Hezkuntza Saila

Oinarrizko konpetentzia

Konpetentzia da eskaera konplexuei erantzuteko eta zereginak egoki burutzeko ahalmena. Trebetasun praktikoak, jakintzak, motibazioa, balio etikoak, jarrerak, emozioak eta gizartearen eta jokabidearen beste osagai batzuk elkarrekin mobilizatzea eskatzen du, ekintza ganorazkoa izan dadin (ELGA, DeSeCo, 2002).

Oinarrizko konpetentziak dira pertsona guztiek behar dituztenak beren burua errealizatzeko eta garatzeko, bai eta herritartasun aktiborako, inklusio sozialerako eta enplegurako ere (Europako Erkidegoen Batzordea, 2006).

Oinarrizko zehar konpetentziak

Bizitzako alor eta egoera pertsonaletan, sozialetan, akademikoetan eta lanekoetan —diziplina-arlo guztietan nahiz eguneroko bizitzan—, arazoak eraginkortasunez konpontzeko behar direnak dira. Arlo edo ikasgai guztietan batera lan eginez sustatu eta sendotu behar dira, eta bizitzako alor eta egoera guztietan integratuz eskuratzen eta aplikatzen dira.

Honako hauek dira oinarrizko zehar-konpetentziak:

  • Hitzez, hitzik gabe eta modu digitalean komunikatzeko konpetentzia
    Hitzezko eta hitzik gabeko komunikazioa eta komunikazio digitala modu osagarrian erabiltzea, ganoraz eta egoki komunikatu ahal izateko egoera pertsonal, sozial eta akademikoetan.
  • Ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia
    Ikasteko eta lan egiteko ohiturak, ikasteko estrategiak eta pentsamendu zorrotza izatea, eta ikasitakoa mobilizatzea eta beste testuinguru eta egoera batzuetara eramatea, norberaren ikaskuntza modu autonomoan antolatzeko.
  • Elkarbizitzarako konpetentzia
    Pertsonen arteko, taldeko eta komunitateko egoeretan elkarrekikotasunez parte hartzea, eta norberari aitortutako eskubideak eta betebeharrak besteri aitortzea, norberaren zein guztion ongirako.
  • Ekimenerako eta ekiteko espiriturako konpetentzia
    Ekimena izatea eta ekite-prozesua erabakitasunez eta eraginkortasunez kudeatzea testuinguru eta egoera pertsonal, sozial, akademiko eta lanekoetan, ideiak ekintza bihurtzeko.
  • Izaten ikasteko konpetentzia
    Bizitzan zehar agertzen diren sentimendu, pentsamendu eta ekintza pertsonalez gogoeta egitea eta haiek sendotzea edo egokitzea, haien gaineko balorazioaren arabera, bere burua etengabe hobetuz pertsona osorik errealizatzeko. 

Diziplina barruko oinarrizko konpetentziak

Diziplina-arloren bateko baliabideak erabiliz bizitzako maila pertsonalean, sozialean, akademikoan eta laboralean arazoak eraginkortasunez konpontzeko behar direnak dira. Diziplina-matrize bat dute oinarrian, arloren bateko arazoen eta egoeren bitartez eskuratzen dira, baina diziplina-arlo bateko edo batzuetako arazoak eta egoerak konpontzeko aplika daitezke.

Honako hauek dira diziplina barruko oinarrizko konpetentziak:

  • Hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia
    Hitzezko eta idatzizko testuak egokiro erabiltzea —euskaraz, gaztelaniaz eta atzerriko hizkuntza batean gutxienez—, bizitzako hainbat alorretako egoeratan, eraginkortasunez eta hizkuntza-aniztasuna errespetatuz. Literatura-hezkuntza garatzea ere bai, nork bere burua eta inguruko mundua hobeto ezagutzeko.
  • Matematikarako konpetentzia
    Jakintza matematikoa aplikatzea bizitzako premiekin zerikusia duten arazoak interpretatzeko, deskribatzeko, azaltzeko eta haiei erantzuteko, arloaren berezko pentsamendu- eta adierazpen-moduak eta tresnak erabilita.
  • Zientziarako konpetentzia
    Jakintza eta metodologia zientifikoa modu koherentean, egokian eta zuzenean erabiltzea sistema eta fenomeno naturalak interpretatzeko, eta aplikazio zientifiko-teknologikorik esanguratsuenak erabiltzea hainbat testuingurutan, errealitatea ebidentzia zientifikoaren ikuspegitik ulertzeko, eta bizitzako alor eta egoera guztietan erabakiak arduraz hartzeko.
  • Teknologiarako konpetentzia
    Produktu eta sistema teknologikoak zentzuz garatzea eta erabiltzea, jakintza teknikoak eta beste adar batzuetakoak metodikoki eta eraginkortasunez aplikatuta, egoera interesgarriak ulertzeko eta konpontzeko eta produktu eta zerbitzu berriak eskaintzeko, eta emaitzen berri ematea, hobetzeko edo erabakiak arduraz hartzeko prozesuekin jarraitzeko.
  • Gizarterako eta herritartasunerako konpetentzia
    Nork bere burua, bere taldea eta bere mundua ulertzea, gizarte-zientzien ezaupideak eskuratuz, kritikoki interpretatuz eta erabiliz, eta haien prozedurak eta metodologiak baliatzea, bizitzako ohiko egoeretan modu autonomoan jarduteko, herritar gisa, eta, hartara, gizarte guztiz demokratiko, solidario eta inklusibo bat garatzen laguntzeko.
  • Arterako konpetentzia
    Hainbat kultura- eta arte-adierazpen ulertzea eta kritikoki baloratzea, garai eta erabilera anitzetakoak, faktore estetikoek pertsonen eta gizarteen bizitzan duten garrantziaz ohartzeko. Artearen hizkuntzak ezagutzea eta haien kodeak erabiltzea mezu artistikoak sortzeko eta haien bidez adierazteko eta komunikatzeko, ekimena, irudimena eta sormena erabiliz.
  • Konpetentzia motorra
    Jokabide motor autonomo, osasungarri eta sortzaile baten bitartez ideiak, balioak, sentimenduak eta emozioak egoki adieraztea bizitzaren esparru, egoera eta jarduera guztietan, baita gorputz- eta kirol-jardueretan ere, eta batzuen zein besteen adierazpenak interpretatzea eta baloratzea.