Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila

Klima-aldaketa Euskadin, 28 jardunbide egoki

Xehetasunak

Parisko akordioa berretsi zenez 2016ko azaroaren 4an, Eusko Jaurlaritzak klima-aldaketaren arloan eta karbono-isuri gutxiko ekonomia baterako bidean gauzatutako jarduerek bultzada jaso dute. Euskadin ekiteko bide-orria zehatz-mehatz ageri da 2050erako Klima-aldaketaren Euskadiko Estrategian, Klima 2050, eta 2030erako Euskadiko Energia Estrategian, 2015ean eta 2016 onartu zirenak hurrenez hurren.

Euskadik klima-aldaketari egiten dion ekarpena, kuantitatiboki, txikia da. Europar Batasunean guztira egiten diren isurien mapan, euskal kuota % 0,5ekoa da; halere, klima-aldaketaren inguruan dugun politika gidatzen duen oinarria erantzukizun partekatua da. Euskadik erantzukizun horretatik dagokion zatia bere gain hartu du Klima aldaketaren aurkako 2050erako Euskal Estrategian jasotako konpromiso sakon eta zorrotzaren bidez. Izan ere, euskal gizarteak ez du klima-aldaketaren aurkako borroka mundialetik kanpo geratu nahi. Erantzukizun partekatuak eta gizartearen eskaera horrek karbono gutxiko eta klima-eraginei egokitutako lehia-ekonomia bat lortzeko elkarlan-estrategia bat abiaraztera bultzatu dituzte sektore publikoa eta enpresak.

Euskadi aurrerapausoak ematen ari da klima-aldaketaren aurkako borroka aukera bilakatzeko; helburu hori lortze aldera, isuri gutxiagoko ondasun eta zerbitzuak ekoizten, klima-aldaketei egokitzeko estrategiak ezartzen eta ume eta gazteak herritar trebatu eta erantzukide bilakatzeko trebakuntza ematen ari da. Ekimen guztiek, gainera, euskal ekonomia berrirako garrantzi estrategikoa dute: administrazio publikoen gidaritza eredugarria dela bide, karbonoaren menpekoak ez diren ekoizpen-eredu garbietan oinarriturik, berrikuntzak sartzen ari dira gizarte konprometitu baterantz eta euskal ekonomia jasangarri baterantz aurrera egiteko.