Hezkuntza Saila

Iraunkortasuna eta hezkuntza esku-hartzea / Ohorezko Eskola Jasangarriaren ziurtagiria

Iraunkortasuna eta hezkuntza prestakuntza

Ohorezko Eskola Jasangarriaren ziurtagiria

Sukarrietako Eskola Saiakuntzarako Zentroak (SESZ) iraunkortasunean oinarritutako gizarte eredu baten aldeko baloreetan heztea du helburu. Honetan, 2002-2020 Garapen iraunkorraren EAEko ingurumen-estrategian aurreikusitako konpromisoak garatzea dokumentuan jasotzen diren xedeekin bat egiten du.

SESZak 1982.urtetik iraunkortasunaren alde dirau lanean, eta ibilbide luze honetan eginiko lanaren ondorioz, gaur egun Euskal Herri eta Estatuan iraunkortasunerako hezkuntzan oso ezaguna da eta aintzakotzat hartzen da. Gizarte eszenatoki berriak zabaltzean datza bere lana, ikasturtero Derrigorrezko Hezkuntzako 100 bat ikastetxerekin, 3.200 bat ikaslerekin eta 180 irakasle ingururekin lan eginez.

SESZeko hezkuntza eredua iraunkortasunaren aldeko hezkuntzaren printzipioekin koherentea da. Ikastetxeetako irakasle zein ikasleek irakaste-ikaste prozesu horretan murgiltzeko aukera dute, aurrerantzean ikasitakoaren arabera ekiteko eta bizi diren inguruan eredu izateko. Era berean, bizimodu eredu hori hezkuntza komunitate osoan hedatzeko bidea ere zabaltzen da.

Horrez gain, SESZeko egonaldietan, Eskolako Agenda 21 programa (EA21) garatzen duten ikastetxeentzako Curriculum egokitzapenak egitea izan da azken urteotako lan esanguratsuenetariko bat. Bestalde, Eskola Agenda 21ean sartuta ez dauden ikastetxeak EA21n parte hartzera animatzen dira, beronek hezkuntza komunitate osoari dakarzkion onurez ohartaraziz.

Aipagarriak dira baita ere , SESZak garatzen dituen beste eremu batzuk, besteak beste, bertan sortutako eta egindako materialak, argitalpenak, eskaintzen diren ikastaroak eta nazio mailako hitzaldiak.

Guzti hori dela eta, Sukarrieta Eskola Saiakuntzarako Zentroak (SESZ) Eskola Jasangarriaren Ohorezko Ziurtagiria jaso zuen 2013ko ekainean, hainbat urtetan egindako lanaren aitorpen gisa.