Hezkuntza Saila

IRALE - Aurkezpena

1981-1982 ikasturtean ekin zion Sailak irakasleak euskaldundu edo alfabetatzeko lanari, IRALE (Irakasleak Alfabetatu eta Euskalduntzea) programak ia berrogei urteko ibilbidea du, beraz, dagoeneko. Guztira 60 irakasle inguru ari da bertan, bost irakastegitan (Bilbon bi eta Donostian, Gasteizen eta Eibarren bana), eta kanpo-euskaltegien laguntzaz osatzen du bere eskaintza.

Europako Erreferentzi Marko Bateratuko (EEMB) C1 maila egiaztatu duten irakasleen ehunekoa ia % 90eko mailara iritsi da. Irakasleen hizkuntza-gaitasunaren bilakaera positibo horretan IRALE programak, besteak beste, zer esan haundia izan du azkenengo hiru hamarkada luze hauetan. Beraz, esan daiteke oinarrizko prestakuntzaren lehen aldi horren ondoren, etapa aurreratuago batera iritsi garela.

Hezkuntza-sisteman irakasleen hizkuntza-gaitasunean izan den aldaketa tipologiko horrek behar berriak sortu ditu lehengoekin alderatuta, erabat desberdinak. IRALEk, laguntza zerbitzu den aldetik, gaur eguneko irakasleen berariazko behar berriei ahalik eta ongien erantzun behar die, orain artekoei bezalaxe. Egoera berri honek interbentzio-bideak eta lehentasunak berriz formulatzea eskatzen du. Hori dela eta, IRALEren gaur egungo eginkizunak honako hauek dira:

  • Euskal Autonomia Erkidegoan, unibertsitateaz besteko ikastetxe publiko eta pribatuetako irakasleen hizkuntza-gaitasunaren prestaera da IRALEren eginbehar nagusia. Hots, irakasleen hizkuntza-gaitasuna sendotzea. Horrekin batera, irakasleak hizkuntzaren didaktikan eta metodologietan gaitzea eta prestakuntza sozio-kulturala ematea, curriculumaren euskal dimentsioa lantzeko.
  • Irakasleen hizkuntza-eskakizunen azterketa-lanak egitea.
  • Bestelako hizkuntzazko gaitasun-neurpideetan eta harreman-sare teknikoetan parte hartzea.
  • Euskarazko ikasmaterialen hizkuntza-kalitatea bermatzea.. Materialak edukiz, moldaera teknikoz eta hizkuntza-trataeraz egokiak izan daitezen bermatzea.
  • Kontsulta Zerbitzuaren bidez, hizkuntzazko aholkularitza-lanetan parte hartzea.