Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

Etxebizitza Sailak ASAP programaren baldintzak hobetu ditu, beste etxebizitza batzuk alokairuaren merkatura ekartzeko eta merkatu horretan errenta ertaineko pertsona gehiago sartzeko

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren helburuen artean dago arrazoizko prezioa duen alokairuaren merkatua sustatzea eta titulartasun pribatuko ahalik eta etxebizitza gehien sartzea errentamenduaren merkatuan. Gainera, behar-beharrezkotzat jo du errenta ertaina duten pertsonak alokairuaren merkatuan sartzeko aukerak gehitzea. Hori dela eta, Iñaki Arriolak zuzentzen duen sailak onartu du 2012tik indarrean dagoen merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritzako ASAP programa sortzeko dekretu erregulatzailea hobetzen duen dekretu erregulatzaile berria.

ASAP programa zuzentzen zaie Etxebiden izena eman duten eta 15.000 eta 39.000 euro arteko sarrerak dituzten pertsonei, eta programa hori garatzen da bitartekari homologatu publikoen (Alokabide, Bidebi, Sestao Berri…) eta pribatuen (higiezinen agentzien eta antzekoen) sare baten bidez. Bitartekari homologatu horiek Eusko Jaurlaritzaren agente laguntzaile gisa jarduten dute eta programaren web-orrian txertatutako etxebizitzak publizitatzen dituzte, baita etxebizitza horietan sartzeko interesa duten Etxebideko pertsonen eskaerak jaso ere.

Etxebizitzen errentak etxebizitzaren ezaugarrien eta kokalekuaren arabera ezartzen dira. Ildo horretan, ASAP programaren dekretu berriak errentatzaileei ordaindu beharreko errenta maximoak handitu ditu: 750 euroko errenta maximoa izango da etxebizitza Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetako batean badago; 650 eurokoa izango da etxebizitza eremu metropolitarrean, tamaina ertaineko udalerri batean edo 10.000 biztanle baino gehiagoko udalerri batean badago; eta 600 eurokoa izango da gainerako udalerrietarako. Aurreko dekretuan errenta maximoak 650 eurokoak ziren Donostiarako, 600 eurokoak Bilbaorako eta Vitoria-Gasteizerako, 550 eurokoak eremu metropolitarretarako, 475 eurokoak tarteko udalerrietarako eta 400 eurokoak gainerako udalerrietarako.

Era berean, programa balia dezaketen pertsonen sarrera-maila handitu da, urtean 12.000 eurotik 15.000 eurora, gehienez 39.000 euroko zenbatekoarekin.

 “Errenta-mailak eguneratu ditugu, berariaz erantzuteko Etxebideko zerrendetan izena eman duten eta alokairuko etxebizitza eskatzen duten errenta ertaineko maizterrei, ez baitzaie erantzuten sarrera-maila apalagoetan oinarritzen den Bizigune programaren bidez”, adierazi du Arriola sailburuak. Era berean, erantsi duenez, “maizterrek ezin izango dute, inola ere, haien sarreren % 30 baino gehiago bideratu errentamendua ordaintzera”.

Gainera, Etxebizitza Sailak errentatzaileei zuzendutako berme-sistema bat ezarri du Dekretuan, errenta arrazoizko muga batzuen barnean egotearen truke. Berme horien artean daude, batetik, gehienez 20 hilera arteko alokairua kobratzea ez-ordaintzeak gertatzen badira —aurreko dekretuan gehienez 14 hileko kopurua zen— eta, bestetik, defentsa juridikoa (3.600 eurora arte) eta ekintza bandalikoen ondorioz etxebizitzetan gertatzen diren kalteen konponketa (4.000 eurora arte, 300 euroko frankiziarekin). Eusko Jaurlaritzak xede horrekin etxebizitza bakoitzeko kapital hauek aseguratu ditu: edukitzailea 80.000 euro, edukia 10.000 euro, erantzukizun zibila 601.020 euro eta kalte estetikoak 3.500 eurora arte.