Hezkuntza Saila

Hezkuntza Berriztatzea / Aurkezpena

 

Norantz doa berrikuntza?

 

Hezkuntzaren arloko berriztatze-prozesuen norabidea zehazteari buruz erabakiak hartzeko eta hausnarketa egiteko, bi printzipiotan oinarritu gara: ekitatea eta bikaintasuna. Prozesu guztietan, osagai bi horiek behar-beharrezko dira hezkuntzaren abiapuntua eta helmuga zehazteko. Izan ere, ikasle bakoitzari egokitu behar zaio hezkuntza, ikasle guztiak eremu akademikoan, pertsonalean eta sozialean ahalik eta gehien garatzea baita helburua, elkartasuna eta erantzukizun partekatuaren bidez pertsona guztien ongizatea bilatuko duen gizarte aldaketa gerta dadin.

Hezkuntzaren, politikaren eta gizartearen eremuko hainbat eragilek, nahiz Hezkuntza Sailak berak egindako hausnarketa, ondorio eta iradokizunei esker, EAEko hezkuntza-sistema orientatzen eta gidatzen duten ildo estrategikoak zehaztu dira; sistema horretan, ikaslea da hezkuntza-prozesu berriztatzailearen ardatz.

Ekitatea da erreferentzia hezkuntza zuzen bat lortzeko; hots, aniztasunari erantzungo dion eta irakaskuntza pertsonalizatuko duen hezkuntza lortzeko. Hau da: ikasleria osoari aukera berdinak eskaintzea egon daitezkeen gizarte, nortasun eta genero, hizkuntza, kultura, gaitasun edo maila ekonomikoko ezberdintasunak gaindituz.

Bikaintasuna helmuga. Hona gure helburua: ahalik eta gehien egitea oinarrizko konpetentziak garatzearen alde, ikasle guztien ikaste-prozesua mugatzen dituzten testuinguruetako muga-heziek gutxituz.

Oinarrizko konpetentziez jabetuz gero, pentsamendu sortzaile indibiduala sustatzen da. Hau da, ikasleek jakin dezatela konzeptuez, baina gai izan daitezela nork bere pentsamendu-eskema eraikitzeko. Kontua ez da informazio berri bat transferitzea, buruz ikastea edo bereiztea eta bereganatzea, baizik eta esparru kognitiboa desmuntatzea eta berriz antolatzea, bizitzaren arazo esanguratsuei loturiko testuinguru batean.

Horretaz gainera, argudiatzen eta konbentzitzen jakin behar dute ikasleek; ziurgabetasun-egoeratan aurrera egiten; eta izaera jakin bat garatzen, zeinaren ezaugarri baitira motibazioa, pertseberantzia, ekimen pertsonala, akatsetatik ikasteko gaitasuna eta ideiak ekintza bihurtzeko trebetasuna. Horrela, ikaslea prestatuta egongo da bihar-etzirako. Hori bezain funtsezkoa da hezkuntzaren talde dimentsioa eta gizarte eginkizuna ere.

Oinarrizko konpetentziak ikasgelako egoera formaletan hartzen dira, bai eta egoera informaletan (aisialdian) eta eskola-esparrutik kanpoko egoera ez-formaletan ere. Eguneroko bizitzako egoerek zeharkako eta integraziorako trebetasunak hartzea errazten dutenez, eskolak etengabe egon behar du harremanetan familiekin, auzo edo bizilagunen elkarteekin eta kirol-elkarteekin (besteak beste), ezinbestekoa da koordinazio estua izatea eskola txertatuta dagoen hezkuntza-komunitatearekin.

Hezkuntzaren eremuan, berriztatze-prozesuen bidez ekitatea eta bikaintasuna lortzeko, eraldatu egin behar da hezkuntza-sistema: aldatu egin behar dira aniztasuna tratatzeko modua,eskola inklusiboa erreferentziatzat hartuta; eleaniztasuna, elebitasuna sendotzetik abiatuta eta euskara erreferentziatzat hartuta; ikas-irakas prozesuetan baliabide teknologikoen sarrera; hezkuntza-komunitatearen prestakuntza hasierakoa eta etengabea, eta, azkenik, hezkuntza-sistemaren etengabeko ebaluazioa.

Eraldaketa horiek egin ahal izateko, beharrezkoa da irakasleei prestakuntza ematea (bai konpetentzia espezifikoei buruz, bai zeharkakoei buruz) eta irakasleak engaiatuta eta inplikatuta egotea, hots, hezkuntza-komunitateak adostutako berriztatze-prozesuak gidatuko dituzten eta ikasleen ikasketa-prozesuetan eragingo duten irakasleak izatea. Ezinbestekoa da, halaber, ebaluazioaren aldeko kultura bat sortzea: zer gertatzen ari den aztertzen eta zer gerta litekeen proiektatzen duen kultura.

Horregatik, ikasleak egon behar du berriztatzearen ardatzean, eta berriztatze horrek ikasle guztien potentzialitateak agertarazi behar dituela, eta ikasleen bihar-etziko bizitzak nola aberastu irudikatu behar duela, lagungarri izango baita eraldaketa sozialerako, hezkuntza-komunitate osoaren ahaleginari eta konpromisoari esker.

Azken aldaketako data: