Errugbiko Europa mailako finalak hilabete barru helduko dira Euskadira

Argitalpen-data: 

San Mamesen aurkeztu dute Bilbon jokatuko diren 2018ko errugbi finaletan erabiliko den baloi ofiziala. Europako taldekako final garrantzitsuenak dira Champions Cup eta Challenge Cup, eta Bilbon jokatuko dira maiatzaren 11n eta 12an.

Aurkezpen ekitaldi hori egin dute Vincent Gaillardek, European Profesional Club Rugbyko (EPCR) zuzendari exekutiboak; Juan Mari Aburtok, Bilboko alkateak; Imanol Pradalesek, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatuak; eta Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak.

Lehiaketako baloi ofiziala aurkeztean, Vincent Gaillardek, EPCRko zuzendari exekutiboak, haren poza adierazi du bi finalen sarreren salmenta ondo doalako. “Champions Cup eta Challenge Cup Europako taldekako errugbi finaletarako sarreren salmentak gainditu egin ditu hasieran EPCRk ezarri zituen espektatibak. Oraindik hilabete falta da errugbi partida horietarako, eta 36.000 sarrera saldu dira Champions Cup finala ikusteko, eta 20.000 Challenge Cup ikusteko, salmenta plataforma ofizialaren, Espainiako eta Euskadiko errugbi federazioen, Bilbao Rugby Cluben eta Athletic Cluben bitartez”.

Horrelako partidetan ohikoa den bezala, sarrerak gorde zaizkie finala jokatuko duten taldeen zaleei -apirilaren 22ean jakingo da nortzuk diren-, EPCRri eta sarrerak saltzen dituzten beste agentzia batzuei. Hala ere, garbi dago maiatzaren 12an kirol horretako zalez beteko direla San Mameseko harmailak; errugbian duela bi mende baino lehenagotik egiten da Europan, eta tradizio handia du Erresuma Batuan eta Frantzian. Maiatzaren 11n jokatuko den Challenge Cup finalari dagokionez, oraindik badaude sarrerak webgune ofizialean salgai.

 

Informazio gehiago