2. Bizikidetasun demokratikoa, eta indarkeria deslegitimatzea, 2010-2011

IDENTIFIKAZIOA

Helburuak

Euskadiko herritarrak libreak izatea eta eskubide eta betebehar berdinak izatea du helburu Jaurlaritzak legegintzaldi honetan, eta helburu horrek gidatuko du jarduna. Sistema demokratikoa eta zuzenbidezko estatua defendatuta soilik lor daiteke helburu horiek bermatzea.

Demokrazian sakontzea eta tolerantziaren, pluraltasunaren eta gutxiengo politikoen defentsa funtsezkoak dira bizikidetasun demokratikoa bermatzeko.

Terrorismoak oraindik ere irautea herritarren askatasunaren aurkako eraso zuzena da, herritarren iritzi librea ukatzeko modurik erradikalena da. ETAren terrorismoa desagerraraztea funtsezkoa da askatasuna ezartzeko.

Terrorismoa politikoki, sozialki eta etikoki deslegitimatzea oso sakoneko kezka da, eta euskal gizartearen gehiengoak hala sentitzen du. Deslegitimazio hori Jaurlaritzaren lehentasunezko helburua da, ETAren terrorismoa desagerraraztearekin estu-estu lotuta.

Jaurlaritzak terrorismoaren aurkako borroka sendotu du; horretarako, hiru esparru hartu ditu ardatz, elkarren osagarri direnak: terroristak jazartzea eta atxilotzea, zuzenbidezko estatuak horretarako ematen dituen legezko bitarteko guztiak erabiliz; indarkeria terrorista babesten eta justifikatzen duten ideiak kritikatzea eta ideia horiei aurre egitea; eta balio demokratikoak sustatzea eta gizartean hedatzea.

Bakearen eta giza eskubideen aldeko hezkuntzako euskal plana 2008-2011 birformulatzeko beharra azaltzen dute premisa horiek. Plana aurreko legegintzaldian onartu zen, indarkeria terrorista deslegitimatzeko eta bizikidetasun demokratikoa sustatzeko. Indarrean dagoen planak fenomeno horri heltzen dio, baina planteamenduek ez dute behar adinako uste sendoa. Ez die erakunde demokratikoei erreferentzia egiten, eta ez du tolerantzia irmotasunez aldarrikatzen. Gainera, ez du guztiz sinesten terrorismoaren biktimen testimonioa lehen mailako elementu pedagogikoa dela, ezarritako helburuak lortzeko bidean.

Horrenbestez, berrikuspena planaren mamiraino heltzen da, helburuen definizioari zein ekimenen, jardunen eta baliabideen diseinuari dagokionez. Helburua lortzeko baliagarri diren alderdiei eutsi, eta aldatzea komeni dena egokitu da.

Aurrekariak

Lehendik ere bazen Bakearen eta giza eskubideen aldeko hezkuntzako euskal plana 2008-2011.

Jaurlaritzak egin duen eta lehendakariak adierazi duen apustu irmoa planaren birformulazioan jasotzea, terrorismoaren indarkeria deslegitimatzeko. Horretarako, bizikidetasun demokratikoa aldarrikatuko da, eta tolerantziaren balioak eta pluraltasun politikoa sustatuko dira euskal herritarren artean.

Legebiltzarraren aurrean Justizia eta Administrazio Publikoko sailburuaren agerraldiaren edukia bideratzea: Jaurlaritzak plan hori birformulatuko du, planak hasieran zituen helburuak bete ditzan; bereziki, terrorismoaren biktimen elkarteekin eta fundazioekin batera jarduteko. Halaber, plan horretan aldaketak egingo dira, planaren justifikaziotik desager dadin gatazka baten existentzia. Balioetan heztearen sustapena terrorismoaren aurkako borrokaren zati izan behar du. Euskadiko errealitateari erreparatu behar dio planak. Terrorismoaren biktimak aintzat hartu behar dira. Plana gehiago garatu behar da hezkuntzaren eremuan.

Planaren birformulazioa hauteskunde-programan sartuta dago, terrorismoa deslegitimatzeko politika gisa, eta askatasuna eta bizikidetasuna eraikitzeko eta finkatzeko tresna gisa.

Saila

Jaurlaritzaren Lehendakaritza

Esku hartzen duten sailak

Lehendakariak lideratzen du plana, eta Lehendakaritzaz gain, beste bost sail hauek ere nabarmen inplikatuta daude: Kultura; Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa; Lana eta Gizarte Gaiak; Herrizaingoa; eta Justizia eta Administrazio Publikoa.

Planak sail arteko plangintza behar du: sinergiak bilatu eta baliabideak optimizatu behar dira, funtsezkoa eta oinarrizkoa den helburu bat lortzeko, bizikidetasun demokratikoa eta giza eskubideak sustatzeko, alegia.

