Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila

Ibaialde

Ur kontinentalak ezagutu eta ikertzeko sortutako kanpaina. Ibaiak, lakuak eta hezeguneak aztertzeko aukera paregabea.

ibaialde egitasmoan lagun askok hartzen dute parte, batzuek talde antolatuetan (ekologistak eta naturalistak, kirol taldeak, ikastetxeak, aisialdiko taldeak, udalak...) eta beste batzuek euren kasa inongo talderik eratu gabe.

ibaialderen asmo nagusia talde eta lagun horiek euren inguruarekin zuzenean harremanetan jartzea da, ekosistema jakin bat modu eraginkorrean eta esperimentalean aztertuz. Horrek zera esan nahi du: parte hartzen duten taldeek eta lagunek ibaietara hurbildu, ongi aztertu eta galdera sorta xume batzuei erantzunez ibai horiei buruzko informazioa jaso behar dutela. Galdera sorta horietan ibaien ezaugarriak azaltzen dira: datu orokorrak, ezaugarri fisiko eta biologikoak, uraren kalitatea, zaborrik dagoen ala ez, eta inguruko eraikin historiko interesgarriei buruzko informazioa.

Halaber, egitasmo honen bidez parte hartzaileei aztertutako lekuari buruzko emateko eta, nahi izanez gero, etorkizunean ingurua hobetzeko ideiak proposatzeko eta neurri zuzentzaileak eskatzeko aukera ematen zaie.

Urteko lehen hilabeteetan kanpainan parte har dezaketen guztiekin harremanetan jartzen gara, zein ibai aztertu nahiko duten jakiteko eta horrela ibaialden aztertuko diren ibaien sarea zehazteko. Udaberriaren hasieran bilera batzuk egiten dira parte hartuko duten talde eta lagunekin; bilera horietan irteera horiek nola antolatu behar diren eta landa lana nola egin behar den azaltzen zaie eta beharrezko materialak ematen zaizkie. Besteak beste, parte hartzaileek ondorengoak jasotzen dituzte: datuak jasotzeko galdera sorta, sistema urtarrei buruzko informazio osagarria duen koaderno bat eta uraren kalitatea zehazteko balioko duen kit bat, erabiltzeko erraza den material analitikoa duena.

ibaialden lagun asko biltzen dira eta horiei esker datu asko jakin ahal izaten dira. Datu horiek bateratu, ondorioak atera eta horrela Euskal Autonomia Erkidegoko ibaiak zein egoeratan dauden jakin daiteke. Hain zuzen ere, bildutako informazio hori web orri honetan eta orain arte kanpainari buruz argitaratutako txostenetan biltzen da.

Azken aldaketako data: