Liburu osoa (pdf, 2405kB)
Aurkezpena | ... >> 5 >> 6 >> 7 >>...
Beste hizkuntzekin ustezko senidetasunak

Euskarari azken mendeotan zehar bilatu zaizkion senidetasunen artean, bi dira batez ere hots egin dutenak eta aipatzea merezi dutenak: iberiera eta kaukasiar hizkuntzak.

  • Euskara ala iberiara

    Euskaliberismo ” izenaren azpian iritzi bi defenditu izan dira historian zehar. Iritzi bata aspaldikoa da. Batzuek zioten antzinatean erromatarrak eta beste jendetzak etorri baino lehen, euskara Hispania osoan mintzatzen zela, hau da, Hispaniako hizkuntza zaharra euskara zela. Beranduago sortua da euskaliberismoaren hipotesi linguistikoa, aurrekoaren bidetik: horien ustez, euskara eta iberiera hizkuntza bera dira jatorriz, hala, euskara iberieraren oinordekoa izango litzateke.

    Botorritako Brontzea (Zaragoza), zeltiberiar hizkuntzaz idatzita

    Euskara Hispaniako hizkuntza zaharra eta jatorrizkoa delako iritzia aspaldiko mendeetatik dator, XVI. mendetik gutxienez, eta horren aldeko, transmisore edo zabaltzaile gertatu dira hainbat kronikari zahar, euren artean euskaldunak, baina baita kanpotarrak ere.

    Euskaliberismo hipotesiaren aurrean jakitun batzuk alde eta beste batzuk kontra azaldu dira historian zehar. Iritzi bion artean eztabaidarik garratzenak batez ere XVIII-XIX. mendeetan izan dira. Berez hizkuntzari dagozkion iritziok bestelako interesekin ere nahastu dira batzuetan: foru erakundeak babestu edo ahultzeko ere erabili izan dira inoiz.

    Iritzi horren alde XVI-XVII. mendeetan idatzi dutenen artean aipa daitezke: Pedro de Medina sevillarra, Marineo Sículo italiarra, Juan de Valdés, Alonso Venero edo Martín de Viciana, kanpokoen artean. Baina horien aurrez aurre izan ziren beste batzuk bat ez zetozenak; hau da, erromatarrak etorri aurretik Hispanian beste hizkuntza batzuk ere egiten zirela baiesten zutenak: Ambrosio de Morales, Juan de Mariana edo Bernardo de Aldrete, esaterako.

    Euskaldunen artean, euskara antzina Hispania osoko hizkuntza izan zela zioten batzuk hauek dira: Esteban Garibai, Andrés Poza, Baltasar Etxabe, a href="http://zubitegia.armiarma.com/egileak/00355.htm" target"blank">Arnauld Oihenart mauletarra eta José Moret iruindarra; kronikari edo historialariak ditugu batez ere. Baina XVIII. mendetik aurrera, eta gehiago XIX.etik, hizkuntzalarien txanda helduko da.

    Diccionario de autoridades Diccionario trilingue

    Lehen euskal hizkuntzalariak apologista kementsu azalduko dira beste iritzi bateko ziren gaztelau jakintsuen aurka. Manuel de Larramendi izango da euskararen antzinatasuna, unibertsaltasuna eta perfekzioa gartsuen defendituko duen euskaltzalea. De la antigüedad y universalidad del bascuence en España (1728) izena emango dio bere lehen saioari. Mendearen erdiruntz berriro astinduko ditu euskararen gainean bestelako iritzia zutenak, bere Diccionario trilingüe obraren hitzaurre luzean. Kritika garratzok, orduantxe aurretxoan atera zen Diccionario de Autoridades obran jalkitako iritzi eta usteei erantzutera zetozen. Gregorio Mayans jakintsua izan zuen hizkuntza-kontuetan kontrako nagusi eta hari zuzenduak dira bere kritiketariko asko. Aurrerago, Henrique Flórez historiagilea ere ez da bat etorriko Larramendirekin puntu batzuetan; ez du onartuko hark bultzatu zuen euskal kantabrismoaren iritzia; hau da, euskaldunak kantabriarrekin bat egitea, hain zuzen.

