Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

IHITZA 46 - Guztiok elkarlanean

I+LED TALDEA, ENERGIA-ERAGINKORTASUNA LORTU NAHIAN

Gasteizko Egibide Arriaga ikastetxeak dituen eraikinak aztertu ondoren, I+LED taldeak, Egibideko irakasleekin elkarlanean, energia-eraginkortasuna hobetzeko proiektu bat garatu du. Eta ez nolanahiko proiektua; izan ere, Schneider Electric energia-eraginkortasunaren 3. lehiaketa irabazi du taldeak. Gainera, Euskadiko Eskola Kontseiluko presidenteak ere zoriondu egin ditu gazteak, egindako lana eta ahalegina goraipatuz. Robotika eta Automatizazio Industrialaren Goi Mailako Heziketa Zikloko 2. mailako ikasleek osatzen dute I+LED taldea eta urtarrilaren 29an jaso zuten saria.

Argi dago energia edozein kontsumo-ondasun ekoizteko ezinbesteko elementua dela, baina ingurumen-arazo larrienak ere eragiten ditu. Beraz, gaur egungo eredu energetikoa eraginkorra al da? Kontsumo ohiturak aldatu behar ditugulakoan garatu du proiektua I+LED taldeak, baliabideak modu eraginkor batean erabiltzeko asmoz, eta helburu nagusi hauek izan ditu lantaldeak: energia-kontsumoa murriztea, eraginkortasuna hobetzea, eta energia-iturri konbentzionalen ordez, energia berriztagarria erabiltzea.

 

Zer da energia-eraginkortasuna?

Proiektu honen abiapuntua eta helmuga energia-eraginkortasuna lortzea izan da; hau da, kontsumitutako energia-kantitatearen eta lortutako produktuen eta zerbitzuen arteko harremana hobetzea. Horrela, energian aurreztu egin nahi da, baina egungo bizi- edo produkzio-kalitatea galdu gabe.

 

Ikastetxeko eraikinetan egin daitezkeen zenbait hobekuntza

Egibide Arriaga ikastetxean hiru eraikin daude: ikastegia, tailerrak eta kiroldegia. Eraikin horietan kontsumitzen dena sakon aztertu ondoren, datu hau lortu da: 2013an 53.000 euro inguru gastatu ziren gas naturalean eta elektrizitatean. Gastu oso handia da, eta energia asko alferrik galtzen denez, I+LED taldeak zenbait hobekuntza proposatu ditu proiektuan; hala nola, ikasgeletako eta korridoreetako argiztapenean, berogailuetan, ordenagailuetan eta isolamendu termikoan.

Ikasgela gehienetan beharrezkoak ez diren fluoreszenteak daude, eta fluoreszente horien kopurua erdira murriztu daiteke. Hala ere, neurri hori hartu beharrean, fluoreszenteen ordez, LED hodiak jartzea proposatu dute, eta neurri horrekin energiaren % 60 aurreztuko litzateke. Ordenagailuek ere energia gehiegi kontsumitzen dute, eraikineko 225 ordenagailu inguruk 10 ordu pasatzen dituzte “standby”-an, eta horietako bakoitzak 10W kontsumitzen ditu orduro. Hori konpontzeko, kontaktoreak eta etengailuak jar daitezke: horrela, zehaztutako ordu batean itzali egingo lirateke.

Ikastetxeko korridoreetan ere energia asko galtzen da, batzuetan inor pasatzen ez den arren, argiak piztuta baitaude. Hori dela-eta, sentsoreak jartzea proposatu dute proiektuan; hain zuzen, KNX izeneko sistema domotikoa. Bestalde, ikastetxeko areto nagusian berogailua beti dago jarrita, eta eguneko ordu gutxi batzuetan soilik egon ohi da jendea bertan. Berogailuari dagokionez, aldiz, konponbidea zailagoa da; izan ere, berogailu sistema aldatu egin beharko litzateke. Amaitzeko, isolamendu termikoaren kontua egongo litzateke. Ikastetxean dauden leihoak zaharrak dira, eta isolamendu termikoa erraztuko luketen leihoak jartzea komenigarria izango litzateke.

 

Urtean, gastua 16.627 eurotan murriztuko litzateke

Proiektuan proposatutako neurri guztiak martxan jarri ahal izateko, 18.000 euro inguru inbertitu beharko lituzke ikastetxeak. Baina, energia-kantitate handia aurreztuko litzateke, eta ondorioz, baita diru-kantitatea ere; zehazki, 97.883 KW eta 16.627 euro urtero.

Proiektua garatzeaz gain, I+LED taldeak beste hainbat batzarretan eta ekimenetan hartu du parte. Baina, haratago joan nahi izan dute, energia berriztagarriarekiko eta energia-eraginkortasunarekiko interesa piztu nahi izan dute irakasle eta ikasleen artean. Horretarako, ikastetxeko energia-kontsumoari buruzko datuak eman dituzte, jendeak ekimenetan parte har dezan.

Egibide Arriagan hautemandako arazo horiek beste edozein heziketa-zentrok izan ditzake, eta edozein ikastetxek baliatu ahal izango ditu proiektu honetako proposamenak. Ea ba proiektu honi esker energia-eraginkortasunaren helburua hurbilago ikusten dugun.  

EGUZKI SUKALDEAK, ONDARROATIK AFRIKARA

Imajina ezazu elektrizitate eta erregairik gabe funtzionatzen duen sukaldea, eguzki izpien energiaz baliatzen dena, besterik ez.

