Hezkuntza Saila

Ikastetxeen helbidetegia: Kontzeptuak eta definizioak

Hizkuntza-ereduak

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Kultura Sailaren 138/1983 Dekretuak hizkuntza ofizialen erabilera araupetzen du unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan, eta ondoren deskribatzen ditugun irakaskuntza elebiduneko hizkuntza-ereduak ezartzen ditu:

  • A eredua: irakas-hizkuntza gaztelania da, Euskal Hizkuntza eta Literaturan izan ezik.
  • B eredua: irakasgai batzuk gaztelaniaz eta beste batzuk euskaraz irakasten dira.
  • D eredua: irakas-hizkuntza euskara da, Gaztelaniar Hizkuntza eta Literaturan izan ezik.

Batxilergoan eta Lanbide Heziketan A eta D ereduak legez ezarrita daude, baina badira A ereduko taldeak non irakasgai batzuk euskaraz irakasten diren. Modalitate hori A indartutzat ezagutzen dugu, eta B eredutzat har dezakegu hainbatetan.

X eredua ez da hizkuntza-eredu ofiziala. Horren barruan sartzen dira atzerriko mendekotasuna duten ikastetxeetan dauden ikasleak, euskara ikasgaia ikasten ez dutenak.

Espezialitateak/modalitateak

Batxilergoan modalitateak dira, eta espezialitateak Lanbide Heziketako prestakuntza zikloetan eta Araubide Berezian.

Heziketa-sareak

  • Publikoa:  Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuk, udalek edo Haurreskolak Partzuergoak kudeatzen dituzten baimendutako ikastetxeak dira.
  • Pribatua: Erakunde pribatuek kudeatzen dituzten baimendutako ikastetxeak dira. Ikastetxe gehienak diru publikoarekin finantzatzen dira. Finantzaketa hezkuntza-itunen bidez edo diru-laguntzen bidez egin daiteke. Itunak honako hauetan eman daitezke: Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan, Hezkuntza Berezian eta Lanbide Heziketan. Diru-laguntzak beste hauetan: Haur Hezkuntzako lehen zikloan, Helduen Hezkuntzan eta Araubide Bereziko irakaskuntzetan. Ituna 1987ko irailaren 8ko 293/1987 Dekretuak arautzen du, EHAAn irailaren 15ean argitaratutakoak.

Araubidea

  • Araubide Orokorra : Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Hezkuntza Berezia, Batxilergoa, Lanbide Heziketa eta Helduen Hezkuntza sartzen dira.
  • Araubide berezia: Hizkuntza irakaskuntzak, Kirol irakaskuntzak eta Arte irakaskuntza (musika, dantza, antzerkia eta arte plastikoak) sartzen dira.