Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

10.- Euskal Autonomia Erkidegoko Arrantza eta Akuikulturako Plan Estrategikoa-2020

IDENTIFIKAZIOA

Helburuak

2020rako Arrantza eta Akuikultura Estrategia Planaren oinarrian Arrantza Politika Bateratuaren, Merkatu Antolaketa Bateratuaren eta Europako Itsas eta Arrantza Funtsaren erregelamendu berriak eta Itsas Estrategiaren Esparru Zuzentaraua daude; izan ere, sektore askoren jarduera-eremua da itsasoa, eta bertako ekosistemak eskaintzen dituen zerbitzuak erabiltzeko lehiatzen dira, arrantza-jarduerak baldintzatuz.

Itsasoaren egoeraren ebaluazioa egingo da aurrena, eta arrantzaren eta akuikulturaren balio-katearen egoera aztertu ondoren, arrantza-baliabideak, itsasontziak, portu-azpiegiturak, akuikultura, nekazaritzako elikagaien industria eta amaierako kontsumitzailea barne.

2020rako Arrantza eta Akuikultura Plan Estrategikoak arrantza-sektorea lehiakorra izatea du asmo; hartara, praktika seguruak eta ingurumenean integratuta daudenak erabiliko ditu kalitatezko lehengaiak eskaintzeko, eta erakunde indartsu nahiz egituratuak izango ditu. Hori dela eta, balio-kate osoan jardungo da, kudeaketa-eredu aurreratuak eta azpiegitura nahiz teknologia moderno eta berritzaileak ezarrita. Horrez gain, arrantzagune eta akuikulturagune jasangarriak eratuko dira.

Ezarritako 6 helburu estrategikoak lortzeko; alegia, sektoreko pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko, kalitatezko produktuak eta zerbitzuak sortzen dituzten balio erantsiko arrantza-enpresak laguntzeko, ingurumenaren eta bertako baliabideen erabilera arrazoizko eta ardurazkorako ingurumen-irizpideak txertatzeko, espezializazio-maila eta kalitate handiagoko akuikultura eratzeko, kultura-ondarea babesteko eta arrantzaren mendeko eremuen garapen integralean laguntzeko, guztira, 185 ekintza gauzatuko dira.

Saila

Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna

Denborazko konpromisoa

Arrantza eta Akuikultura Plan Estrategikoa Europa 2020 Estrategiaren, Arrantza Politika Bateratu berriaren eta erreforma hori babesten duten 2014-2020 aldirako Europako Itsas eta Arrantza Funtsaren barnean dago.

Urtero argitaratuko dira Europako Itsas eta Arrantza Funtsari buruzko 508/2014 (EB) Erregelamenduan aurreikusitako laguntza-deialdiak.

Garatzeko jarduerak eta baliabideak

Plan Estrategiko hau osatzen eta betetzen parte hartu dute Eusko Jaurlaritzako zuzendaritza askok, tartean, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritza, Landaren eta Itsasertzaren garapenerako eta Europako Politiken Zuzendaritza, Garraio Azpiegituren Zuzendaritza, eta horien urteko aurrekontu arruntez gain, planak Europako Itsas eta Arrantza Funtsaren eskutik 135 milioi eurotik gora jasoko ditu inbertsioak finantzatzeko.

EBALUAZIOA

Planeko kudeaketa organoak

Plan estrategiko honen zeharkako izaera dela-eta, eta jarduera-ardatzen organo eskudunak lehen aipatutako Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzak direla-eta, agiri honetan jasotako helburu estrategikoak betetzeko ekintzak gauzatzea horien ardurakoa izango da.

Segimendu eta ebaluaziorako organoak

Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritza, bere eskumeneko ekintzez gain, Plan Estrategikoaren betearazpena eta segimendua koordinatzeaz arduratuko da eta Europako Itsas eta Arrantza Funtsen programa eragilea ebaluatzeko Segimendu Batzordean parte hartuko du.

Segimendu eta ebaluaziorako formulak

Programaren indarraldian, gutxienez behin egin beharko da Europako Itsas eta Arrantza Funtsek helburu lehenetsi bakoitzari egindako ekarpenaren ebaluazioa. Halaber, 2023ra bitartean, aurreko urtean egindakoari buruzko urteko txostenak aurkeztu beharko dira.

APLIFEMP sistema informatikoak datuak biltzeko eta tratatzeko beharrezko mekanismo guztiak izango ditu, finantza-kudeaketa, segimendua, auditoretza eta ebaluazioa egin ahal izateko.

Aldizkako ebaluazioak

Ebaluazio data: 2016/06/30

Azken ebaluazioa

Ebaluazio data: 2021/06/30
Azken aldaketa: 2016/10/10