05. Euskadi Nazioartekotzeko Plan Estrategikoa.

IDENTIFIKAZIOA

Helburuak

Gobernu-ekintzaren eremu honetan, Euskadi, oro har, “nazioartekotzea” lortu nahi da; hau da, Euskadi mundura irekitzea eta globalizazio-prozesuan modu aktiboan parte har dezan, betiere kanpo-ekintza erakundeen eta gizarte zibilaren agendetako erreferente nagusitzat hartuta, enpresaren, hezkuntzaren, osasunaren, kulturaren, gizartearen, ingurumenaren... eremuetan.

Plan honen xedea zera da, legealdi honetarako Kanpo Harremanetarako eta, bereziki, enpresak nazioartekotzeari buruzko politikaren ibilbide-orri bihurtzea, bai bata, bai bestea Eusko Jaurlaritzak indartu beharreko estrategia osagarriak baitira Euskadik nazioartean presentzia handiagoa izan dezan. Helburu hori betetzeko, noranzko berean aurrera egin behar duten bi eremutako sektoreak koordinatzeko sistema bat finkatu behar da ezinbestean, Lehendakaria buru dela; hona hemen bi eremu horiek: industria-politika nazioartekotzearen eremuan eta Kanpo Harremanen arloa.

Euskadik koherentzia eta osagarritasuna eman behar dio nazioartean duen presentziari. Horretarako, estrategia partekatu bat izatea derrigorrezkoa da, dela erakunde publiko guztiekin, dela gizarte zibilarekin. Alderdi guztiak bere baitan hartuko dituen estrategia bat behar dugu, Euskadiko sektore anitzeko interesak aintzat hartuko dituena. Estrategia horretan kulturaren, hezkuntzaren, ingurumenaren, generoaren eta garapen-lankidetzaren ikuspegia ez ezik, enpresa-eremuarentzat tratamendu berezi bat ere txertatu behar dira, enpresen nazioartekotzea premiatzat eta, batik bat, herrialde-erronkatzat hartuta.

Ildo beretik, Euskadi Nazioartekotzeko Planak honako helburu hauek izango ditu:

  • Euskadiren garapen jarraitu eta iraunkorraren alde egitea, kanpoan gure sektore anitzetako interesak sustatuz.
  • Europaren eraikuntzan parte hartzea eta erantzukizuna hartzea.
  • Atzerriko euskal komunitatearekiko loturak sendotzea.
  • Euskadi munduan ezagutaraztea.
  • Mundu bidezkoago, igualitarioago eta orekatuago bat eraikitzen laguntzea

Bereziki, enpresaren eremuan:

  • Enpresen nazioartekotzeari laguntzeko euskal sistema sendotzea eta indartzea.
  • Euskadin enpresei laguntzea eskema berezitu eraginkorrenei jarraiki.
  • Nazioartekotzean giza kapitala sortzea.
  • Kanpoko jarduera erakartzeko eta eusteko estrategia garatzea.
  • Ekintza proaktiboa lankidetzan eta finantzaketan, nazioartean nahiz alderdi anitzetan.

Aurrekariak

Edozein gizarteren etorkizuna jokaleku global berrian eratzen da. Uste sendo horretatik abiatuta, Euskadiren nazioartekotzea lehentasunezko helburua da Eusko Jaurlaritza honen jardunean. Ildo horri jarraiki, X. legealdi honetarako gobernu-programan estrategia jakin bat proposatu da nazioartekotze-arloari dagokionez (1.4 arloa) eta elkarren osagarri diren bi eremu inplikatzen ditu: ekonomiaren garapena eta lehiakortasuna, betiere enpresen nazioartekotzea eta kanpo-ekintza bera ardatz hartuta.

Ikuspegi horretatik begiratuta, Nazioartekotzeko Plana tresna izango da, arlo horretako ekintzak gauzatzeko tresna eta, alde batetik, enpresa-alderdia txertatuko du euskal enpresak kanporantz proiektatuta eta, bestetik, kanpo-ekintzaren alderdia ere txertatuko du; izan ere, Euskadiko erakundeen kanpoko proiekzio-estrategiaren zati bereiztezina baita enpresa-alderdi hori.

Ikuskera integral hori bildu nahi dugu Nazioartekotzeko Planean eta, horretarako, plangintzari dagokionez, Nazioartekotzearen Euskal Estrategia Integrala eta Kanpo Harremanetarako Plan Estrategikoa osatzearekin loturiko Gobernu Programako ekimenak batu ditugu.

Bestalde, Euskadiko ekonomia irekia da, esportazioak % 32ko garrantzia du 2011ko BPGaren gainean eta maila hori Europako erreferentziazko eskualde aurreratuen mailetatik gertu dabil. Alabaina, merkatu globalaren logika berriak eta Europako (Euskadiko esportazioen helmuga nagusia) eta Estatuko krisialdi-egoera kontuan izanik, esportazioan eta nazioartekotzean egiten dugun ahalegina areagotu egin behar dugu, krisialdia gainditu eta modu iraunkorrean hazteko.

Aldi berean, Euskadiren erakargarritasuna indartu behar dugu enplegua sortzeaz gain, gure jarduera-kateak indartu ditzaketen enpresa-proiektuak erakartzeko, tokiko enpresa-proiektuen hazkundearen alde egingo duen kapitala erakartzeko eta jakintzaren aldeko gure apustua indartuko duen talentua erakartzeko.

Arauei dagokienez, Nazioartekotzeko Plan honen aurrekari garrantzitsuena Eusko Jaurlaritzaren barruan dago: Euskal Autonomia Erkidegoaren Kanpo Harremanetarako Estrategia, 2005eko martxoaren 15ean Gobernu Kontseiluan onartutakoa.

Saila

Jaurlaritzaren Lehendakaritza;Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna

Esku hartzen duten sailak

Ekimena sustatu duten Sailak:

  • Lehendakaritza: Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia
  • Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila (Euskal Autonomia Erkidegoko Industriari buruzko azaroaren 12ko 8/2004 Legearen 20. artikulua).

Esku hartzen duten sailak:

Planean, Jaurlaritzako beste sail batzuek kanpo-proiekzioan garatu beharreko helburuak eta jardun-lerroak aipatuko dira; batez ere:

  • Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, euskara eta euskal kultura kanpoan sustatzearen arduradun baita.
  • Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak, ingurumena zaintzeko eta klima-aldaketarekin loturiko eskumenak baititu, baita garraio-azpiegiturak garatzearekin ere, betiere nazioarteko lan-talde eta sareetan parte hartzearekin loturik.
  • Segurtasun Sailak, bereziki, segurtasunaren eremuan biltzen diren ekimenetako nazioarteko parte hartzearekin eta eraginarekin loturik.

Gizarte-eragileek Partizipazioa

Honelako plan batean askotariko agenteak inplikatzen dira: unibertsitateak, zentro teknologikoak, gizarte zibila, enpresak, askotariko elkarteak, foru-aldundiko eta tokiko erakunde publikoak eta abar; eta honelako plan batean agente horien guztien ekarpenak ez ezik, oro har, herritarren ekarpenak ere ezinbestekoak dira.

Horregatik, bai prestakuntza-prozesuan eta bai gauzatzeko aldian, herritarren parte-hartzerako bideak sustatzea proposatzen da planean; eta hain zuzen ere herritarren parte-hartzea da planaren alderdi garrantzitsuenetako bat.

Eraginak

Araudian eragina

Atal honetan ez da aipatzeko moduko eraginik aurreikusi, kanpoko Ordezkaritzak sortzeko edo enpresei nazioartekotzen laguntzeko programekin loturiko laguntzak edo araudia sortzeko Dekretu posibleak alde batera utzita.

