Hurbiltasuna faktorea kultura-politiketan

Atala

Lan honetan, hurbiltasuneko kultura-politiketara gerturatzen saiatu gara, hala teorian nola praktikan. Teoriaren arloan, kontzeptu horren esanahia eta inplikazioak berrikusi ditugu. Horrela, aurki daitezkeen hurbiltasuneko kultura-politika moten eredu moduko batzuk zehaztu ditugu. Eredu horiek errealitatera hurbiltzeko eta garrantzitsuak izan daitezkeen kasuak hautemateko baliatuko ditugu gero, maila praktikoan.

Ildo horretan, hauxe da hemen garatu dugun galdera giltzarria: «Hurbiltasuna izeneko faktoreak nola moldatzen ditu kultura-politikak eta politika horien xede den errealitatea?».

Abiapuntuko hipotesia da “hurbiltasun” faktoreak balio erantsia ematen diela kultura-politikei, zuzenean erantzuten dielako herritarren beharrizanei, eta, aldi berean, kanpoefektu positiboak sortzen dituelako kasuan kasuko errealitatean.

Horrenbestez, honako hauek dira planteatzen diren helburuak, eta txosten honek erantzun nahi dituenak:

  • “Hurbiltasun” faktorea eta bere dimentsio giltzarriak lantzea.
  • Hurbiltasuneko kultura-politikak aztertzea eta zer ezaugarri dituzten ikustea.
  • Jardunbide egokiak hautematea, horien bidez hurbiltasuneko kultura-politiken egungo errealitatea zirriborratu ahal izateko.

Hasteko, “hurbiltasun” faktoreak tokiko gobernantzaren zeharkako faktore gisa duen egitekoaren zirriborro bat egin dugu, kultura-politikei buruzko berrikuspen historiko txiki bat azaldu dugu –hurbiltasuna izeneko faktoreak gaur duen garrantzia ulertzen laguntzeko–, eta bere hiru dimentsioak eta Agenda 21eko elementu giltzarriak aztertu ditugu; izan ere, agenda hori baita mota honetako politiken erreferentzia nagusia.

Behin historikoki eta teorikoki kokatu ostean, aztertu dugu hurbiltasuneko kultura-politiken berariazko kasuan hurbiltasunak zer-nolako harremana duen zenbait printzipiorekin eta intereseko gertakarirekin. Atal horretan, politika horiek aurrera eramateko erabiltzen diren tresnak eta ekintza motak nabarmendu ditugu.

Adierazitako elementu horiekin, politika horien eredu moduko batzuk egin ditugu, errealitatera hurbiltzeko eta jardunbide egokien kasuak hautemateko. Lanaren amaieran, erabilitako irizpideak eta hautemandako praktikak zehaztu ditugu. Ondorioak ere jaso ditugu, eta, horien bidez, “hurbiltasun” faktorearen garrantzia eta ezaugarriak berrikusi ditugu.

Hurbiltasuna faktorea kultura-politiketan (2015) [pdf, 530 kB]

Euskadi, auzolana