Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Q Letra - Esne gordinaren kalitatea eta trazabilitatea

Erabilitako terminoak

Agentea: esne gordinaren ekoizpenari lotuta dagoen pertsona fisiko edo juridiko oro, ekoizleak, operadoreak, laborategiak, lagin-hartzaileak eta garraiolariak barne.

Lehen deskargako esne-zentroa: Ustiategiko esne gordinaren lehen deskarga jasotzen duten bilketa- eta eraldaketa-zentroak.

Edukiera txikiko transformazio-zentroa: ustiategi batetik datorren esne gordinaren lehen deskarga egiten duen operadore bati lotutako establezimendua. Bertan, etxeko emeen esne gordinetik edo pasteurizatutik eratorritako esnekiak egiten dira, norberaren aziendatik edo 50 kilometroko erradioan kokatutako ustiategietatik datozenak. Produktu horiek egiteko erabiliko den esne-kopurua, guztira, ez da 500.000 kilotik gorakoa izango urtean.

Operazio-zentroa: Abeltzaintzako ustiategietan esnea erosten duen operadorearen helbidea edo egoitza soziala; ondoren, beste baten jabetzako bilketa- eta/edo eraldaketa-zentro batera eramaten du.

Edukiontzia: Esne gordina biltegiratzeko ontzia. Honelakoa izan daiteke:

1. Tankea: esne gordina entregatzeko biltegiratzeko edukiontzia, ustiategi batean kokatua edo horri lotua.

2. Zisterna: Trakzio motorduneko ibilgailuetan edo atoietan esne gordina garraiatzeko erabiltzen den edukiontzia.

Analisi-laborategia: agintari eskudunak erregistratutakoa, errege dekretu honetan ezarritako esne gordinaren gutxieneko nahitaezko laginak aztertzeko, 19. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen baditu.

Laborategi ofiziala: agintari eskudunak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2017ko martxoaren 15eko 2017/625 (EB) Erregelamenduaren 37. artikuluaren arabera izendatutakoa, kontrol ofizialetan hartutako laginak aztertzeko, eta erregelamendu horren 34. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituena.

Esnea: 40 ºC-tik gorako tenperaturan berotu ez den eta ondorio baliokidea duen tratamendurik jasan ez duen etxeko espezieetako emeen bular-guruinaren jariaketak sortutako esne gordina.

Operadorea: Esnea mantentzen edo garraiatzen duen pertsona fisiko edo juridiko oro, ekoizleak alde batera utzita, bere kontrolpean dagoen elikagai-enpresan elikadura-legeriaren baldintzak betetzen direla ziurtatzeaz arduratzen dena, esne-zentro bati edo batzuei lotuta egon edo ez.

Operadorearen arduraduna: operadore bati lotutako pertsona fisiko oro, errege-dekretu honetan aurreikusitako informazioa agintaritza eskudunari eta «Q letra» datu-baseari jakinarazteko arduraduna.

Lehen eroslea: apirilaren 24ko 319/2015 Errege Dekretuaren 2. artikuluan zehaztutakoa, behi-, ardi- eta ahuntz-esnearen eta esnekien lehen erosleek eta ekoizleek egin beharreko nahitaezko aitorpenei buruzkoa.

Ekoizlea: Espainiako lurraldean dagoen ustiategi batean esne gordina ekoizten duen pertsona fisikoa edo juridikoa, edo nortasun juridikorik gabeko erakundea.

Laborategiko arduraduna: analisi-laborategiari lotutako pertsona fisikoa, hark izendatua, errege-dekretu honetan aurreikusitako informazioa agintaritza eskudunari eta «Q Letra» datu-baseari jakinarazteko.

Ustiategiko lagin-hartzailea: 12. artikuluan ezarritako nahitaezko kontrolak egiteaz eta 13. artikuluan ezarritako ustiategian esne gordinaren laginak hartzeaz arduratzen den lehen erosleari lotutako pertsona fisikoa.

Garraiolaria: Operadore baten kontura edo bere kontura esne gordina garraiatzen duen pertsona fisiko edo juridiko oro, garraiobidearen titularra edozein dela ere.

Azken aldaketako data: