Osasun Sailak gidaliburu bat prestatu du xehekariei, saltoki handiei eta ostalariei laguntzeko, kontsumitzaileei informazioa ematen alergenoei edo intolerantziak sortzen dituzten elikagaiei buruz

Argitalpen-data: 

Xehekari saltokietako eta jatetxeetako elikagaien informazioari buruzko gidaliburuaren aurkezpena

Horrez gainera, elikagai-taldeei, salerosketa-modalitateei eta manipulatze-praktikei buruzko informazioa jaso dute.

guia_alimentos.jpg

Euskadin 14.797 establezimendu daude ezaugarri hauekin. Horietako 8.629 ostolaritzakoak dira, eta  4.727 txikizkako merkataritzakoak.

Osasun Sailak kontsumitzaileei elikagaien informazioa emateko gidaliburua aurkeztu du gaur, Gasteizen, xehekariekin, saltoki handietako ordezkariekin eta ostalariekin egin den jardunaldi baten esparruan. Gidaliburua lagungarria izango da elikagaietan eta elikakatearen faseetan alergenoak edota intolerantzia sortzen duten substantziak identifikatzeko.

Duela gutxi, Europan, kontsumitzaileen babes-maila handitzeko, elikagaien etiketatze-eskakizunak aldatu dira, hain zuzen ere, ekoizpen-fase guztietan dauden elikagai guztienak. Eta pertsonen osasunari zuzenean eragiten dion eskakizunetako bat da alergenoak eta intolerantziak sortzen dituzten substantziak identifikatzea eta haiei buruz informatzea.

Miren Dorronsoro Osasun Publikoko zuzendariak aurkeztu die gidaliburua elikadurarekin erlazionatutako sektoreei. Adierazi duenez, gero eta pertsona gehiagok dituzte alergiak eta intolerantziak, eta gero eta elikagai kopuru handiagoak eragiten dituzte. Araudiak elikagaietako 14 alergeno identifikatzeko eta haiei buruz informatzeko betekizuna ezartzen du; beraz, aldaketa garrantzitsuak ekarriko dizkie elikagai-establezimenduei eta elikagaigintza-industriari. «Horren jabe izanik –adierazi du Miren Dorronsorok–, elikagaiei buruzko informazioa emateko gidaliburu hau prestatu dugu, araudia interpretatzen eta pertsonen babes-maila areagotuko duen informazio hori eskaintzen laguntzeko».  «Kontsumoa segurua izan dadin, funtsezkoa da kontsumitzaileek elikagaiei buruzko informazioa ezagutzea: eskubide bat eta betebehar bat da informazio hori irakurtzea eta baita eskatzea ere», nabarmendu du.

Xehekari saltokietako eta jatetxeetako elikagaien informazioari buruzko gida atalka egituratu da eta elikagaietan agertu behar den nahitaezko informazioa jaso du; bereziki, alergenoei eta intolerantziak eragiten dituzten substantziei buruzko informazioa. Horrez gainera, delako informazioa nola eman daitekeen dakar gidak (kartelen, etiketen eta menuen bidez, baita ahoz ere, elikagaien arloko establezimenduetako arduradunek emanda).

Gainera, elikagai-taldeak, horiek saltzeko modalitateak eta saltokietan eta jatetxeetan elikagaiak hobe kudeatzeko manipulatze-jardunbideak azaldu dira.

 Azkenik, establezimenduetako arduradunen eta kontsumitzaileen erantzukizunak zehaztu dira gidan.

Gidaliburu osoa helbide honetan kontsulta daiteke: http://www.osakidetza.euskadi.eus/r85-cksalu01/eu/contenidos/informacion/sanidad_alimentaria/eu_1247/alimentaria_e.html

2015/04/20