Esparru horretan Jaurlaritzan sortu diren sinergiak sustatzea eta koordinatzea Lehendakaritzari dagokio, oinarrizko alderdietan, gutxienez. Koordinazioari dagokion funtzio zehatzean, Sail arteko batzordean zein Aholkularitza Kontseiluan, Justizia eta Administrazio Publikoko Sailaren laguntza izango du Lehendakaritzak, Giza Eskubideen Zuzendaritzaren bidez.

Gainerako sailek beren eskumeneko jardunak sartuko dituzte planean, sailei lotutako zuzendaritzen bitartez (Giza Eskubideen Zuzendaritza, Hezkuntza Berrikuntza, Terrorismoaren Biktimentzako Laguntza, Gazteria eta Gizarte Ekintza, eta Immigrazioa).

Gizarte-eragileek Partizipazioa

Plana aurrera ateratzeko, interesatuta dauden taldeek ekarpenak egin behar dituzte, eta, ildo horretan, azpimarratzekoak dira honako talde hauek: pluraltasuna, balio demokratikoak eta giza eskubideak sustatuko dituzten elkarteak; terrorismoaren biktimen elkarteak; gaian adituak diren unibertsitateko kideak; Eskola Kontseilua.

Eraginak

Araudian eragina

Terrorismoaren biktimei buruz legebiltzarrak hartzen dituen erabakietan sartzen da plana, funtsezko eskakizun gisa; Terrorismoaren biktimei aitorpena eta erreparazioa egiteko legean ere sartuta dago (9.3. artikulua).

Plan osoak betetzen ditu giza eskubideen aldeko nazioarteko erakundeek esparru horretan zehazten dituzten eskakizunak.

Beste jardueretan eragina

Bakearen eta giza eskubideen hezkuntzarako sail arteko batzordearen bidez koordinatzen da. Batzorde hori planaren baitan sortu da, Lehendakaritza du buru, eta elkarlanean jardungo du Justizia eta Administrazio Publikoko Saileko Giza Eskubideen Zuzendaritzarekin.

Erakunde harremanetan eragina

Jaurlaritzaren plan bat da, foru- eta udal-erakundeekin koordina daitekeena. Udalek Eudelen bidez egingo dute koordinazioa.

Helburua da bizikidetasun demokratikoaren, pluraltasunaren, tolerantziaren eta giza eskubideen aldeko garapena ekarriko duten jardun komunak sustatzea. Harremanen esparrua aholkularitza-kontseilu baten inguruan egituratzen da. Organo horretan administrazio publikoek, gizarte-esparruko erakundeek, hedabideek, unibertsitateek... hartzen dute parte. Horrenbestez, balio demokratikoak eta giza eskubideak sustatzen dituzten erakunde ezberdinek parte hartzea bideratzen da.

Plana gauzatzeko aurreikusitako epea

2010 - 2011
ELABORAZIO FASEAK

Lortutako faseak

FaseHasiera dataAmaiera dataEgoera
1. fasea. Oinarrizko lerro estrategiko eta ekonomikoak prestatzea--Amaituta
2. fasea. Lerro estrategiko eta ekonomikoei buruzko txostenak egitea--Amaituta
3. fasea. Plana prestatzea2009/09/012010/03/31Amaituta
4. fasea. Planei buruzko txostenak egitea2010/04/012010/05/30Amaituta
5. fasea. Gobernu Kontseiluak plana onartzea2010/05/312010/06/08Amaituta
EBALUAZIOA

Ebaluatzeko moduak

Plana kudeatzeko eta jarraitzeko organoa Sail arteko batzordea izango da, Lehendakaritza buru duelarik. Gainera, bost zuzendaritzek parte hartuko dute batzorde horretan: Giza Eskubideak, Hezkuntza Berrikuntza, Gazteria eta Gizarte Ekintza, Terrorismoaren Biktimentzako Laguntza, eta Immigrazioa.

Sail arteko batzordea Giza Eskubideen Zuzendaritzak koordinatuko du. Gainera, zuzendaritza horrek planaren jarraipena eta ebaluazioa egingo ditu, baita batzordearen kudeaketa administratiboa ere.

Plana ebaluatzeko sistema mistoa izango da: sail bakoitzak bananako ebaluazioa egingo du, eta kanpoko erakunde batek ere ebaluazioa egingo du. Lehenengo urteko ebaluazioa egingo da, eta, beharrezkoa izanez gero, doikuntzak egingo dira. Hala ere, konpromiso formala planaren indarraldiaren bukaeran izango da.

Planaren onura bizikidetasun demokratikoa sustatzea da; era beran, erakunde demokratikoak defendatu nahi ditu, baita tolerantziaren balioak eta pluraltasun demokratikoa ere, oro har. Horrez gain, gizarteak indarkeria terrorista gaitzestea lortu nahi du, batez ere.

Aldizkako ebaluazioak


Ebaluazioaren laburpena

Birformulatutako planaren jarraipen-dokumentu batzuk

Azken aldaketa::2016/10/06