Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila

Jarduera-lizentzia behar duten jarduera eta instalazio sailkatuak

Jarduera-lizentzia eskatu baino lehen, jarduera publiko zein pribatuaren sustatzaileak udalean kontsulta egin ahal izango du, lizentziaren baldintza juridiko eta teknikoei buruz, aurreikus daitezkeen neurri zuzentzaileei buruz eta jardueraren bideragarritasun formalaz informazioa eskuratzeko.

Udal bakoitzean, izapideen zehaztasunak kontsultatu behar dira, horrek eskumen substantiboa baitu, eta horrelako espediente gehien-gehienak kudeatzen dituen organoa baita. 

Otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 57. artikuluan eta hurrengoetan xedatzen da prozedura horren eskema orokorra.

Jarduera edo instalazioa kokatzekoa den lekuko udalari aurkeztu behar zaio otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 57. artikuluan aurreikusten den eskaera. Horrekin batera, honako dokumentazio hau ere aurkeztuko da:

  • Teknikari gaituak sinatuta, proiektu teknikoa eta deskribapen-txostena aurkeztu beharko dira. Bertan, jardueraren ezaugarriak, kokatuko den ingurunearen deskribapena, ingurumenean izan ditzakeen eraginak eta erabiltzeko proposatzen diren neurri zuzentzaileak (beren eraginkortasun-maila eta segurtasun-bermea adieraziz) zehaztuko dira.

 Jarduera sailkatuaren proiektuen gutxieneko eduki teknikoa

Hasierako eskaera jaso zuenetik, udalak sei hilabeteko epea izango du, jarduera sailkatuetarako lizentzia emateko, egokitzat joz gero. Epe horretan, proiektua jendeaurrean jarriko du eta legez eska ditzakeen txosten teknikoak jaso behar izango ditu.

Epe hori igaro eta gero, isiltasun-administratibotzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Jardunbide Komunari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 43. artikuluaren arabera. Hau da, emantzat hartuko da, legeak aurreikusten dituen salbuespenak kontuan hartuta.

Derrigorrezkoa den izapide-egintza da otsailaren 27ko 3/1998 Legearen II.A. eranskineko sailkatutako jardueren edo instalazioen udal baimenaren emateko prozeduran barnean dagoena.

 

Alkateak jarduera-lizentzia eman baino lehen, autonomia-erkidegoko ingurumen-organoak edo foru-organo eskudunak txosten loteslea egingo du; eta, hala behar izanez gero, eskatutako jardueraren instalazio- edo hedapen-proiektuari neurri zuzentzaileak ezarriko dizkio.

 

Administrazio horiek gehienez hamabost eguneko epea dute txostena emateko.

 

EUSKO JAURLARITZAKO INGURUMEN SAILBURUORDETZA.

Aipatutako neurri zuzentzaileak ezartzeko txostena emango du, baldin eta jarduerak edo instalazioak kokatzen badira bizitegirako hiri-lurzorutzat jotzen ez den lurzoruan.

Salbuespen gisa eta kokatuko den lurzoruaren mota kontuan hartu gabe, proiektatutako jarduera edo instalazioa bere izaerarengatik ezarri ahal bada bizitegirako hiri-lurzoruan, foru-aldundiek izango dute neurri zuzentzaileak ezartzeko txostena emateko eskumena.

 

FORU ALDUNDIAK.

Aipatutako neurri zuzentzaileen txostena emango dute, jarduerak edo instalazioak kokatzen badira bizitegirako hiri-lurzorutzat jotzen den lurzoruan.

Era berean, txostena emango dute, kokatuko den lurzoruaren mota kontuan hartu gabe, sailkatutako jarduera edo instalazioa bere izaerarengatik ezarri ahal bada bizitegirako hiri-lurzoruan.

Jarduera sailkatuaren lizentzian neurri zuzentzaileak ezarrita eta instalazioak egokituta egonez gero, aldez aurreko jakinarazpenaren araubidea bete beharko da, jarduerari ekin ahal izateko.

Jakinarazpenarekin batera, teknikari gaituak emandako ziurtagiria ere aurkeztu behar da, egiaztatzeko jarduerak edota instalazioak bat datozela aurkeztutako eraikitze-proiektuarekin eta dokumentazio teknikoarekin, eta ezarri zaizkion neurri zuzentzaileak bete dituela.

Jakinarazpena eginda dagoenean, jakinarazpena egin den egunetik bertatik has daiteke gauzatzen jarduera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Prozedura Administratibo Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71 bis artikuluan xedatutakoaren arabera.

Udalek Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari edo foru-organo eskudunari emandako lizentziak ematearen eta toki-erakundeek sailkatutako jarduerez hartutako gainerako erabakien berri eman beharko diete.

Informazio hori ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroan txertatuko da.

Azken aldaketako data: