jokabideak edo portaerak:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek ez dute onartuko pertsona edo erakunde publiko zein pribatuen inolako dohaintzarik edo oparirik (ohiko usadioei edo kortesiari lotuta daudenak salbu), baldin eta opari horiek betetzen duten karguagatik ematen bazaizkie. Hartara, kargudun horien erabaki publikoetan ez da gero interferentziarik egongo, eta zaindu egingo da erakundearen inpartzialtasun- eta integritate-irudia. Opari edo dohaintza guztiak lehenbailehen itzuliko zaizkie eskaini dituzten erakundeei edo pertsonei. Itzultze hori, dena delakoagatik, ezinezkoa bada, erakunde publikoetako gizarte-zerbitzuei edo gobernuz kanpoko erakundeei emango zaizkie gauza horiek, geroago premia duten pertsona eta kolektiboen artean bana ditzaten. Opariok ezin badira banatu aurreko zatian adierazi bezala, Euskal Autonomia Erkidegoaren Ondareari gehituko zaizkio, eta, horrenbestez, legez bidezko den erabilera emango zaie.

b) Bidaiei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek joan-etorrietarako txartelen, hotelaren eta mantenuaren ordainketa bakarrik onartuko dute hirugarrenengandik, instituzio pribatuek, publikoek edo horien mendeko erakundeek ofizialki gonbidatuta jarduera, bilera, jardunaldi edo kongresuren batean parte hartu behar dutenean, beren ardura exekutiboekin zerikusi zuzena duten gaiak lantzeko.

c) Inoiz ere ez dute onartuko diruzko edo gauzazko saririk hitzaldiak emateagatik edo eztabaidetan parte hartzeagatik. Salbuespena egingo da jarduera bere kualifikazioen edo aurretiazko lanbide-jardueren arabera gauzatzen denean eta ekitaldi horretan parte hartzearen xedeak inolako zerikusirik ez duenean kargu publikoa betetzearekin.

d) Ez dute onartuko pertsona fisikoen nahiz erakunde pribatuen faborezko traturik, ez eta arrazoirik gabeko pribilegioa edo abantaila dakarren egoerarik ere.

e) Era berean, beharrezkoak diren neurri guztiak hartu beharko dituzte hurbileko senideek inola ere oparirik edo onurarik jaso ez dezaten edozein erakunde edo pertsonarengandik, baldin eta jasotze horrek hirugarrenen aldeko faborezko tratua dagoela pentsatzera eramaten duen susmorik txikiena ere sor badezake, eta, horrenbestez, kalte egin badiezaioke herritarrek beren erakundeez duten inpartzialtasun- eta konfiantza-irudiari.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek gainerako herritarrentzat aurreikusitako baldintza eta eskakizun berberak bete beharko dituzte finantza-eragiketetan, ondare-obligazioetan edo egiten dituzten negozio juridikoetan.

g) Ez dituzte desegokiro erabiliko Administrazioak, betetzen duten karguagatik, eskura jartzen dizkion ondasunak eta zerbitzuak.

11.5.– Zintzotasunak jokabide zuzen, zintzo eta prestua izatea dakar berekin, hitza eta jokabidea kasu bakoitzean zuzentzat jotakora egokitzea, bidegabeko abantailak baztertzea, eta ez erabiltzea karguari lotutako pribilegioak ezein onura-mota lortzeko.

11.6.– Era berean, kargu publikoan jokabide zintzoa izateak esan nahi du gauza izatea egiazkotasuna eta sinesgarritasuna transmititzeko, engainura ez jotzea eta konpondu beharrekoak diren arazoen aurrean, arreta ez desbideratzea edo arazo horiek ez estaltzea.

11.7.– Kode honen eraginpeko pertsonek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra, Administrazio Instituzionala osatzen duten erakundeak edo sektore publikoa ordezkatzen badituzte partzuergoetako edo partaidetutako beste erakunde batzuetako administrazio-kontseiluetan edo beste gobernu-organo batzuetan, inoiz ere ez dute babestuko zuzendaritzako kideen kontratazioa, baldin eta kontratu horietan blindaje-klausulak edo kargua uzteagatiko kalte-ordainak ezartzen badira, eta horiek Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako eta sozietate publikoetako zuzendaritzetako kideentzat legez onartutako kopurua baino handiagoak badira.

12.– Erakundeekiko eta pertsonekiko errespetuari dagozkion jokabideak eta portaerak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek honako jokabide hauek izango dituzte, erakundeekiko eta pertsonekiko errespetuari dagokionez:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek arretaz eta begirunez hartuko dituzte erakunde bereko gainerako kargu publikodunak, enplegatu publikoak eta herritarrak, baita –karguaren eta arduren arabera– eurekin harremanetan dagoen edonor ere.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek ezingo dituzte inolaz ere faltsutu curriculum profesionalari, titulazioari eta esperientziari buruzko datuak, ez eta haiei buruz gezurretan aritu ere, ordezkatzen duten erakundeari eta herritarrei zor zaien begiruneagatik. Arlo horiei buruzko edozein faltsutze eta gezurren ondorioa izango da kargu publikoari berehala uko egitea, eta, hala badagokio, funtziogabetzea.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek adeitasunez, edukazioz eta enpatiaz garatu behar dituzte beti erakunde publiko zein pribatuetako ordezkariekiko harremanak, bai eta edonorekiko harremanak ere.

d) Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek, bai euren arteko harremanetan, bai gainerako eragile politikoekin eta kargu publikodunekin dituzten harremanetan, begirunez jokatu behar dute, eta hizkera zaindu eta zuzen bat erabili behar dute.

e) Oposizio politikoarekiko harremanetan adeitasun eta begirune berezia adieraziko dute, bai erakundeetan, bai erakundeetatik kanpo, eta eztabaida publikoan desadostasunak argi eta irmo azalduko dituzte, baina fintasun osoz, betiere irainak eta gaitzespen pertsonal zein politikoak alde batera utzita.

f) Orobat, begirune eta arreta berezia izango dute enplegatu publikoekin, batez ere beren funtzioei dagokien jarduera-arlo edo -sektoreko kideekin. Horrenbestez, pertsona horiei zor zaien errespetua eta begirunea erasan dezaketen jokabideak saihestuko dituzte.

g) Ardurapean dituzten edota erakundean lanean diharduten enplegatu publikoen aurkako jazarpentzat har daitekeen edozein neurri edo ekintza erabat saihestuko dute, eta alde batera utziko dute esplizituki zein inplizituki tratu diskriminatzailea dakarren jokaera oro. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekiko errespetua zaindu eta sustatuko dute, bereziki. Edozein diskriminazio-egoera berehala salatu ahal izango da Etika Publikorako Batzordearen aurrean, eta salaketa hori bidezkoa ala bidegabea den argitzeko ikerketa egingo du batzordeak, informazio-espedientea irekitzea objektiboki justifikatzen duten zantzuak abiapuntutzat hartuta. Albistea oinarririk gabea baldin bada, gertaera horien ondorioa izango da funtsik gabe salaketa jarri duenari diziplinazko espedientea irekitzea, legeak ezarritakoaren arabera.

h) Zuzentasun finez eta begirunez arreta emango diete herritarrei, eta haien proposamen, iradokizun eta kexak aktiboki entzungo dituzte. Halaber, herritarrentzat ulergarria den komunikazio publikoa gauzatzen ahaleginduko dira, eta erabaki publikoak hartzeko garaian pertsonen tokian jarriko dira, betiere bitarteko eta berehalako egoerak zer-nolakoak izan behar duten aintzat hartuta.

i) Iradokizun, kexa zein interpelazio oinarridun guztiak kontuan hartu beharko dituzte. Halaber, beren eskumenen alorreko edozein arazo edo gaietan inplikatutako alderdiei aktiboki entzungo diete.

13.– Gardentasunari eta Gobernu irekiari lotutako jokabide eta portaerak.

Honako hauek dira gardentasunari eta Gobernu irekiari lotutako jokabideak eta portaerak:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek gardentasun-printzipioaren pean ezarriko dituzte zerbitzuak ematen dituzten sail zein erakundeetako jarduerak (politiko, zuzendaritza publikokoak eta kudeaketakoak), legeak konfidentzialtasuna xedatutako egoeretan edota hirugarrengoen eskubideak kaltetu daitezkeen egoeretan izan ezik. Dena dela, salbuespen horiek era murriztailean interpretatuko dira, legeek xedatutakoaren arabera.

b) Publizitate aktiboaren printzipioa benetan betetzea garatuko dute, dagozkien sail zein erakundeetan gardentasuna bermatze aldera, eta behar den heinean, legez ezarritako obligazioak betetzeaz gain, bai ekintzei, bai sail zein erakundeen politika edo jarduerei gardentasun-gehigarri bat eransten ahaleginduko dira.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunen obligazioa da herritarrengan konfiantza sortzea, gardentasunaren bidez, eta erabakiak arrazoituta, ezagueraz eta objektibotasunez hartzea.

d) Herritarrek eta erakundeek informazio publikoa benetan eskura izatea bultzatuko dute, legeek ezarritako mugak aintzat hartuta. Muga horiek era murriztailean interpretatuko dira, datu pertsonalei eragiten dieten kasuetan izan ezik (batez ere, bereziki babestutako datuak, legeetan izaera hori duten datu gisa aurreikusten direnak).

e) Informazio-eskaerei erantzun arinak eta egoki arrazoituak emango zaizkiela bermatuko dute.

f) Dagozkien erakunde zein sailetan Gobernu irekia benetan ezartzearen alde, datuak berrerabiltzearen alde eta administrazio elektronikoaren alde egingo dute.

g) Interneten eta gizarte-sareen bidez herritarrek politika publikoen diseinuan eta erabakiak hartzeko prozesuetan parte hartzea sustatuko dute ahal duten guztietan, betiere, hori posible bada dauzkaten funtzioen arabera.

h) Administrazio harkorra, sinplifikatua eta hizkuntza erraz eta ulergarria erabiltzen duena eratzen saiatuko dira.

i) Dagozkien funtzioak betetzean, datu pertsonalak babestea zainduko dute beti. Gardentasun-printzipioa gauzatzearen ondorioz datu pertsonalei eragingo zaien susmo zentzuzkoa dagoen guztietan, datuak bereiztearen alde egingo dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek.

j) Gardentasunaren eta Gobernu irekiaren ondorioz sortutako obligazio guztiak betetzean, bai eta herritarren parte-hartzean ere, euskararen erabilera bereziki zainduko da, bai publizitate aktiboan, bai informazio publikoa eskuratzean.

k) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunak behartuta daude errenta-aitorpenaren, eta, hala badagokio, ondarearen zerga-oinarriari buruzko informazioa argitaratzeko baimena ematera.

14.– Kudeaketaren erantzukizunari lotutako jokabide eta portaerak.

Honako hauek dira kudeaketaren erantzukizunari lotutako jokabideak eta portaerak:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek prestutasunez eta arduraz beteko dituzte dagozkien funtzioak, eta kontuan izango dute euren erabaki eta ekintzen erantzule izango direla beti instantzia eskudunen aurrean. Horregatik, kargu publikodunak beren jarduteen erantzule izango dira nagusien aurrean, eta erantzukizun horiek ez dituzte euren zerbitzura diharduten enplegatu publikoen gain jarriko, kausa objektiboren bat izan ezean, edota funtzioen eskuordetzea aurreikusi ezean.

b) Kargu publiko bat betetzen dutenek dedikazio osoa eta erabatekoa eskaini behar diete bete behar dituzten funtzioei, aplikatu beharreko legedian jasotakoaren arabera.

c) Helburuak eta jomugak ezartzen jardungo dute, bai eta kudeaketa-adierazleak ezartzen ere. Hartara, lortutako emaitzen ebaluazio objektiboa bideratuko da, eta horrenbestez, emaitzak neurtzeko sistemak ezarriko dira. Sistema horien bidez pizgarriak eta, hala badagokio, zigorrak ezarriko dira, unitateen kudeaketaren emaitzak eta unitate horietan diharduten pertsonen kudeaketaren emaitzak aintzat hartuta.

d) Dagozkien erakundeetan enplegatu publikoen lanbide-sustapenerako sistemak eta gauzatutako lana ebaluatzeko sistemak ezartzearen alde egingo dute, unitate bakoitzaren kudeaketa hobetzeko bitarteko diren aldetik.

