Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

IHITZA 46 - BALIABIDEAK

BTEK, zientzia eta teknologiaren topagune

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearen zentroa da BTEK. Interpretazio Zentroa Derion dago, parkeko 602 eraikinean kokatuta hain zuzen. Ikasleen eta zientzia eta teknologiaren arteko topagunea da, eta horretaz gain, publiko orokorraren eta Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearen arteko topagunea izateko asmoa du, baita eguneroko bizitzaren eta I+D+b-ren inguruko bizitzaren arteko topaleku ere. Azken finean, zientzia- eta teknologia-kultura bultzatu nahi dute interpretazio zentro honetan, eta era berean, gazteak ikasketa zientifiko eta teknologikoetara erakartzea.

2005ean eman zituzten interpretazio zentroa sortzeko lehen urratsak, eta 2007an Hezkuntza Ministerioak proiektuari babesa eman zion, BTEK-ekin sinatutako lankidetza hitzarmenaren bidez. Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak 11 milioi euroko inbertsioa egin du BTEKen eraikuntza lanetan eta eraikina egokitzen.

Paisaian erreferente gisa asmatu zuen Gonzalo Carro arkitektoak BTEK eraikina. Lursailarekin eta inguruarekin bat egiten duten piramide formako bi bolumen ditu, azalean banatuta, baina lur azpian lotuta daudenak. Hainbat sari irabazi ditu BTEK eraikinak: ArchDayly 2009ko Kultur Eraikinik onena, COAVN 2010 sarian finalista eta NAN 2009 sarian finalista, besteak beste.

BTEK Bizi Teknologia, Astondo Bidea, 602 – Derio (Bizkaia) -(+94) 4039500

http://www.btek.org

 

Materialen bizi-zikloan fase guztiek dute garrantzia

Kli! Kla! Birzikla! Eskola Lehiaketa ingurumena babestea norberaren eta gizarte osoaren ardura dela helarazteko asmoz sortu zen. Lehiaketa horren VIII. edizioa antolatu da aurten, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren “Iraunkortasunean oinarritutako Hezkuntzarako 2007-2014 Ekintza Egitasmoan” txertatuta dago, Foru Agenda 21en baitan.

Aurtengo lehiaketa LH-ko 1. eta 2. zikloetako eta DBH-ko 1. zikloko ikasleentzat izan da, eta landutako gaia materialen bizi-zikloa izan da. Horretarako, hainbat jarduera praktiko proposatu dituzte, 7 saiotan antolatuta, helburu honekin: ikasleek eguneroko bizitzan inguruan ditugun materialen bizi-zikloan fase bakoitzak duen garrantzia ulertzea.

Nanoteknologia ezagutzen

Bilboko Berritzegune Nagusiak nanoteknologiaren inguruko xehetasunak ematen ditu unitate didaktiko honetan. Nanoteknologiari esker material guztiak atomoz osatuta daudela jakin dugu, baina beste hainbat informazio ere eskuratu ahal izan dugu; adibidez, gainazaleko partikulen eta guztizko partikulen arteko erlazioa, erreakzio-abiaduran eragiten duten faktoreak, propietateak nolakoak diren nanoeskalan...Horretaz gain, nanoteknologiaren aplikazioak zein diren, eta nanoteknologiaren eta osasunaren arteko lotura zein den ulertu ahal izango da unitate didaktiko honetan.

Emakumeen ikusezintasuna zientzian

Askok diote zientzia androzentrikoa dela; hau da, gizonek egindako zientzia bakarrik kontatu dela. Baina emakumeek ere lan asko egin dute zientziaren arloan, lan hori guztia ezkutuan geratu den arren. Zergatik ez dugu ezagutzen emakume zientzialariek egindako lana? Gaur egun parekidetasuna al dago zientziaren munduan? Horri buruz hitz egin eta hausnartu dute Marta Luxanek (demografian aditua), Arantza Urkaregik (matematikan doktorea) eta Teresa Nuñok (kimikan doktorea) “IDEMtitate” saioan.