    Geroago etorriko da Lorenzo de Hervás y Panduro jesuita, harako Catálogo de las lenguas (1800-1805) obra erraldoiaren egilea. P. Astarloak eta J. A. Mogelek itzal handiz aipatuko dute jakintsu hori eta euren ideiak defenditzeko horrengan aurkituko dute babesa.

    Pablo Astarloa dugu Larramendiren ondoren eta haren bidetik euskararen kausa kementsu defendituko duena, eta lehenik Apología de la lengua bascongada (1803) saioaren bitartez. Joaquín de Traggia historialariak Espainiako “Real Academia de la Historia” delakoak orduan aurretxoan Diccionario geográfico-histórico (1802) delakoaren Navarra sarrera-hitzaren azpian euskararen inguruan idatzi zuen artikulua izan zen polemikaren sorrarazle. Aldi bertsuan erantzungo dio artikulu horri J. A. Mogel idazleak ere, nahiz hau argitaratzeke gelditu orduan. Juan Bautista Erro eta beste apologista batzuk etorriko dira ondoren. Bai Astarloa, bai Mogel, toponimiaren bidez frogatzen saiatuko dira euskara antzina Penintsula osora hedatzen zela. Euskarazko hitz-erroen bidez argitu nahiko dituzte Hispaniako leku-izen zahar askoren esanahia, mendi, ibai, herri eta leku-izen batzuenak.

    Wilhelm Von Humboldt

    Euskaliberismoaren hipotesiari zientzia-oinarri sendoagoa emango diona XIX. mendean Wilhelm von Humboldt, (pdf, 439Kb) prusiarra izango da. Euskara eta iberiera jatorri berekotzat joko ditu. Horretarako lexikoan eta bereziki toponimiako emaitzetan bilatuko ditu frogagarriak. Beronek alemanez idatziriko obra baten Über die Urbewohner Hispaniens vermitelst der Vaskischen Sprache, izenburua irakurri baino ez dago gaztelaniaz: Los primitivos habitantes de España. Investigaciones con el auxilio de la lengua vasca. Euskal toki-izenak Hispaniako toki-izen antzekoekin konparatuko ditu, erro berdinak bilatu nahirik. Hala, (h)aitz / (h)atx erroa legoke Asturica eta Astura izenen atzean, ‘haitzeko ura’ esanguraz, edota Betikako Astigi izen zaharraren azpian. Bide beretik, (h)iri / (h)uri erroa legoke Betikako Ulia izenean, edo erromatar garaiko Graccuris eta Calagurris hiri-izenen atzean. Ur erroa legoke Betikako Urgia eta Urgao izenen atzean, eta hala beste asko.

    Iberiar inskripzioak,deszifratu izan direnean (Gómez Moreno) hipotesi hori behera etorri da. Alabaina gaur ere baditu ikertzaile eta defendatzaile sutsuak. Inskripzio zaharrok deszifratu direnean, ikertzaileek hortik atera duten ondorioa da, hizkuntzok inondik ere ez direla familia bereko. Aurki daitezkeen kidetasunak luzaroko auzotasunaren eraginez izan daitezkeela. Euskara ez dela, beraz, iberieraren senide. Antzinatean gerta zitezkeen hitz edo hizkuntza-elementu trukeak, baina ez dago funtsik antzinako euskaldunak iberiarrak edo iberiartuak izan zirela pentsatzeko. Hizkuntzon artean dauden kidetasunen arrazoia izan daiteke, iberiarrak hedatu ziren lurraldean euskal substratua egon zelako, eta ez bestetara.