Afrikako hainbat herritan ibilbide luzeak egin behar izaten dituzte egunero bertako biztanleek sukalderako egur bila joateko eta laster Senegaleko Dagana eta Maliko Bamako herrietan Ondarroako institutuko hainbat ikaslek antena parabolikoz fabrikatutako hiru sukalde eta kartoizko dozena bat  labe jasoko dituzte.

Ekimen hau Agenda 21en ¨Hondakinetatik ekimenera" deritzon proiektuari esker gauzatu da eta jasangarritasuna, elkarlana, hezkuntza eta zientziaren baloreak ezagutzea izan da proiektu honen helburu nagusia. Modu honetan, DHB 2. mailako ikasle ondarrutarrek herrien eta erakunde ezberdinen arteko lankidetzaren garrantzia atzemateko aukera izan dute.

Lourdes Solozabal institutuko agenda 21eko arduradunak adierazi duenez, aurtengo ikasturteko gai nagusia gizakiak sortzen dituen hondakinetan oinarritu da baina beste ikasgaietako irakasleekin elkarlanean ari dira ekimena aurrera aterazeko.

Javi Crespo ekimenaren koordinatzailea eta filosofia eta hiritartasun irakaslea Foru Aldundiarekin jarri zen harremanetan EitBk Iurretan zituen instalazio zaharretan zeuden parabolikak eskatuz. “Proiektua aurkeztu genienean ez ziguten inolako oztoporik jarri eta handik aste gutxira bost parabolika ekarri genituen institutura” gogoratzen du Javik.

Bestalde, Aitor Aretxaga Teknologia irakasleak eta Asier Bilbao fisikako irakasleak parte hartu izan dute proiektuan.

Antena parabolikoak garbitu, lijatu eta paper reflektantea itsatsi zieten. Ondoren,  egitura bat fabrikatu zuten antena eguzkira zuzentzeko, ekialdera goizean eta mendebaldera arratsaldez, ahalik eta eraginkortasun energetikoa bilatuz.

Eguzki sukaldeak 'Urko Punta’ Gobernuz Kanpoko Erakundearen bidez bidaliko dituzte Afrikara baina aurretik behar bezala funtzionatzen dutela konprobatu nahi izan dute egileek. Horretarako, maiatzaren 23an Ondarroan ospatzen den Antxoa egunean sei kilo antxoa frijitu zituzten arrantzaleek sareak lehortzeko erabiltzen duten tokian. “Eguraldi zoragarria izan genuen, sukaldeek primeran funtzionatu zuten eta jende pila gerturatu zen antxoa pintxoa dastatzera. Gainera, ikasleek inplikazio handia izan zuten, hori da garrantzitsuena”.

IKTAK ETA INGURUMENA

Eskoriatzako Luis Ezeiza ikastetxean Eskola Agenda21 proiektuan  ekosistemen bioaniztasuna lantzeko asmoz, Lehen Hezkuntzako 6.mailako ikasleek “Ekosistema: ibaia” izeneko proiektua aurrera eraman zuten 2013-2014 ikasturtean,  apirila-ekaina bitartean. Honekin batera, Eskola 2.0ko baliabideak eta ikasle zein irakasle eta familiek etxean dituzten baliabide teknologikoaz baliatu ziren proiektuan zehar: Internetera konexioa duten smartphone eta tabletak erabili izan zituzten ekimena gauzatzeko.

Guztira, 32 ikaslek parte hartu zuten eta Deba ibaiak dituen ekosistema ezberdinak aztertzeko Ibarraundi museoaren laguntza izan zuten. Bertan, ibaiaren uraren azterketaz gain,  animali eta landare espezie inbaditzaileak ere aztertu egin zituzten. 

Proiektuaren azken helburu gisa,  ikasleen gurasoekin ingurunea ezagutzeko ibilbide gidatu bat antolatu zuten. Ibilbide hauetan, teknologia berriaz baliatu ziren eta  geolokalizazioa erabiliz, Deba ibaian zehar ekosistema eta biodibertsitatearekin zerikusia duten puntu interesgarrienak ezagutzeko aukera izan zuten.

Bisitak goiz eta arratsaldeko txandatan antolatu ziren gurasoen ordutegiekin bateratu ahal izateko. Euren seme-alabek  harrera egin zieten ibilbidearen nondik norakoak azalduz.

Landareak aztertzeko guneetan, bisitariek QR kodeen irakurketaren bidez, bertako floraren informazioa kontsultatzeko aukera izan zuten, ikasleek aldez aurretik prestatutako blog-ean.

Bestalde, animali espezien inguruko  informazioa ezagutzeko,  ‘eduloc’ izeneko aplikazioa erabili zuten. Animaliak ez dira leku berean egoten eta geolokalizazio sistemari esker, Google maps-en markatutako hainbat puntuetan jasotako informazioa eskuratu ahal izan zuten momentuan.

Bai ikasle zein gurasoentzat oso esperientzia positiboa izan zen, ikasitako edukiaz gain, IKTen erabilera eta heldu zein gazteen arteko harremanak sustatzeko balio izan zuelako. Hori dela eta, datozen ikasturteetan ekimen berdintsuak aurrera eramateko asmoa azaldu du ikastetxeak.   

  

Azken aldaketako data:  2016/01/11