Argitalpen-data: 2015/03/05

Eusko Jaurlaritzak babestu egiten du Arabako Errioxako jatorri izeneko ardoen etiketatzea hobetzeko UAGAk eta ABRAk egindako proposamena

Arabako Errioxako etiketaEusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailak jakinarazi nahi du erabat babesten duela Arabako Errioxan jatorria duten ardoen etiketatzea hobetzeko UAGAk eta ABRAk egindako proposamena. Departamentuaren ustez erreinbikazio horren asmoa da Arabako Errioxako ardoa desberdintzea eta hobeto posizionatzea, hain justu, Eusko Jaurlaritzak bertako produktuei eta kalitateko produktuei lotutako elikagaien industria indartsua, lehiakorra eta iraunkorra garatzeko duen estrategiaren funtsezko ildoetako bat.

Helburua da “Arabako Errioxa” izena leku nabarmenean agertzea Errioxa JDKren esparruan merkaturatzen diren botilen etiketetan, zonalde horretan produzitzen diren ardoak argi bereizteko; izan ere, ardo horien upategiek, gehienak tamaina txikikoek, Errioxa JDK-ko upategien erroldakoen %45 inguru egiten dute.

Hasteko, lehen fasean, etiketetan “Arabako Errioxa” izena eta Errioxa izena tamaina berekoak izatea planteatzen dute. Horrekin markaren irudia hobetzea lortuko litzateke, posizionamendu hobeagoa lortuta, marka nabarmenduta, eta informazio hobea emanda, kontsumitzaileen arreta erakartzeko.

Eusko Jaurlaritzak ulertzen du eskaera erabat legezkoa dela, izan ere, “Arabako Errioxa” azpizonaldearen izena Arabako Errioxan jatorria dutela justifikatu dezaketen ardoekin baino ez da erabiliko, eta legeria egokitu daiteke Errioxa JDKren esparruan horretarako borondatea baldin badago. Horregatik, ABRAren eta UAGAren eskaerarekin bat egiten du, Errioxa JDKren Kontseilu Erregulatzailearen baitan egin beharreko gestioak egin ditzaten “Arabako Errioxan” jatorria duten ardoak hobeto identifikatu ahal izateko.