Antolamenduan eragina

Enpresa-eremuko Nazioartekotzeko Planak Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailean eragiten du, baita honako erakunde hauetan ere:

  • “Energiaren Euskal Erakundea/Ente vasco de la Energía “( E.E.E. /E.V.E.) zuzenbide pribatuko erakunde publikoa, azaroaren 24ko 9/1982 Legearen bidez sortua.
  • “Industriaren Sustapen eta Eraldaketerako Baltzua /Sociedad de Promoción y reconversión Industrial “ (I.S.E.B. / S.P.R.I ) sozietatea, ekainaren 10eko 57/1981 Legearen bitartez sortua.
  • SPRI taldeko sozietateak:

Parke teknologikoak

Arrisku Kapitaleko sozietatea

  • Erakunde laguntzaileak:

 Foru-aldundiak

Merkataritza-ganberak

Aurrekontu eta finantzetan eragina

Nazioartekotzearen helburuak betetzeko garatu behar diren jardunen arabera, finantzaketa gehiago edo lehendik aurreikusitakoaz gain finantzaketa gehigarria behar izango ote den zehaztu beharko da Planean. Era berean, eraginpeko organoen aurrekontu arruntarekin gauzatuko dela aurreikusi da baina agian bestelako finantzaketarik ere behar izango da (adibidez, kanpokoa, beste erakunde batzuen partaidetzaren bitartez).

Plana gauzatzeko 120 M € aurreikusi ziren hasieran, legealdi osorako.

Beste jardueretan eragina

Jaurlaritzaren beste sail batzuen, erakunde publikoen eta pribatuen nazioartekotzeko programa eta jardun nagusiak bilduko dira planean, baita lortu beharreko aurreikusitako emaitzen laburpena ere.

Azterketa horretan oinarrituta, behar izango diren edo komeni izango diren koordinazio-mekanismoak finkatuko dira. Nolanahi ere, Kanpo Harremanetarako Sailen arteko Batzordea aktibatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Kanpo Harremanetarako Estrategian bilduta baitago.

Erakunde harremanetan eragina

Jardun mota aintzat hartuta, Euskadiko, Estatuko eta munduko beste administrazio publikoekin harremanetan egotea ohiko izango da.

Enpresen nazioartekotze-arloan, bereziki, foru-aldundiek eta merkataritza-ganberek parte hartuko dute.

Ildo beretik, gure kanpo-ekintzak eraginkorragoak eta integralagoak izateko agian organo gehiago sortu behar izango dira edo organo gehiagotan parte hartu behar izango da; nolanahi ere, EAEko Kanpo Harremanetarako Estrategian aurreikusitako Kanpo Harremanetarako Erakunde arteko Batzordea aktibatuko da.

Plana gauzatzeko aurreikusitako epea

2013 - 2016
ELABORAZIO fASEAK

Lortutako faseak

FaseHasiera dataAmaiera dataEgoera
1. fasea: Oinarrizko lerro estrategiko eta ekonomikoak prestatzea.2013/03/012013/07/15Amaituta
2. fasea: fasea.- Lankidetza: Koordinazio Zuzendaritza, Lehendakaritzarekin eta kanpo-agenteekin.2013/03/012014/02/28Amaituta
3. fasea: Plana prestatzea.2013/07/152014/02/24Amaituta
4. fasea: Txostenak egitea.2014/02/242014/03/17Amaituta
5. fasea: Jaurlaritzaren Kontseiluak plana onartzea.2014/03/182014/04/30Amaituta
EBALUAZIOA

Ebaluatzeko moduak

Planean kudeaketa-eredu egokia definituko dela aurreikusi da, betiere planean zehaztutako ardatz estrategikoak eta jardunak garatzeko, eta etengabe ebaluatzeko eta eguneratzeko jarraipen-sistema finkatuko da, jardun hori ezinbestekoa baita plangintza-prozesu orotan.

Planaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko zereginak planean bertan zehaztuko den organoari dagozkio eta planaren garapenaren ebaluazioa egiteko dinamika iraunkorra ezarri beharko du, jarduera-ardatz nagusien inguruan; horretarako, aldizkako ebaluazioak egiteko mekanismoak jarriko ditu. Ebaluazioak bi unetan egingo dira:

            - Tarteko ebaluazioa. 2014. urtearen bukaera aldera

            - Azken edo expost ebaluazioa. Plana bukatu ondoren, 2017an zehar

Azken aldaketa::2014/05/29