Jaialdi handia Connecticut-ko New England-eko euskal etxean

Argitalpen-data: 

New England Basque Club-ak (NEBC) 2018. urteko Euskal Jaialdia hartuko du ekainaren 23an, non euskal kultura ospatuko den bere hainbat eta hainbat tradizioren eta berezitasunen bitartez. Jaialdia goizeko 11:30ean hasiko da New London (Connecticut, AEB) hiriko Udaletxean eta arratsaldeko 20:00etan amaituko da.

New England Basque Club-ek, hango euskal etxeak, antolatuko du Basque Fest jaialdia eta diasporako euskaldunei aisi eta kultur aukera zabala eskaintzea du lehentasunezko helburua, eta aldi berean baita AEBko euskaldunen kultura eta haien ezagutza zabaltzea ere. NEBC-k New London-eko hiriaren eta Eusko Jaurlaritzaren lankidetzarekin programatu ditu ekitaldiaren jarduerak. Bestalde, Atlantikoko bi aldeetako babesleen laguntza ere lortu dute.

Horrekin guztiarekin batera, Basque Fest jaialdiaren helburua da hiria animatzea, ekonomia sustatzea eta Connecticuteko metropolialdeko eta bertatik hurbil dauden estatuetako bisitariak erakartzea.

Bertaratzen direnek aukera ezin hobea izango dute euskal gastronomiaren jakiez, zuzeneko musikaz, herri-kirolez, desfileez, merkatuez, kultur-lantegiez gozatzeko eta euskal batel batean (bale-ehizarako erabiltzen zen txalupa famatu horietako batean) nabigatzeko.

Marching Band batek emango dio hasiera jaialdiari eta dantzariek, gonbidaturik dauden kargudunekin eta euskal etxeko arduradunekin batera, desfilatuko dute Udaletxetik Parade enparantzaraino. Berton, AEBko ereserkia joko ondoren, kargudunen omenez aurreskua dantzatuko da eta ikurriña altxatuko da.

 

Informazio gehiago