e) Isilpean gordeko dute funtzioak betetzean eskuratutako informazioa, eta ez dute inolaz ere informazio konfidentzialik zabalduko, ez eta kargua dela-eta eskuratutako informaziorik ere. Horrenbestez, etikaren ikuspegitik onartezina izango da kargua betetzean lortutako edozein informazio hirugarrenei edota hedabideei jakinaraztea, informazio horrek gobernu-ekintza zuzenean edo zeharka kaltetu badezake, edota gobernu-ekintza hori arriskuan jartzea eragin badezake.

f) Baliabide publikoak eraginkortasunean, efizientzian eta ekonomian oinarrituta kudeatuko dituzte. Ez dute ez baliabide ez ondasun publikorik erabiliko interes pribatuetarako.

g) Tratu berdina bermatuko dute, bai herritarrentzat, bai erakundeentzat, inolako arrazoi edo egoeratan oinarritutako diskriminaziorik gabe, diskriminazio positiboa bideratzeko legez aurreikusitako egoeretan izan ezik.

h) Ekitatea sustatuko dute, eta hori betetzea eragozten duten oztopo guztiak eraginkorki kenduko dituzte.

15.– Eredugarritasunari eta kanpoko beste adierazpen batzuei lotutako jokabideak eta portaerak.

Eredugarritasun-printzipioari eta kanpoko beste adierazpen batzuei dagokienez, hauek dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunen jokabideak eta portaerak:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek ez dute inolaz ere jokatu behar ordezkatzen duten edo zerbitzatzen duten erakundearen irudia kaltetzea ekar dezaketen jokabide edo jarreren arabera, ez ekintza publikoetan, ez pribatuetan.

b) Edozein kargu publikodunek erakutsi behar duen eredugarritasun publikoaren irudia kaltetzen duten ekintza, jardunbide zein gertaerek eragin zuzena badute herritarrek erakundeaz duten irudian eta ordezkatzen duten erakundearen izen onean ere eragiten badute, Etika Publikorako Batzordeari jakinaraziko zaio. Batzordeak aztertu beharko ditu horiek guztiak, eta dagokion gomendioa emango du kasu bakoitzean.

c) Zuzendaritza-funtzioak dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek jardunbide eredugarria izan behar dute jarduera pertsonaletan, eta inguru etikoa sustatu behar dute dagozkien erakundeetan. Izan ere, bertan lanean diharduten gainerako pertsonentzat, hedabideentzat, eta batez ere, jardun publikoak etengabe ikusten eta aztertzen dituzten herritarrentzat eredu izateko erantzukizuna dute beren gain.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunak edozein prozesu penaletan zein administrazio-zehapenetan ikertuz gero (karguari dagozkion egiteko publikoak betetzeari lotutako gertaeren ondorioz edota garrantzi publiko berezia duten ekintzen ondorioz), horren berri emango zaio Etika Publikorako Batzordeari, kasu bakoitzean egoki iritzitako gomendioak eman ditzan. Prozedura izapidetzean egiaztatzen bada kargu publikodunek ez dutela erantzukizunik, birgaitze publikoari ekingo zaio. Horrenbestez, kargua kendu baldin bazitzaion, hura berriro emango zaio, edota dagozkion bitartekoen bidez birgaituko da.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek, dagozkien egitekoak betetzen dituzten bitartean, ezingo dituzte kargu organikoak zein kudeaketa-karguak bete fundazio, elkarte nahiz bestelako entitateetan (ezta ordainsaririk gabekoak izanda ere), haien helburuek eta egitekoen xede diren interes publikoekin talka egin badezakete, edota interesen arteko gatazka sor badaiteke. Gobernu-ekintzaren aurkakoak izan daitezkeen xede eta jarduerak dituen edozein elkarte nahiz erakundetan parte hartzen bada, berehala emango zaio horren berri Etika Publikorako Batzordeari, eta hark dagokion gomendioa emango du.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek erreklamazio-eskubide legitimoak eska ditzakete Administrazio Publikoaren aurrean, eta, hala badagokio, epaileen eta auzitegien aurrean babes judiziala eska dezakete, edozein gatazka zein eztabaida juridikori dagokionez. Hala eta guztiz, erreklamazio hori edo ekintza horiek egokiak izanez gero, kargu publikodunak bere gain hartzen du horiek egitekoetan jarduteko aldian gauzatzearen konpromisoa, betiere, hori eragin duen jazoera ez baldin bada egoera hori amaitu ondoren gertatu.

g) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikoek ezezkoa eman behar diote zuzenean zein zeharka nolabaiteko ordainsari edo konpentsazio ekonomikoa dakarten irratiko hizketaldietan edo telebistako eztabaidetan parte hartzeari.

h) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek edozein hedabidetako eztabaidetan eta gogoeta-prozesuetan parte hartu ahal izango dute, bai eta ekitaldi publikoetan ere, Gobernuaren berezko jarrerak defendatzeko. Baina Gobernuaren jarrera horietatik puntu zehatzen batean aldentzen badira, ez dute parte hartuko, eta bestela, adierazi behar dute iritzi horiek pertsonalak direla, eta horrenbestez, Gobernuaren politikarekin zerikusirik ez dutela.

i) Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek ez dute adierazi behar Gobernuaren jarrera politikoekiko desadostasunik, eta jarrera horiek ez dituzte argi eta garbi kritikatu behar hedabideetan, gizarte-sareetan edo Internet bidez. Kargu publikoaren titularrak desadostasun horri eusten badio, askatasun ideologikorako eta adierazpen-askatasunerako oinarrizko eskubidean babestuta, dimisioa aurkeztu beharko du, koherentzia instituzionalari euste aldera, eta kargutik kentzea onesteko eskumena duen organoak erabakiko du dimisio hori onartu behar den edo ez.

j) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek hedabideetan parte hartzeko, Gobernuak edo kargu publikodunaren nagusi hierarkikoak baimena eman behar du aldez aurretik, berariaz zein tazituki, Gobernuan duen eskumen-alorrarekin zerikusirik ez duten gaiei buruzko elkarrizketa zein erreportajeetan izan ezik.

k) Betetzen duten karguaren ondorioz liburutan, aldizkaritan, egunkaritan eta beste edozein hedabidetan ekarpenak egiteagatik ez dute inolako ordainketarik onartu behar, baldin eta ekarpen horiek beren funtzioak betetzeari lotuta badaude.

l) Kargu publikodunek, Gobernuaren zein sailen politikak hedabideetan eta gizarte-sareetan zabaltzeko, dagozkien erakundeetako prentsa-kabineteak erabili behar dituzte, lehentasunez.

16.– Etika Publikorako Batzordea.

16.1.– Etika Publikorako Batzorde bat egongo da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunei dagokiena, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/215 Legearen 15. 16. 17. eta 18. artikuluak aplikatuko zaizkio (Administrazio Publikoen kide anitzeko organoen funtzionamendua).

16.2.– Batzordeak honako kide hauek izango ditu:

a) Herri Administrazioaren alorreko eskumenak dituen sailburua, batzordeburu arituko dena.

b) Funtzio Publikoaren alorreko eskumenak dituen sailburuordea.

c) Erakundeen etikarekin, zuzenbidearekin edo gobernantzarekin lotutako gaietan esperientzia, gaitasun eta ospe profesional egiaztatua duten bi pertsona, sektore publikotik zein pribatutik etor daitezkeenak, Eusko Jaurlaritzak izendatuak.

d) Eusko Jaurlaritzako goi-kargudun bat, idazkari-lanak egingo dituena (hitzarekin baina botorik gabe).

16.3.– Etika Publikorako Batzordearen funtzioak

16.3.1.– Honako hauek izango dira Etika Publikorako Batzordearen funtzioak:

a) Etika Publikorako Batzordea izango da oharpen, kontsulta eta iradokizunak jasotzeko eskumena izango duen organoa. Halaber, Kode honetan ezarritako aurreikuspenetan adierazitako egokitzapen-proposamenak gauzatzeko prozedura ere jasoko du.

b) Etika eta Jokabide Kodea benetan abian jartzea sustatzea, horretarako beharko diren ekintzen eta neurrien bidez.

c) Etika eta Jokabide Kodean egin beharreko aldaketak Gobernu Kontseiluari proposatzea, hark kontuan har ditzan.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek eta beste edozein instantziak Etika eta Jokabide Kodea aplikatzearen inguruan egindako kontsultei irtenbidea ematea.

