Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Trans pertsonen dokumentazioa

Pertsona transexualen NANan izena aldatzea erraztu da.

Pasa den urriko 24an, Justizia Ministerioak instrukzio bat argitaratu zuen. Bertan agintzen zien erregistro zibilei pertsona transexualen NANaren izena aldatzeko, ala eskatzen badute,  txosten medikorik aurkezten ez badute ere. Adingabeko pertsonen kasuetan ere, aplikagarria da instrukzio hori.

Eusko Jaurlaritzak trans pertsonei haien sexu-nortasunaren arabera tratatuak izatea ahalbideratuko duen documentazioa ematen du.

Eusko Jaurlaritzak trans pertsonek Euskadin, Erregistro Zibilean beren sexua zuzendu arte libreki aukeratutako genero-nortasunaren arabera tratatuak izateko, erabili ahal izango duten dokumentazio administratiboa arautzeko dekretu bat onartu du. Trans etorkinek beren jatorrizko herrialdean erregistro-aldaketa gertatzen den arte erabili ahal izango dute dokumentazio hori.

Dokumentazioa (identifikazio-txartela) jaulkitzeko prozedura interesdunak, bere kabuz edo behar den bezala ordezkatuta, eskatzen duenean hasiko da. Eskatzailea adingabea baldin bada, bere legezko ordezkariek egingo dute eskaera, baina adingabeak beti entzuna izateko eta bere iritzia emateko eskubidea izango du, haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legeko 16. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Eskaeran, eskatzailearen identifikazio berriarekin lotutako datuak idatzi beharko dituzte. Horretarako, berez edo abizenekin konbinatuta, ohorearen kontrakoak diren edo identifikazioa nahasgarri egiten duten izen propioak erabiltzea saihestuko da. Eskaerarekin batera, eskatzailearen nortasuna egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da. Horretarako, honako agiri hauetakoren bat aurkeztu beharko da: Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea, gida-baimena, Atzerritarren Nortasun Txartela edo identifikatzeko balio duen jatorrizko herrialdeko agintaritza eskudun batek jaulkitako edozein agiri ofizial –zalantzarik baldin badago, dagokion agintaritza kontsularrak ziurtatu beharko du.

Osasun arloan, dekretu honen bidez araututako dokumentazioa daukaten pertsonek honako eskubide hauek izango dituzte:

Libreki aukeratutako genero-nortasunaren arabera tratatuak izateko eskubidea.

Libreki aukeratutako genero-nortasunari dagokion izenarekin identifikatuak izateko eskubidea.

Dokumentazio administratiboa egokitzeko eskubidea; salbuespen gisa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren ardurapean dagoen osasun-historial konfidentzialean, dagokion pertsonaren inguruko beharrezko erreferentziak egingo dira.

Hezkuntza arloan, dekretu honen bidez araututako dokumentazioa daukaten pertsonek honako eskubide hauek izango dituzte:

  • Libreki aukeratutako genero-nortasunaren arabera tratatuak izateko eskubidea.
  • Libreki aukeratutako genero-nortasunari dagokion izenarekin identifikatuak izateko eskubidea.
  • Ikastetxeko dokumentu administratiboak egokitzeko eskubidea, adibidez: ikasgelako zerrendak, kalifikazioen informazio-buletina, ikasle-txartela, hauteskunde sindikal edo administratiboetarako hautesle-errolda eta bestelakoak. Helburua honako hau da: dekretu honetan xedatutakoaren arabera jaulkitako dokumentazio administratiboan adierazitakoari jarraiki ikasle, langile eta irakasle transexualek beretzat duten generoa kontuan hartzea.

Aurretik adierazitakoa gorabehera, ikaslearen espediente ofizialean ofizialki erregistratutako nortasun-datuei eutsiko zaie.

Pertsonen Sexuaren Aipamena Erregistro Zibilean Zuzentzea Arautzen duen martxoaren 15eko 3/2007 Legeari esker, pertsona horiek Erregistro Zibilean agertzen diren sexua eta izen propioa aldatu ditzakete, eta horrela, pertsona horien izenean dauden administrazio-agiri guztiak beren egiazko genero-identitatera egokitzea errazagoa da. Dena den, lege horretan, transexualitatea osotasunean tratatzeko garrantzi handikoak diren arlo batzuk arautu gabe daude.

Pertsona horien egoera oso konplexua da, ordea, eta erregistro-aldaketez haratagoko arreta integrala eskatzen du. Horregatik, Eusko Legebiltzarrak transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko ekainaren 28ko 14/2012 Legea onartu zuen, pertsona horiei arreta integrala emateko eta transexual izateagatik, edo egoera pertsonal edo sozialagatik, legedian dauden diskriminazio-eragile guztiak gainditzeko, eta, horrekin batera, Konstituzioan bereizkeriaren aurka, nortasuna askatasunez garatzearen alde eta pertsonaren, familiaren eta taldearen babes sozial, ekonomiko eta juridikoaren alde aipatzen diren printzipioen arau bidezko garapena hobetzeko, araudi aplikagarria bizi dugun une historikoko errealitate sozialera egokituta.