    Euskara eta iberiera senideak zirelako iritziaren funtsa hau zen: iberiarrak Afrika Goienetik sartu zirelako ustea. Eta horrek amets eder baterako bidea irekitzen zuen: hizkuntza kamitiko-semitikoen enborretik sortu ote zen euskara. Tubalismoaren mitoa ere horrekin lotua zegoen.

    Hitz baten esanda: hizkuntza bion arteko kidetasun seguruak gutxi baino ez dira guztiz. Teoria hau ez dago gaur oro har aintzat hartua.

  • Euskara eta kaukasiar hizkuntzak Kaukasiar hizkuntzak

    Kaukasoko mendikatea, Europa eta Asiaren muga egiten duten mendiek osatua da. Han badira jatorri zaharreko jendetza eta hizkuntza batzuk. Hauek dira ezagunenak: georgiera, megrelo eta lazia, eta svanoa. Euskararekin konparatzeko gehien erabili den hizkuntza georgiera zaharra da, K.o. IV. mendetik izkiriatu izan dena.

    Euskara eta Kaukasoko kartveliar hizkuntzen arteko senidetasuna defendatzen duten teoriak oraintsuago sortuak dira. Hizkuntzen tipologiak ikertzen hasi zirenean hizkuntzalariek idoro zuten euskara eta beste batzuk “ergatibo” tipokoak zirela, indoeuroparrak eta beste asko “nominatibo” tipokoak. Tipologiaren aldetik euskara eta kaukasiar hizkuntzak mota berekoak zirela ikusi zen. Hala gorpuztu zen hipotesia, jatorri berekoak izan zitezkeela, eta indoeuroparrak hedatzen hasi baino lehen, handik hona etorri izan ziratekeela euskaldunak.

    Fonetika, lexiko eta morfologia alderdiko zenbait paralelismo finkatzera heldu ziren hizkuntzalari batzuk, eta horretatik indartu zen euskal eta kaukasiar hizkuntzak etorki berekoak direlako hipotesia. K.a. II. milurtekoan Asiatik etorriak izango lirateke euskaldunak, eta hala ekarriko zuten hizkuntza ere, beste ekandu eta lanbide batzuekin batera. Baina egia izatera ere, kaukasiar hizkuntzekin lotzen duen senidetasun horrek antzina-antzinakoa beharko luke izan, Neolito aurrekoa gutxienez.

    René Lafon hizkuntzalaria izan zen teoria horren aldeko agerienetarikoa, eta gerora ere izan ditu jarraitzaileak, bai Euskal Herrian, baina baita Georgia eta Errusia aldean ere; besteak beste, Vladimir Zytsar. Hitz-erro zaharrak, zenbaki-izenak, kasu ergatiboaren presentzia, euskal aditz zaharraren egitura pasiboa eta horretariko beste argudio batzuk erabili izan dira hipotesi horren alde.

    Baina hizkuntzalari gehienek, Mitxelena buru dela, ez dute ontzat hartzen kaukasiar tesia. Hango hizkuntzekin konparatzeak ez ei dakar argi berririk euskararen izaera zaharrari eta eboluzioari buruz.

  • Euskara eta beste hizkuntza batzuk

    Arrakasta gutxiago izan dute, euskara beste hizkuntza batzuekin lotu duten hipotesiek. Izan dira hizkuntzalariak, Mediterraneo inguruko lurralde osoak hizkuntza-estrato bera zuela uste izan dutenak. Eta horietariko batek –Hubschmid izenekoak– baieztatu zuen euskara hizkuntza-familia aurreindoeuroparren azken hondarkina dela, hau da, euroafrikar eta hispaniar-kaukasiar familiena.

    Hizkuntza kamitikoekin ahaidetasuna bilatzen saiatu dira beste batzuk. ala, euskarak berbere-hizkuntzarekin antzak ei ditu. Beste konexio bat eginez, berberea eta Kanarietako guantxera jatorri berekotzat dauzkate batzuek, eta hala izan dira euskara hizkuntza biokin kidetu nahi izan dutenak.

    Aurkezpena | ... >> 5 >> 6 >> 7 >>...