Argitalpen-data: 2015/02/27

Euskalmetek baieztatu du aurtengo otsaila azken 44 urteetako euritsuena izan dela.

Vitoria-Gasteiz. 2015/02/27.- Euskalmetek, Euskal Meteorologia Agentziak, baieztatu du amaitzear den aurtengo otsaila azken 44 urteetako euritsuena izan dela, EAEko erregistro klimatologikoen arabera (1971-2015).

Euskalmeten arabera, otsaila oso hezea eta erabat hezea artean ibili da EAEn, 1971-2000 denbora-tarteari erreparatuta. Hilaren 26ra bitartean metatutako datuekin, erregistro oso nabarmen bat topa dezakegu; hain justu, Añaberko estaziokoa: 580 l/m2.

Ohiz kanpoko balio horrez gain, ikusten da nabarmen gainditu direla Gipuzkoa ekialdeko metatuetan 400 l/m² neurriak (Berastegi 469 l/m2, Ameraun 441.5 l/m2), bai eta Kantauri isurialdeko barrualdekoak ere (Arrasate 436.8 l/m2, Otxandio 421.7 l/m2, Mañaria 421,1l/m2). Kopuru handi horiekin, Gipuzkoako ipar-ekialdeak serie klimatikoen muturra gainditu du garbi asko; hau da, esandako erregistroen errekorra egin du.

Arabako Errioxako metatu txikienekin alderatuta, esanguratsua da kontrastea: (Páganos 85.1 l/m2, Moreda 27.9 l/m2).

Azken 30 egunetako prezipitazioak

Azken 30 egunetan, 500 l/m2 baino gehiago metatu da Gipuzkoa ekialdean (Añarbe 764.4 l/m2, Berastegi 656.7 l/m2, Ameraun 590.9 l/m2), baita eta banaketa-mendietan barrenako zerrendan ere (Arrasate 609.2 l/m2, Mañaria 594.8 l/m2, Otxandio 580.2 l/m2, Urkiola 556.6 l/m2, Zegama 556.5 l/m2). Euskal Autonomia Erkidegoaren barrualdean ohiko batez bestekoa baino hiru aldiz kopuru handiagoak erregistratu dira.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Añarben, ezohiko neurriak

Bortzirietako mendialdea, Nafarroa eta Gipuzkoa mugan, Europa osoan euririk gehien botatzen duen tokietako bat da. Hain justu, Añarben 2106 l/m2 botatzen du batez beste, eta arroaren ingururik altuenean neurriak handitu egiten dira (2598 l/m2 Artikutzan, Nafarroan).

Europan urtean 2500 l/m2 oso toki gutxik gainditzen dute. Horien artean daude Pontevedra-Lugo inguruko Rias Baixas inguruaren barrualdea, Irlandako mendebaldea, Eskoziako mendebaldeko kostaldea edota Norvegiako hainbat gune.

Añarbek otsailaren 25ean 132.5 l/m2 erregistratu zituen, aurreko otsail bateko errekorraren maila bera lortu zuen (1976ko otsailaren 9an, 133 l/m2). Esandako datu hori ez dago serieen muturretatik oso urrun: 1983/08/25, 146 l/m2; 1973/11/29, 135 l/m2.

Azken sei egunetako metatua kalkulatuta, Añarben 400 l/m2 izan dira. Ezohiko kopuru hau edozer urte-sasoitako sei egunetarako kopururik handiena da, 1971n zenbatzen hasitako serie batean. Alde horretatik, sei egunean 388 l/m2 baino gehiago 1975eko azaroaren 21ean metatu ziren.

Otsaileko prezipitazioak orotara azken urteetan, Euskal Autonomia Erkidegoko sare automatikoko estazio garrantzitsuenetan

 

 

 

 

 

 

 

 

 

2013ko otsaila ere, ezohikoa

2015eko otsaileko datuek 2013an lortutakoak ere gainditu dituzte; EAEn oso hilabete euritsua izan zen orain bi urteko otsaila ere.

Lurraldearen mendebaldean serieen muturrak nabarmen gainditu ziren, 50 l/m2 ere bai kasu batzuetan. Ia EAE osoan espero zena baino bi aldiz gehiago bota zuen, baita hiru aldiz gehiago ere Arabako Kantaurialdean eta Arabako Lautadaren ekialdean.

Kantauri isurialdeko barrualdeko eskualdeak izan ziren euritsuenak, maximoa Gipuzkoa ekialdeko mendialdean izan zen (Ameraun 486.5 l/m2, Berastegi 466.8 l/m2) eta beste maximo txikiago batzuk esandako inguruaren tartekatuta (Balmaseda 431.6 l/m2, Otxandio 403.5 l/m2, Aitzu 397.5l/m2).

Hilabete hasierako prezipitazioen eraginez, ibaiek ezin izan zuten ur-bolumenarekin eta gainez egin zuten: Zadorrak (Abetxuko 2.9 m, Etura 3 m), Kadaguak (Aranguren 3.5 m), Oriak (Lasarte 3.5).

Hilaren 12an Bilboko itsasadarrak ere gainez egin zuen, baita Asuak (Sangroniz 3.9 m) eta Butroik (Mungia 6.1 m) ere, beste batzuen artean. Bestalde, hilaren 13an eta 14an, prezipitazioek eta elurra urtzeak Zadorra ibaiaren emaria handiarazi zuten Etura parean, alerta laranjaraino.