Euskadiko lau udal dira Gobernantzaren 2018ko Bikaintasuneko Europako Labela jasotzeko hautagai

Argitalpen-data: 

Asteazkenean, abenduaren 19an, 11:30etik aurrera, Imanol Landa EUDELen elkarteburuak eta Alina Tatarenko Europako Kontseiluko ordezkariak Gobernantzaren Bikaintasuneko Europako Zigilua-ELoGE 2018 merezi duten Euskadiko udal berriak zein diren jakinaraziko dute. Tokiko gobernuen kalitate gorena egiaztatzen du Europako Kontseiluko Ezagutza Zentroak (Centre of Expertise) bultzatutako zigilu honek, eta maila europarreko aitortza gorena da Gobernantza Onean eta Berrikuntza Demokratikoan kalifikazio altua eskuratzen duten udalentzat.

Alina Tatarenkok azaldu duenez, Europako Bikaintasun Labela “ez da azken helburu bat, abiapuntua baizik, pizgarri bat udal kudeaketa efikaz eta efizientean pixkanaka aurrera egiteko. Udalek gobernu onaren arloan eta, horrenbestez, herritarrentzako zerbitzu publikoen kalitatean etengabeko hobekuntzako ekintza planak inplementa ditzaten bilatzen eta sustatzen du ELoGEk”.

Amurrio, Bermeo, Legazpi eta Zamudioko udalek, EUDELek babestuta, hiru hilabete baino gehiago eman dituzte euren talde politiko eta teknikoekin lanean, Euskadin egingo den ELoGE Zigiluaren bigarren ekitaldira aurkeztu ahal izateko. Zigiluaren lehen ekitaldia Donostian egin zen aurtengo martxoaren 20an, eta, hartan, Bizkaiko bost udalek (Basauri, Ermua, Galdakao, Leioa eta Mungia) eta Gipuzkoako lauk (Beasain, Elgoibar, Irun eta Urnieta) parte hartu zuten. Horietako bostek (Basauri, Ermua, Leioa, Irun eta Urnieta) bereizgarria eskuratu zuten. Amurrio ELoGErako hautagai den Arabako lehen udala da.

Euskadiko udalak Europako Zigilua jasotzeko hautagai izateko aurretiazko betebehar gisa, EUDEL Europako Kontseiluak zilegitutako eskualde plataforma gisa akreditatu zen 2017an, Euskadiko udalen hautagaitzak babestu eta koordinatzeko.

Erakundeen arteko lankidetzaren markoan, EUDELek ELoGE Batzorde Betearazlea sortu du Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailarekin (EJ-GV) eta Foru Aldundiekin batera. Batzorde hori arduratzen da Bikaintasun Zigiluaren deialdian parte hartzea eskatzen duten udalen proposamenei bermea emateaz.

 

Informazio gehiago