Javier Hurtado sailburuaren agurra

Javier Hurtado, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailburua

Nire gain hartzen dut Sail honen erronka, jakinik Sailak Euskadiko ekonomian garrantzi handia duten eta jendearen bizitzan oso eragin zuzena duten arloak biltzen dituela, hala nola turismoa, ostalaritza, merkataritza eta kontsumoa. Badakit langileek, ekintzaileek, enpresaburuek eta autonomoek zailtasun handiak dituztela, eta haien aliatua izango naiz beti.

Gure eginkizuna da sektore horien suspertzeari, profesionalizazioari, berrikuntzari eta jasangarritasunari begira egiten diren prozesuetan buru izatea eta sektore horien euskarri diren negozioei laguntza, babesa eta bultzada ematea. Ildo horretan, sektoreko elkarteen eta agenteen laguntza izango dugu programa eraginkorrak diseinatzeko.

Horretarako, Euskadi turismorako erreferentzia izango den jomuga seguru gisa sendotzeko lanari ekingo diogu. Turismo horrek aberastasuna sortuko du eta, aldi berean, gizartea indartuko duen ardatz izango da, jasangarritasunarekin dugun konpromisoan oinarrituta.

Gure helburua da, gainera, merkataritza sustatzea eta, horretarako, sektorearen profesionalizazioa, digitalizazioa eta modernizazioa bultzatuko duten politika publikoak garatzea, gure saltokiek gure hiri eta herrietako gizarte-kohesioa eta bizitza egituratzen baitute.

Ez dugu ahaztu behar politika horien guztien hartzaileak pertsonak direla eta kontsumoari lotutako ekintzek ere pertsonak hartzen dituztela zuzenean eraginpean. Hori dela eta, kontsumitzaile eta erabiltzaileen defentsaren eta babesaren arloko politikak planifikatu, sustatu eta gauzatuko ditugu, eta euskal herritarrek kontsumoaren arloan heldua eta arduratsua den gizartearekin duten inplikazioa eta konpromisoa bultzatuko dugu..

Sailaren informazio gehiago