Argitalpen-data: 2016/05/04

Inkestatutako pertsonen %91k ez du ohiturarik baimenak irakurtzeko mugikorrean aplikazio bat instalatu aurretik

Kontsumobidek inkesta bat egin du EAEko biztanleen artean, telefono mugikorraren ohiturak eta erabilera aztertzeko

Telefono mugikorra duten pertsonen % 91k aplikazioak deskargatzen ditu, baina horietatik % 9k baino ez dituzte beti irakurtzen baimenak instalatu aurretik. Ondorio hori atera daiteke Kontsumobide-Kontsumoaren Euskal Institutuak EAEko biztanleen artean telefono mugikorraren ohiturak eta erabilera aztertzeko egindako inkestan. EAEko hiru hiriburuetan egin da inkesta, kalean, urtarrila eta otsaila bitartean, eta 409 pertsonek parte hartu dute (129k Gasteizen, 97k Donostian eta 183k Bilbon). Inkestatu kopurua modu proportzionalean zehaztu da, hiriburu bakoitzeko biztanle kopurua eta adin-tarteak kontuan hartuta.

Kontsumobidek, inkesta horren bidez, honakoak jakin nahi izan ditu: herritarrek gehien erabiltzen dituzten gailu mugikorrak, zertarako erabiltzen dituzten maizen eta, azkenik, zein segurtasun-bitarteko ezagutzen eta erabiltzen duten. Hala, emaitzak ikusita, arlo horretan Institutuak eskaintzen duen prestakuntza eta informazioa helburuko hartzaileetara egokitu ahal izango du, lehenagoko inkestekin eta azterlanekin egin duen bezala.

Hala bada, oinarrizko galdera sorta baten bitartez, Kontsumobidek gailu mugikorren ohiturei eta erabilerari buruzko informazio hau bildu du: erabiltzen duten gailua, ohiko erabilera mota, deskargatutako aplikazioak, segurtasun-bitartekoak, baimenak irakurtzen diren eta ziberdelituen gaineko ezagutza-maila.

Emaitzek berretsi egin dute herritar gehienen ustea: inkestatutako pertsona guztiek telefono mugikorra dute, eta % 35ek tableta ere bai. Erabilerari dagokionez, ia denek beste pertsona batzuekin harremanetan jartzeko erabiltzen dute, eta % 16k besterik ez administrazio- eta banku-izapideak egiteko.

Era berean, inkestatutakoen % 60k baino gehiagok ulertzen du «kostu gehigarriko zerbitzuei», «telefono-deietarako sarbideari» edo «kokapenari» loturiko baimenen esanahia, aplikazioek eskatu ohi dituztenak deskargatzeko prozesuan. Alabaina, ez da gauza bera gertatzen beste kontzeptu batzuen inguruan; «sare bidezko komunikazioa», «sistemarako sarbidea» edo «biltegirako sarbidea» kasu. Horiek ezagutzen dituztenak ez dira iristen % 27 izatera. Adierazgarria da % 84k ez duela eteten aplikazioaren instalazioa, letra xeheak ekar diezazkiokeen ondorioak jakin arren.

Bestalde, aplikazio-erabiltzaileen % 66k badaki aplikazio horiek desinstalatzen, baina handia da ez dakitenen ehunekoa (% 34), batez ere 55 urtetik gorakoen kasuan (% 39).

Ziberdelituei dagokienez, herritarrek ezagutza-maila handia dutela diote, baina alde handia dago delitu mota gorabehera (iruzurra, ziberbullyinga, nortasuna ordezkatzea edo ransomwarea). Guztiek dakite zer diren iruzurrak, baina % 43k baino gutxiagok dakite zer diren ziberbullyinga, nortasuna ordezkatzea edo ransomwarea.

Azkenik, ia guztiek (% 99k) adierazi dute Ertzaintzarengana joko luketela ziberdelitu baten biktima izango balira.

OHARRA: "Gailu mugikorren erabilera eta ohiturak" inkestaren txosten osoa helbide honetan kontsultatu daiteke www.kontsumobide.eus:

Gailu mugikorren erabilera eta ohiturak (PDF, 1 MB) inkestaren emaitzen txostena.