Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Oinarriak

I. Abiapuntua

Ezinbestekoa da zintzoki onartzea herritarren parte-hartzea praktikan jartzea konplexua dela. Beharbada, horregatik, askotan, baliabide hori erretorikoa da erreala baino gehiago, edo minoritarioegia da garrantzitsutzat eta eragin handikotzat hartzeko. Nolanahi ere, herritarren parte-hartzearen sustapena eta kanalizazioa ezinbesteko azterketa- eta konpromiso-eremua da sistema demokratikoa hobetzen, eguneratzen eta berritzen lagundu nahi duen administrazio publiko ororentzat. Guk eremu horren berezko ekarpen bat egin nahi diogu arrazoibide orokor horri: uste osoa dugu herritarren parte-hartzea funtsezkoa izan daitekeela bakearen eta gizartean bizikidetzaren normalizazioaren helburuak sendotzeko.

II. Helburuak

  • Bakea sendotzen eta giza eskubideen, bizikidetzaren eta gizarte-elkartzearen aldeko gizarte- eta hezkuntza-konpromisoa sustatzen laguntzea.
  • Erakundeen eta herritarren arteko elkarrizketa, komunikazioa, entzutea eta elkarrekintza demokratikoa hobetzea.
  • Gizartearentzat, gizarte-mugimenduentzat eta erakundeentzat onuragarri izango den lankidetza publiko-sozialeko estrategia garatzea.
  • Bake eta Bizikidetza Planaren diseinua eta garapena hobetuko duten ekarpenak, iradokizunak, kritikak, proposamenak edo iritziak biltzea.
  • Plan horren edukiak euskal gizarteak ezagutu eta uler ditzan laguntzea

III. Ardatzak

Bake eta bizikidetzaren alorrean, herritarren parte-hartzerako politikak bideratzeko hiru jardun-ardatz nagusi garatuko dira:

  • Lankidetza publiko-soziala euskal elkarteen sarearekin, gizarte zibilean antolatuta egonik “Bizikidetzaren aldeko gizarte- eta hezkuntza-konpromisoa” bultzatu nahi duten erakunde guztien arteko akordioaren bitartez.
  • Herritarren zuzeneko parte-hartzea sustatzea Eusko Jaurlaritzaren eta Eusko Legebiltzarraren eskura dauden parte-hartze tresnen bitartez, eta proiektu espezifikoak bultzatuz.
  • Foru Aldundiekin eta udalekin adostasuna bilatzea, tokiko eremuan “Bizikidetzaren aldeko gizarte- eta hezkuntza-konpromisoaren” barruan biltzen diren parte-hartze ekimenak bultzatzeko.

IV. Irizpideak

  • Herritarren parte hartzeko proiektu ororen irizpide gidari gisa proiektu horren izaera praktikoaren eta berritzailearen justifikazioa ezartzea, parte-hartze horren adierazpen hutseko orientazioaren arriskua gainditu ahal izateko.
  • Parte-hartzearen alorrean Eusko Legebiltzarrak eta Eusko Jaurlaritzak dituzten tresna zehatzak aprobetxatzea eta optimizatzea eta elkarteen sarearekiko lankidetza publiko-sozialaren estrategiaren barruan kokatzea.
  • Udalen, ikastetxeen eta elkarteen sarearen artean hitzartutako udal-eremuko ekimenei lehentasuna ematea.
  • Gure testuinguruan egiten diren herritarren parte-hartze esperientziak Europako eremuko antzeko beste ekimen batzuekin lotzea.
Azken aldaketako data: 2013/11/18