Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Munduko ondarea

2008ko uztailaren 8an, UNESCOk Munduko Ondareen Zerrendan sartu zituen hiru euskal haitzulo, Paleolitoko artearen erakusgarri direnak (40.000-12.000 urte). Altamira, Atapuerca eta Munduko Ondare gisa aitortuta zeuden gainerako toki apartekoen zerrendari erantsi zitzaizkien, beraz, Ekain, Altxerri eta Santimamiñeko kobazuloak.

Paleolitoko labar artea Gizadiaren historiako kultura adierazpen garrantzitsuenetako bat da. Berezko ezaugarri estetikoez gainera, ikuspegi historikotik fenomeno oso garrantzitsua da, giza eboluzioaren etapa erabakigarri bat adierazten baitu: Homo sapiens espeziearen agerpena. Hori dela eta, lehen mailako ondasun kulturala da, gizakion izaera sortzailearen maisulan erabatekoa, eta haren kalitate artistiko handiari erantsi behar zaio zibilizazioaren historiaren lekukotza bikaina dela, giza espeziearen lehenengo adierazpen artistikoa.

Goi Paleolitoan Europako HMn bizi izan ziren komunitate ehiztari-biltzaile-arrantzaleen fenomeno orokorraren parte da Ekain. Gizakion izaera sortzailearen artelan bat da, eta kultura tradizio edo zibilizazio bizi edo desagertu baten lekukotza paregabea, edo gutxienez ezohikoa; irizpide horiek aintzat hartuta, balio unibertsala eta aparta du. Bertako arteak erakusten du azken glaziazioaren amaieran Europako Hego-Mendebaldean aniztasun kulturala eta integrazio sozial handia zeudela.