Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Handitu da Euskal Sagardoaren presentzia merkatuan, Jatorri Izendapenaren proiektuari 4 milioi litro eta 47 sagardotegi atxikita

Argitalpen-data: 

Sasoiko, kalitateko eta jatorriko euskal produktuen sustapena da Euskadiko Gastronomia eta Elikaduraren Plan Estrategikoak (GEPE) oinarri dituen zutabeetako bat.

Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea, pozik agertu da 2017an sagardo uztaren emaitza bikainengatik, eta azpimarratu nahi izan du exekutibo autonomoak sektore horri erabateko babesa ematen diola.  Euskadiko sagardoa, sailburuak esan duenez, “aukerez beteriko unean dago, izan ere, duela justu urtebete Euskal Sagardoa Jatorri Izendapena proiektua abian jarri zen eta Eusko Jaurlaritza hasieratik inplikatu da proiektuarekin, sektorearekin eta beste erakunde batzuekin elkarlan estuan Jatorri Izendapena bultzatzuta.Sektorea batzea, sagardoaren kultura sustatzea, sagar ekoizleei eta sagardogileei bultzada bat ematea eta kontsumitzaileei kalitatea duen bertako produktu bat eskaintzea da gure helburua -ziurtatu du-”. Gipuzkoako Txotx denboraldia irekitzeko Sagardoetxean, Astigarragako Euskal Sagardoaren Museoan, egin den ekitaldian egin ditu adierazpen horiek Orozek.

Sasoiko, kalitateko eta jatorriko euskal produktu honen eta beste batzuen sustapena da –esan du- Euskadiko Gastronomia eta Elikaduraren Plan Estrategikoak (GEPE) oinarri dituen zutabeetako bat. Izan ere, gure lurraldean nekazaritzako elikagaien balio katea –ekoizleengandik kontsumitzaileengana- indartzeko eta bultzatzeko exekutibo autonomoak legegintzaldi honetan lehenetsiko dituen lan ildo nagusiak markatzen ditu planak. Plan honek bertako sagarraren ekoizpena handitzen lagunduko duten tresnak eman ahal dizkio sektoreari, eta horren ondorioz Jatorri Izendapena duen produktuaren ekoizpena handitu daiteke, baita produktuak merkatuan duen presentzia eta produktuaren salmentak ere.

Gogoeta urteak

Urteetako gogoeta eta lanaren ondorioz, 2016ko uda ostean ekin zitzaion Euskal Sagardoa Jatorri Izendapena sortzeko prozesuari. Eusko Jaurlaritzak, merkatuaren premiei erantzuten dien bertako eta kalitateko produktua bultzatzeko eta sustatzeko estrategia baten barruan, oso ondo baloratu zuen proiektua, non sagardo eta sagar ekoizleen taldeek berresten zuten azken urteetan sagardogileek bertako sagarraren alde eta egiaztatutako kalitatea eta jatorria dituen ekoizpenaren alde egindako lana.

Eusko Jaurlaritza prozesu osoan egon da sektoraren ondoan, eta prozesu horren goreneko uneetako batzuk izan dira, esaterako, sagardoaren sektoreko ekoizle eta egileek eta administrazio publikoen ordezkariek Jatorri Izendapenaren irudia aurkeztu zutenean, 2017ko urtarrilean, eta lehen botilak merkaturatu zirenean, pasa den ekainetik aurrera. Harrez gero, Eusko Jaurlaritzak produktuaren hobekuntzan eta posizionamenduan aurrera egiten lagundu du, hainbat jardunaldi tekniko eta Donostian eta Bilbon egindako promozio ekintzak bultzatuta, esaterako.

2017ko uztari buruzko datuak

2017ko uztak 12 milioi litro inguru sagardo egitea ekarri du Euskal Herrian. 2017ko uzta kalitate eta jatorri zigilua sortu zenetik bigarrena izan da, eta azken urteetako emankorrena lurralde guztietan. Euskal Sagardoa J.I.-ko 4 milioi litro sagardo egin dira, Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban bildutako 6 milioi kilo sagar erabiliz. 250 hektarea baino gehiago izan dira eta 200 ekoizlek baino gehiagok hartu dute parte.

Sagardogileei dagokienez, 47 sagardotegi izan dira guztira Jatorri Izendapeneko sagardoa egin dutenak: 40 Gipuzkoan, 5 Bizkaian eta 2 Araban.

Euskal Sagardoa J.I.-ko sagardoaren ezaugarriak

Jatorri izendapena duten sagardo botila guztiek bi ezaugarri nagusi dituzte. Alde batetik, sagardoaren %100 bertako sagarrarekin eginda dago.Hau da jatorri izendapenaren helburu estrategikoetako bat da:bertako sagarraren ekoizpena babestea eta bultzatzea. Helburu horrekin, 115 sagar barietate onartu dira jatorri izendapenaren araudian. Beste aldetik, bigarren ezaugarria kalitatearekin lotura du.

Jatorri izendapeneko sagardo botila guztiek kalitate egiaztagiria dute. Fraisoro laborategi espezializatua arduratzen da kalitatea neurtzeaz, eta HAZIk prozesua egiaztatuko du. Botila sorta guztiek kalitate kontrolak gainditu behar dituzte, dastatzaile trebatuen bitartez, eta erakunde ofizialek sagardoaren jatorria egiaztatuko dute, sagarrondotik botilara iritsi arte.

Ekimenean parte hartzen duten erakundeek nabarmendu dutenez, jatorriko izendapenaren lorpen nagusietako bat izan da sektorearen batasuna, sagardoaren ekoizpenarekin zerikusia duten elkarte guztiek, hiru foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak indarrak batu baitituzte.