Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila

Zer da Natura 2000

Natura 2000 Sarea 1992an sortu zen, Habitaten Zuzentaraua jarraituz. Bi espazio mota aurreikusten dira: Kontserbazio Bereziko Eremuak (KBE), Zuzentarauan jasotako interes komunitarioko habitat eta espezieen kontserbazioa helburu dutenak, eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuak (HBBE), 1979ko Hegaztien Zuzentarauak ezarritakoak basa-hegaztientzat garrantzi berezia duten naturaguneekin bat eginez.

Natura 2000 biodibertsitatearen galera ekiditeko Europan dagoen proiektu nagusia da, gure ondorengoei bizi-kalitate hobea ahalbidetzea da helburu duena

Basa-landare eta animaliak babesteko, bizitzeko behar dituzten tokiak eta baldintzak babestu beharra dago; hau da, haien habitata babestea beharrezkoa da. Hori dela eta, flora, fauna eta ekosistemak babesteko tokiak hautatu dira. Toki horiek osatzen dute Natura 2000 Sarea.

Hautaketa egiteko kontuan hartu dira habitat motak, Europar Batasunean distribuzio naturala oso murritza dutenak edota beraien jatorrizko eremuen murriztapen nabaria jasan dutenak, baita gure nortasunaren parte direnak eta Euskadiko adierazgarrienak direnak ere. Are gehiago, kontuan hartu dira populazio beherakada jasaten ari diren animaliak eta landareak, beherakada hori sortzen ari diren arrazoiak zuzendu ezean desagertzeko arriskuan daudenak.

Natura 2000 Sarearen asmoa zera da, habitat natural hauen guztien eta bertako flora eta fauna basa-espezien lagin adierazgarria bildu, eta toki horietan epe luzerako biziraupena bermatzeko beharrezko neurriak hartzea. Euskadiko biodibertsitatearen galera ekiditeko eta gure ondorengoen ondarea eta bizi-kalitatea arriskuan ez jartzeko asmo handiko proiektua da.

 

Natura 2000 sarea pertsonen eta naturaren arteko elkarlana da

Oraindik ere ohikoa da “naturaren babesa” terminoa natura-erreserba zorrotzekin lotzea non pertsonen ekintzak sistematikoki galarazita dauden. Hala ere, Natura 2000 sareak lan egiten duen modua guztiz ezberdina da. Ez du basa-bizitzarentzat santutegirik sortu nahi onartzen baitu gizakia naturaren zati garrantzitsua dela.

Izan ere, espezie batzuen biziraupenerako garrantzitsuak eta beharrezkoak diren habitaten artean, badira pertsonaren ekintza ezinbestekoa duten lekuak; pertsonen ekintzak dira, hain zuzen, espezie horiek bizitzeko behar dituzten baldintzak sortzen dituztenak. Ekintza asko eta asko ordea, dagoeneko ez dira errentagarriak han bizi direnentzat. Hori dela eta, Natura 2000 basa-bizitza babesten saiatzeaz gain pertsonen bizitza kalitatea hobetzen eta bereziki biodibertsitaterako onuragarriak diren ekintza tradizionalak bermatzen ere saiatzen da. Horrexegatik Natura 2000ko tokiek lehentasuna izango dute zaintzarako eta garapen jasangarrirako diru-laguntzak lortzeko orduan.

Ondorioz, leku batzuetan pertsonen ekintzak mugatuta egongo diren arren espezie eta habitat arraro edo oso eskasen presentziagatik, Natura 2000ko toki gehienetan pertsonek euren jarduna burutu ahal izango dute, betiere bertan dauden espezie eta habitat naturalak ez kaltetzeko ardurarekin. Espezie edo habitat desberdinetan nabarmen nabarmen eragin dezakeen edozein proiektu edo ekintza ebaluatu beharko da kaltegarriak izan ote daitezkeen jakiteko eta, kasuan kasu, konponbidea bilatu, kaltea sortu baino lehen.

Horrela bada, Natura 2000k garapen jasangarria bermatzen du. Bere helburua ez da ekintza ekonomikoa etetea, baizik eta euskal eta europar biodibertsitatearen babestuz jarduera ekonomikoak garatzeko bideak irekitzea. Helburu hori lortzeko behar-beharrezkoa da Natura 2000 Sarean bizi eta lan egiten dutenek erabakietan parte hartzea. Jabeek, udaletxeek, enpresariek, naturaren babeserako elkarteek, bertako komunitateek eta, gure natura ondareaz eta gure biodibertsitateaz kezka duen edornork zeregin handia dute eraikitzear dagoen lan-talde honetan, Natura 2000 sarean.

Azken aldaketako data: