Ekonomia eta Ogasun Saila

Argitalpen-data: 2016/04/12

Jaurkaritzak diru-laguntzen araubidea arautzen duen lege-proiektua onartu du (Gobernu Bilera 2016-04-12)

fotoconsejo

Gobernu-kontseiluak diru-laguntzen araubidea arautzen duen lege-proiektua onartu du gaur.

Lege-proiektu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak ematen dituen diru-laguntzen kudeaketa eta emakidarako araubide juridiko orokorra arautzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren jardueraren parte garrantzitsu bat da diru-laguntzen kudeaketa, eta kontuan hartzekoa da, gainera, ikuspegi bikoitza duela: batetik, gastu publiko mota bat da, eta, bestetik, administrazio jarduera bat, interes publikokotzat jotzen diren jarduera eta jokabide jakin batzuk sustatzeko.

Gastu publiko diren heinean, diru-laguntzek, ezinbestez, aurrekontu-legeetara egokitu behar dute. Gastu publiko orok bezala, diru-laguntzen kudeaketak zenbait printzipio bete behar ditu, hala nola gardentasuna, objektibotasuna, eraginkortasuna eta efizientzia.

Administrazio-ikuspegitik, berriz, botere publikoek beren eskumenak gauzatu behar dituzten eremuetan zenbait jokabide sustatzeko teknika bat dira diru-laguntzak. Diru-laguntzak emanda, onura publikoko edo gizarte-intereseko jarduerak edo helburu publiko jakin bat lor daitezen sustatzen dute administrazio publikoek.

Aurretik esandakoaren harira, funtsezkoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak kudeatzen eta ematen dituen diru-laguntzak arautzea eta kontrolatzea, esparru juridiko orokor bat eskaintzeko, eta, hala, diru-laguntzak izapidetzen dituzten erakundeek behar duten segurtasun juridikoa izan dezaten.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren diru-laguntzak, gaur egun, arau honetan daude jasota: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. tituluan. Titulu horrek arautzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren laguntzen eta diru-laguntzen araubide juridikoa.

Diru-laguntzei buruzko euskal araudia ia 20 urtez indarrean egon eta gero, beharrezkotzat jo da arauak berregitea, diru-laguntzen arloko segurtasun juridikoa eta araudi osatuagoa, integratuagoa eta gardenagoa bateratuz.

Legeak xedapen-zati bat du, atariko tituluan eta lau titulutan banatuta dago; guztira berrogeita zazpi artikulu ditu, hiru xedapen gehigarri, bi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta lau azken xedapen.

Atariko tituluan, besteak beste, aplikazio-eremu subjektiboa, diru-laguntza eta onuraduna kontzeptuak, onuradun izateak zer betebehar dituen, eta diru-laguntza publikoak emateko eskumena nork duen arautzen dira.

Eremu subjektiboari dagokionez, proiektu hau honako hauek kudeatutako diru-laguntzetara dago bideratuta: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra, Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Administrazioko erakunde autonomoak, Erakunde Administrazioko zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, baldin eta haien eratze-legeak edo estatutu-arauek espresuki ematen badiete sustapenerako administrazio-ahalmena, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko partzuergoak ere.

Horrez gain, diru-laguntzen kudeaketan bete behar diren printzipio orokorrak bildu dira; hain zuzen ere, planifikazioa, publikotasuna, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, berdintasuna, diskriminazio eza, eraginkortasuna eta efizientzia.

I. tituluan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoa gaur egun garatzen ari den prozedura-motak arautzen dira.

II. titulua diru-laguntza publikoak kudeatzeko eta justifikatzeko prozeduraz ari da. Diru-laguntza zer gastutarako jaso daitekeen, araubidea zein den, eta diru-laguntzak nola justifikatu behar diren ezartzen du.

Era berean, diru-laguntzen aurrekontu-kudeaketarako prozedura jasotzen du, eta gastuak eta ordainketak nola onartu arautzen du.

III. tituluan, berriz, emandako diru-laguntzak itzultzeko prozedura jaso da: zein kasutan, itzultzeko arrazoiak zein izan daitezkeen eta kasu horietan zer betebehar dauden arautzen du, eta itzulketen arloan preskripzio-epea zein den zehazten.

Eta IV. tituluan, zehapen-araubidea jaso da, non arau-hausteen eta zehapenen zerrenda bana egin den.