e) Etika eta Jokabide Kodean jasotako balio, printzipio zein jokabideen balizko ez-betetzeei buruzko kexak edo salaketak jasotzea, halakorik balego, eta dagozkien izapideak bideratzea.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunei, bai eta sailei eta erakundeei ere, Etika eta Jokabide Kodea betetzeari buruzko gomendioak ematea.

g) Etika eta Jokabide Kodea zenbateraino betetzen den aztertzen duen urteko txostena egitea.

h) Etika publikoaren alorrean erakundeen hobekuntza helburu duten zabalkunde- eta prestakuntza-programak zein berariazko tailerrak egitea sustatzea, dagozkien instantzietan.

i) Lantaldeak sortu ahal izango ditu gai zehatzak aztertzeko; lantalde horiek azterkizun dituzten gaietan aldaketak egiteko proposamenak edo gomendioak egin ahal izango dizkiote.

16.3.2- Sinesgarriro egiaztatzen denean kode honetan jasotako etika- eta jokabide-arauak urratu direla edo ez direla behar adina bete, Etika Publikorako Batzordeak honako neurri hauetakoren bat hartzea proposatuko dio dena delako kargu publikoduna izendatzeko organo eskudunari, kontuan hartuta zer-nolako larritasuna izan duen gertakariak, zer eragin publiko duen eta zer ondorio ekarri dizkion irudi instituzionalari:

a) Gertakarian parte hartu duen pertsona (edo parte hartu duten pertsonak) kargutik berehala kentzea.

b) Egiaztatutako gertakarien larritasunarekin bat datozen bestelako neurri batzuk, zehapen-izaera izan ez arren eraginkorrak izango direnak kargu publikodunen jarduna alderdi etikotik zuzentzeko, artezteko eta hobetzeko.

Egiaztatutako gertakariak delitu eta/edo delitu arina edo arau-hauste administratibo izan badaitezke, Etika Publikorako Batzordeak neurri hauek hartzea erabakiko du, kasuan kasu:

a) Dena delako egite edo ez-egite hori delitua eta/edo delitu arina izan badaiteke, gaia Fiskaltzara igortzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko organo eskudunaren bitartez.

b) Diziplinazko arau-hausteren bat egiten bada, gaia administrazio-organo eskudunera igortzea, horren gaineko izapideak abiarazteko eta bideratzeko, eta, hala badagokio, zehapena ezartzeko.

16.4.– Etika Publikorako Batzordea urtean behin bilduko da, gutxienez. Idazkariak egingo du horretarako deialdia, lehendakariaren aginduz.

Aurrekoa gorabehera, beharrezko diren aparteko bilerak egin ahal izango dira, aztertu behar diren gaien izaerak edo urgentziak hala eskatzen badu. Kasu horretan, batzordekideak bertan daudela edo bide telematikoak erabiliz egin ahal izango dira bilerak.

16.5.– Goian adierazi den bezala, urtean behin txosten bat egingo da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek Etika eta Jokabide Kodea betetzen dutela ikuskatzeko. Txostenean gomendioak jaso ahal izango dira, eta Gobernu Kontseiluari aurkeztuko zaio. Txostenean jasotako ondorio eta gomendioak publikoak izango dira.

16.6.– Etika Publikorako Batzordeko kideak behartuta daude beren funtzioak betetzean izan dezaketen informazio oro isilpean gordetzera; bereziki, aztertutako egintzei buruz, ikerketen eta eztabaiden edukiari buruz, hartutako erabakiei buruz eta izaera pertsonaleko datu pribatuei buruz eskuratzen duten informazioa gorde behar dute.

Halaber, ez dute egingo aipatutako guztiari buruzko inolako adierazpen publiko zein pribaturik, ezta Batzordea jorratzen ari den gaiari buruz ere.

16.7.– Etika Publikorako Batzordeak hartutako erabakiak publikoak izango dira, eta horretarako prestatuko den web orriaren bidez eskuratu ahal izango dira.

Prozeduraren azken erabakiak baino ezin izango dira plazaratu, behin interesdunari edo interesdunei jakinarazi ondoren.

Erabakien publizitateak bermatu behar du ukitutakoen datuak babesten direla.

16.8.– Erakundeetako ordezkariak Kode honetan aurreikusitako kausaren batean sartuta badaude, honako hau izango da horien ordezkapena egiteko araubidea:

1.– Batzordeburua bada kausa baten eraginpean dagoena, indarrean dagoen Jardun Arloen Dekretuan ezartzen den lehentasun-hurrenkeraren arabera ezartzen den Saileko titularrak ordeztuko du.

2.– Administrazioak batzorde honetan duen beste ordezkaria bada kausa baten eraginpean dagoena, Herri Administrazioaren arloan eskumena duen Sailaren egitura-dekretuan aurreikusitako ordezkapen-araubidearen arabera ezartzen den sailburuordeak ordeztuko du.

16.9.– Legebiltzarrera igorri beharreko txostenean (Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta haien Interes Gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legea, 27. artikulua), Etika eta Jokabide Kodeari atxikitzeko obligazioaren betetze-maila jasoko da.

17.– Kode honen zabalkundea.

Kode honen zabalkundea bideratuko da idatzizko argitalpenen, eskuliburuen, bideoen eta azalpenak emateko liburuxken bitartez, bai eta Eusko Jaurlaritzaren webgunearen edo egoitza elektronikoaren bidez ere. Halaber, informazioa helarazteko berariazko kanpainak eta prestakuntza-programak egin ahal izango dira, zeintzuk Kode honen hartzaileei, gainerako enplegatu publikoei eta, oro har, EAEko herritarrei zuzenduko baitzaizkie.

18.– Banakako atxikitzea.

18.1.– Kode honen hartzaile diren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunen izendapen berriak egiten badira, ezinbestekoa izango da kargu berri horiek, banan-banan, Kodearen edukiari atxikitzea.

18.2.– Kodeari banaka atxikitzeak esan nahi du kargu publikodunek beren gain hartzen dutela betebehar eta obligazio hau: beren bizitza publiko zein pribatuan, Kodean adierazitako balio, printzipio eta jokabideen edukiarekin, asmoarekin eta espirituarekin bat datozen jokabide eta portaerak izango dituztela.

18.3.– Halaber, banakako atxikipenak esan nahi du beren gain hartzen dutela dimisioa aurkeztu eta kargua uzteko obligazioa, neurri hori aurreikusita badago Kode honetan ezarritako jokabideren bat edo gehiago betetzen ez den kasuetarako.

18.4.– Banakako atxikipenerako prozedura eta hori gauzatzeko beharrezkoak diren izapideak honako hauen araberakoak izango dira:

18.4.1.– Kargu publikodunak gehienez ere 15 egun balioduneko epea izango du (zerbitzua ematen hasten denetik aurrera), Etika eta Jokabide Kodeari atxikitzeko adierazpena aurkezteko.

18.4.2.– Prozedura elektroniko bat gaituko da Etika eta Jokabide Kodearen atxikipena egiteko.

18.4.3.– Goi-kargudunak edo zuzendariak goi-zuzendaritzako lan-harremana badu, kontratuaren klausuletan hau sartu beharko da: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunen Etika eta Jokabide Kodeari atxikitzeari buruzko Eranskinaren edukia.

18.5.– Ezarritako epe horretan Etika eta Jokabide Kodeari atxikitzen ez bazaio, ulertuko da interesdunak ez duela Etika eta Jokabide Kodea betetzen, eta, jarraian, luzamendutan ibili gabe, ofizioz edo alderdiren batek eskatuta, jarduketak instruitzeari ekingo zaio Etika Publikorako Batzordean. Batzorde horrek, entzunaldiaren izapidea egin ondoren, eta, beharrezkoa bada, arduradunari proposatuko dio kontratua desegin dadila edo interesdunak kargua utz dezala.

19.– Etika eta Jokabide Kodea, eta zuzenbidezko estatu sozial eta demokratikotik eratorritako printzipioak.

19.1 Kode honen arabera jokatu behar duten EAEko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek zuzenbidezko estatu sozial eta demokratikoari dagozkion printzipioen eta arauen eremuan garatuko dituzte beren funtzioak eta jarduerak, bereziki kontuan hartuta herritarren oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak.

19.2.– Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere Sektore Publikoko kargu publikodunek, beren funtzioak betetzean, eztabaida demokratikoaren esparrura egokituko dute euren jokabidea eta euren erantzukizun publikoei dagokien jarduna, eta indarkeriarik gabeko ingurua sustatuko dute aktiboki, terrorismoaren zein bestelako indarkerien biktimekiko begirune handiz.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala