Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

IHITZA 46 - Ikastetxeetako berriak

EKOBRIGADAK GASTEIZKO MERCEDARIAS IKASTETXEAN

Eskolako Agenda 21 proiektuko protagonista nagusiak ikasleak dira. Hori oso argi daukagu Gasteizko Mercedarias ikastetxean. Eta ikasleen parte-hartzea sustatzeko, maila guztietan eko-brigadak osatu ditugu.

EA21en baitan urteetan zehar landu diren gaien jarraipena egiteko ardura derrigorrezko etapetako maila guztien artean banatu da, lehen hezkuntzan hasi eta bigarren hezkuntzaraino.

Maila bakoitzak badaki zein gai aztertu behar duen, nola eta gutxi gorabehera noiz egin behar duen, guztia egoki jasota baitago. Jarraipena egiteko zonaldeak definitu dira. Gainera, brigada bakoitza identifikatzeko kartelak egin eta dagokion ikasgelako atean eskegi dira. Ikuskapen lana taldeka egiten da eta zerbait gaizki topatuz gero txantiloian jartzen da.

Honetaz gain brigada batzuen eginkizuna beste maila bateko ikaskideak sentsibilizatzea eta animatzea da, haien gela bisitatuz (kontsumoa), arbelean oharrak idatziz (hondakinak) edota kartelen bitartez (txoko berdea).

Hauek dira orain arte osatu ditugun brigadak:

  • Txoko berdearen brigada. LH 1. Maila, DBH 1. Maila
  • Argiaren brigada. LH 2. Maila, DBH 2. Maila
  • Lorezainen brigada. LH 3. Maila, DBH 3. Maila
  • Uraren brigada. LH 4. Maila, DBH 4. Maila
  • Kontsumo arduratsuaren brigada. LH 5. Maila DBH 1. Maila,
  • Birziklapenaren brigada. LH 6. Maila, DBH 4. Maila
  • Urteko diagnostikoa: DBH3

Sistema baliagarria da ikastetxeko ekipamenduen eta abisurako kartelen egoeraren ikuskapena antolatzeko, eta ikasleen parte hartzean eragiteko. Aurrerantzean kontsumo ohituren behaketarekin eta datuen azterketekin osatzeko aukera ematen digu.

 

Dorleta Encina, EA21en koordinatzailea

http://agenda21mercedariasgasteiz.blogspot.com.es/

JASANGARRITASUN ETA BIODIBERTSITATE ZIGILUAK

Amaitu berri den ikasturtean, Biodibertsitatea izan dugu hizpide EA21 egitasmoaren baitan. Besteak beste, eguneroko kontsumoak biodibertsitatean nola eragiten duen ezagutzeko proposamen didaktikoa landu dugu, ikasleen artean hausnarketa sustatzeko. 

Horretarako, kontsumo jasangarria egiaztatzen duten zigiluak aztertu ditugu; ezagunak eta esparru ezberdinetakoak: egurra, zuhaitzak eta basoak; arrantza jasangarria; industria kosmetikoa; nekazaritza ekologikoa; eta nola ez, Bidezko Merkataritza.

DBHko ikasleekin aritu gara. Zigilu bakoitzaren ezaugarriak xehatu ditugu; eta taldeka zein banaka, zigiluek biodibertsitateari –zentzu zabalenean ulertuta– zer nolako babesa ematen dioten ikusi dugu.

Horretaz gain, zigilu horiek gure artean nolako onarpen maila duten aztertu dugu. Hots, inguruko komertzioetan salgai dauden, ikastetxean erabiltzen diren, ikasleek eta haien familiek erosten dituzten, eta abar.

Emaitzak komunikatzea izan da hurrengo urratsa, urrats interesgarria, bide batez. Batez ere, datuen inguruan hausnartzen aritu garelako, eta hausnarketak jarrera aldaketa eragin eta konpromisoak hartzen laguntzen duelako maila indibidualean, familian edota esparru instituzionalean. Zeharkako beste helburu batzuk lortu dira, gainera. Nabarmenena: biodibertsitatearen zaintzan gizaki gisa erantzukizuna daukagula ohartzea. 

Azterketa haratago eraman dugu, gure planetaren jasangarritasuna zaintzeko proposamen zerrenda osatuz eta eskola komunitatera, udaletxera eta udalerrira zabalduz. Mezua argia da: etxean, familian, ikastetxean edota udalerrian biodibertsitatearen zaintzan eragin dezakegu, eragin behar dugu.

 

San Paulino de Nola ikastetxea, Salesianos Barakaldo

  

INGURUMEN HEZKUNTZA JASANGARRIA PERUKO IKASTETXEETAN

Ingurugela-CEIDAko lagunei esker ezagutu nuen EA21 egitasmoa, eta haren metodologia. Orain, ikasitako guztia praktikan jarri eta Ingurumen Hezkuntza Jasangarrirako Formazio Programa garatzen eta zabaltzen nabil Peruko zenbait ikastetxe, elkarte eta udalerritan. Helburua: artikulazio soziala sustatzea.

Lanketak eskola komunitatearen eta komunitate lokalaren beharrak identifikatu, antolatu eta erantzunak emateko aukera ematen du. Maila ezberdinetan, gainera: hezkuntza, ingurumena, arazo sozialak, eta abar. Ohartu naiz, gainera, interes guneak edota ingurumen arazoak antzekoak direla zonalde ezberdinetan: hondakinak, kontsumorako ura, hondakin urek tokian tokiko biodibertsitatean eragiten dituzten ondorioak, kontsumo jasangarria, elikadura-burujabetza, eta abar.

Argi geratu zait gizakion esku-hartzeak eragin negatiboa duela, eta arazoa ekiditeko, edo gutxienez bideratzeko, bidea hezkuntza dela, ingurumenarekiko jasangarria den jarrera sustatzearekin bat.

Antolakuntza eta sentsibilizazioa ezinbestekoak dira formazio programaren arrakasta bermatzeko. Antolakuntza horizontala eta gardena da, eragile ezberdinen parte hartzearekin. Modu horretan, saihesten da ekintza planaren eta ebaluazioaren bideragarritasuna sail, departamentu edo kudeatzaile talde bakar baten esku uztea.

Sentsibilizazio planaren parterik zailena jarrera aldaketa norberak gauzatu behar duela barneratzea da. Horregatik, sentsibilizazio planak geroz eta praktikoagoak eta partehartzaileagoak behar dute izan.

Jarrera aldaketa horrek erantzukizuna partekatzera garamatza, eta ekintza planean zerrendatzen diren helburuak tokian tokiko errealitate ezberdinetara egokitzera. Eta bide batez, zeharkako arazo bati ematen dio irtenbidea, Perun behintzat: arriskuen kudeaketa eta ingurumen kontzientzia, beti ere hezkuntza ikuspegitik.

Horri guztiari ingurumen hezkuntza gaineratzen zaio, kudeaketa instituzionala, pedagogikoa eta ingurumenekoa elkarlanean gauzatzea ahalbideratzen duena. 

 

Patricia Miryam Acosta, Indarra Dole Kallpa eta Salvando la Tierra elkarteetako hezitzailea eta ingurumen kudeatzailea

Azken aldaketako data:  2016/01/13