Teknologiari esker ingurumena zaintzen

Aro digitala gure artera iristean, teknologia erabiltzen dute gazteek edo helduek, eta noski, ingurumena zaintzeko teknologiak eskaintzen dituen abantailak aprobetxatu behar dira, asko baitira teknologiari esker lor daitezkeen gauzak. “Generación web” izeneko telebista-saioak gaur egun teknologia berriak gazteengan duten eragina azaltzen du, baina bideo honetan teknologiari eta ingurumenari buruz hitz egiten dute; zehazki, ingurumena zaintzeko teknologiak dituen erabilera anitzak azaltzen dituzte. Bideoan ikusten denez, teknologiari esker hainbat aurrerapauso lor daitezke ingurumena zaintzeko garaian.

http://www.rtve.es/v/3207663/

 

 

 

Herritartasuna, teknologia eta kultura

“Ciudadanía, tecnología y cultura” izeneko liburu hau Francisco Sierrak (Komunikazio Fakultateko irakaslea) argitaratu du, eta bitartekaritza sozialerako eredu bat lortzea beharrezkoa dela kontatzen da bertan. Azken urte hauetan hainbat gertakari izan ditugu; adibidez, Espainiako 15M mugimendua. Horrelako gertakariek pentsamendu kritikora eramaten gaituzte eta informazio-sareen eta ezagutzaren inguruan ekosistema kultural bat eratzen da. Liburu honek hainbat alorren inguruko informazioa ematen dio irakurleari: mugimendu sozialen ikuspegi berriak, gazteek eta talde txikiek egiten dituzten ekimenak, ziberdemokraziaren teoria... Azken finean, kultura digitalarekin bat egiten duen teoria kritikoa lortu nahian dabil idazlea liburu honetan.

Produktuaren ingurumen-alderdiak ebaluatzeko gida

Gida honetan produktuak ebaluatzeko pauso batzuk identifikatzen dira, ondoren, produktuak beste era batera diseinatzeko eta ingurumena gehiago zaintzeko. Gero eta produktu hobeak modu eraginkorrago batean ekoizten ditugu, baina kontuan izan behar da gehiago kontsumitzen dugula, eta horrek inpaktua duela ingurumenean. Hori dela-eta, gure produktuen ingurumen-portaera ezagutu beharra dago, eta produktuak sortzeko eta aukerak garatzeko bide berriak ikertu behar dira.

Azken finean, produktuak diseinatzean ingurumena ere kontuan hartu behar dugu; hau da, gure produktuak ekodiseinatu egin behar ditugu. Beraz, produktuak diseinatzen dituzten enpresa guztien berritzeko gaitasuna gauzatzen laguntzea du helburu gida honek.  

Ikusi argitalpena

SINC, zientzia albiste den lekua

Bost urte dituen webgune honetan zientziari buruzko albiste guztiak aurki ditzakegu. Zientzia, biomedikuntza, matematikak, fisika eta kimika, zientzia sozialak eta politikoak, eta abar jorratzen dira txoko honetan, baina betiere ingurumenak du garrantzia nagusia. Zientzia, teknologia eta berrikuntza arloetan espezializatutako lehen agentzia publikoa da estatuan. Albisteak, erreportajeak, elkarrizketak, eta ikusentzunezko materialak (bideoak, argazkiak, ilustrazioak eta infografiak) lantzen ditu lantaldeak, eta kazetariei, zientzialariei eta herritarrei eskaintzen diote informazioa, zientziaren munduan izandako azken albisteak ezagutzera emateko. Agentzian hainbat ikertzailek hartzen dute parte, eta informazio guztia berraztertzen dute; beraz, gaurkotasuna, zehaztasuna eta egiazkotasuna dira webgunea bereizten duten baloreak.

http://www.agenciasinc.es/

Ingurumenaren Agentzia Europarra

Europar Batasunaren erakunde bat da Ingurumenaren Agentzia Europarra. 1994ean hasi ziren lanean, Copenhageneko egoitzan. Ingurumenari buruzko informazio independentea eskaintzen dute agentzia honetan, eta gaur egun 33 herrialde dira agentziako kide. Informazio-iturri nagusia da ingurumen-politikak garatzeko, onartzeko, egiteko eta ebaluatzeko ardura dutenentzat, baita publiko orokorrarentzat ere.

Agentzia honen bezero garrantzitsuenak Europar Batasuneko erakundeak eta herrialdeak dira. Horretaz gain, beste erakunde batzuei ere eskaintzen dizkiete haien zerbitzuak; adibidez, Batzorde Ekonomiko eta Sozialari, eta Eskualdeen Batzordeari. Bi aldeko komunikazioa sortzeko ahalegina egiten du agentziak; horrela, bezeroaren informazio beharrak identifikatzeko, eta ematen duten informazioa ulertu eta erabiltzen dela bermatzeko.      

http://www.eea.europa.eu/

Azken aldaketako data:  2016/01/21