Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lege Gordailua

 

Definizioa eta helburuak

Lege-gordailuari buruzko uztailaren 29ko 23/2011 Legeak (pdf, 234,70 kB), honako definizio hau ematen du bere lehenengo artikuluan: "…lege-gordailua da instituzio juridiko bat, Estatuaren Administrazio Orokorrari eta autonomia-erkidegoei aukera ematen diena edozein euskarritan eta edozein prozeduraren bitartez –doan edo ordainpean– banatzeko edo publikoki komunikatzeko diren mota orotako argitalpenen aleak jasotzeko, eta xede duena, halaber, unean-uneko garaian Espainiako kulturen ondare bibliografikoa, soinuduna, ikusizkoa, ikus-entzunezkoa eta digitala zaintzeko betebeharrari men egitea, bai eta ondare horretan sarbidea izateko aukera ematea ere, betiere kultura, ikerketa edo informazio arrazoiak tarteko direla…”.

Bigarren artikuluak lege-gordailuaren helburuak jasotzen ditu, alegia: lehenengo eta behin, ondare hori osatzen duten argitalpenak bildu, biltegiratu eta kontserbatzea, haiek zaindu eta hedatzeari begira.  Eta bigarrenik, estatistikak egin ahal izatea. Horretaz gainera, ekoizpena deskribatzea, beste batzuekin datuak trukatu ahal izateko, eta sarbidea eta kontsulta ahalbidetzea.

Laugarren artikuluak lege-gordailua behar duten argitalpenak zerrendatzen ditu: “Espainian edozein ekoizpen, edizio edo zabalkunde prozedura erabiliz ekoitzi edo editatzen den argitalpen oro, edozein dela erabiltzen den banatzeko edo komunikatzeko euskarri edo bitartekoa (ukigaia zein ukiezina)”.

  • Liburu eta liburuxka inprimatuak (salgai egon zein ez egon)
  • Orri inprimatuak (merkaturatzeko ez direnak)
  • Baliabide jarraituak: argitalpen seriatuak, aldizkariak, urtekariak, oroit-idazkiak, egunerokoak eta baliabide integragarriak (orri solte eguneratzekoak)
  • Partiturak
  • Estanpa jatorrizkoak
  • Argazki editatuak
  • Laminak, kromoak, kartak, postalak eta zorion-txartelak.
  • Iragarpen- eta publizitate-kartelak
  • Mapak, planoak, atlasak, itsasketa-mapak, mapa aeronautikoak eta zerukoak
  • Haur Hezkuntzako testu-liburuak, Lehen Hezkuntzakoak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoak, Batxilergokoak eta Lanbide Hezitakoak
  • Dokumentu soinudunak
  • Ikus-entzunezko dokumentuak
  • Mikroformak
  • Edozein euskarritako dokumentu elektronikoak
  • Finkatzeko edo erregistratzeko moduko webguneak
  • Dokumentu osoen kopia berriak

Bosgarren artikuluak lege-gordailua behar ez duten argitalpenak aipatzen ditu, besteak beste:

  • Administrazio publikoetako, instituzio eta erakundeetako –enpresarialetakoak barne– argitalpen zenbait; adibidez, zirkularrak, jarraibideak edo prozedura-eskuliburuak
  • Posta-zigiluak
  • Gizarte-gaietako inprimakiak (gonbit-txartelak, hil iragarkiak, txartelak, bazkide-txartelak, tituluak…)
  • Bulegoetako eta bestelako inprimakiak, galdera-sortak eta inkestak
  • Eskaera baten ondoriozko inprimakiak
  • Prentsa-txostenak
  • Publizitaterako merkataritza-orriak
  • Merkataritza-katalogoak
  • Egutegiak eta agendak
  • Hiru dimentsioko objektuak
  • Jarraibide eskuliburuak
Azken eguneratzea: 2017/02/09