Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lanhitz programaren sarrera

Programa horren helburua enpresetan euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko modua proposatzea da era errazean, egungo kudeaketa-sistemak jarraituz, euskara entitatean txertatuz, egoera soziolinguistikoa kontuan hartuz, eta borondatean eta baliabideetan oinarrituz.

Aurrekariak

Lantegietako jarduna euskalduntzeko kezkak eta ahaleginak 1977tik aurrera sortu ziren gune euskaldunetako enpresa ertain-handietan eta kooperatiben artean. Nolanahi ere, lehen ekimen planifikatuak 1990. urtean hasi ziren.

1990-1996

1990. urtean Euskararen Aholku Batzordeak Euskararen normalizazio enpresa-munduan. Oinarrizko irizpideak izeneko txostena idatzi zuen. Garai hartako Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusia zenak irizpide horiei jarraiki, enpresa-mundua euskalduntzeko programaren oinarriak jarri zituen horretarako baliabideak bideratuz. Hitzarmenen bidez, kasu batzuetan, eta diru-laguntza bidez, beste batzuetan, esperientzia pilotuak jarri ziren martxan: Elay enpresan Elhuyarren eskutik; Arlan enpresan Artezen eskutik eta Ikerlan enpresan Eusko Jaurlaritzaren eskutik. Udal euskaltegien eta euskaltegi pribatuen sarea eratu berri zegoen ordurako, eta enpresetako euskalduntze-alfabetatzean parte hartzen hasi ziren.

1997-1999

1997an era pilotuan landutako esperientzia beste enpresa batzuetara zabaltzea erabaki zuen HPSk, horretarako dirulaguntza-lerro berria sortuz erakunde pribatuetarako agindu orokor baten barruan. Hasierako deialdi haiek urte anitzekoak izan ziren. 2004tik aurrera, ordea, urte bakarreko deialdia da.

1998an zehar Euskararen Aholku Batzordeak Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) taxutu zuen, eta 1999an Eusko Legebiltzarrak berretsi egin zuen. Plan hori hizkuntzaren normalizazio eskuratzen jarraitzeko plan estrategikoa da, eta lau proposamen nagusi egin zituen lan-mundurako: eremu horretarako marko orokorra taxutzea, enpresetako euskara-planen osagai nagusiak zehatzea, enpresa-planak enpresa gehiagotara zabaltzeko beharrezkoak diren giza eta diru-baliabideak jartzea, eta arlo sozio-ekonomikoko eragile desberdinen atxikimendua lortzea.

1999an Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak hitzarmen bat sinatu zuen Québeceko Gobernuaren Hizkuntza Politikarako Idazkaritzarekin. Lankidetza horri esker, enpresetako euskara-planetan aintzat hartu beharreko irizpideak landu ziren. 

2000tik aurrera

2000. urtean, Kultura sailak, Industria, Merkataritza eta Turismo sailarekin eta Justizia, Enplegu eta gizarte Segurantza Sailarekin batera, diru-laguntza deialdia atera zuen, euskara-plana egin eta garatu nahi zuten EAEko entitate pribatuetarako. Hasierako deialdi haiek urte anitzekoak izan ziren. 2004tik aurrera, ordea, urte bakarreko deialdia da.

2005ean Euskararen Aholku Batzordeak beste txosten bat idatzi zuen: Esparru sozio-ekonomikoan euskara biziberritu eta hizkuntza-normalizaziorako hurbilpen sistematikoagoa eta eraginkorragoa izateko irizpideak eta estrategiak.

2005ean, euskara-planak estandarizatu eta homogeneizatzeko asmoz, LanHitz programa garatu zuen Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak foru-aldundiekin eta EUDELekin elkarlanean eta Eusko Jaurlaritzako Industria eta Lan Sailekin bat eginik. Badu, bestalde, enpresari-elkarteen eta sindikatu nagusien bermea. Programa horren helburua enpresetan euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko modua proposatzea modu errazean, egungo kudeaketa-sistemak jarraituz, euskara entitatean txertatuz, egoera soziolinguistikoa kontuan hartuz, eta borondatean eta baliabideetan oinarrituz. Proiektu horren barruan, enpresetan euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa ziurtatzeko ebaluazio-sistema bat sortzea aurreikusi zen. Horren emaitza Bikain, Euskararen Kalitate ziurtagiria da.

2008tik 2010era Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Agindu bakarrean jaso zituen bere ohiko bost deialdiak (EBPN, Hedabideak, Euskalgintza, IKT eta LanHitz).

2011ri dagokionez, ordea, modalitate bakoitza bere aldetik bideratu eta argitaratzea erabaki zen, tramitazioa eta kudeaketa arintzeko eta herritarrei eskaera egiterakoan nahasketak saihestuz (agiriak, epeak, etab.) erraztasun handiagoa eskaintzeko.

Gainera, 2012an lehen aldiz tramitazio telematikorako bidea ireki zen eta 2017ko deialdian telematikoa izan da bide bakarra.

Azken aldaketako data: