Osasun Saila

Etengabeko Prestakuntzaren Kreditazioa

Etengabeko Prestakuntzaren Kreditazioa

Profesio Sanitarioen Formakuntza Etengabearen Kreditazio Sistema

Formakuntza etengabeko jardueren kreditazio sistema boluntario bat da, Osasun Sistema Nazional guztirako balioduna eta osasuneko profesionalei eskaintzen zaizkien formakuntza jarduera ugarien kalitatea bermatzeko Administrazio Publikoek daukaten betebeharrari erantzuteko sortu dena.

Euskadin, organo kreditatzailea Profesio Sanitarioen Etengabeko Formakuntzako Euskal Kontseilua da.

Egiaztapen-eskabideetara sartzea

Nork eska dezake akreditazioa?

Jardueren hornitzaileek eska dezakete etengabeko prestakuntzako jardueren akreditazioa. Honako hau hartzen da erakunde hornitzailetzat: jardueraren akreditazioa eskatzen duen, prestakuntza-jarduera garatzen duen, akreditazio-ziurtagiriak egiten dituen eta, ondorio guztietarako, jarduera horren erantzule egiten den nortasun juridiko propioa duen erakundea edo pertsona fisikoa, publikoa zein pribatua izan.

Entitate hornitzailea pertsona fisikoa bada, bere konturako langile edo langile autonomo gisa alta emanda egon beharko du, eta, hori egiaztatzeko, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko du.

Entitate hornitzaile eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoan izan beharko dute egoitza soziala, irakaskuntza Estatuko zein lurraldetan egiten den kontuan hartu gabe.

Halaber, akreditazioa eskatu ahal izango da kasu honetan ere: etengabeko prestakuntzako jarduera autonomia-erkidego honetan egiten den kongresu bat denean, entitate hornitzaileak bere egoitza soziala non duen kontuan hartu gabe.

Araudi Erregulatzailea

  • 319/1999 Dekretua, abuztuaren 31koa, abuztuaren 31koa, Lanbide Sanitarioen Etengabeko Prestakuntzako Euskal Kontseilua sortzen duena eta prestakuntza-mota hori kreditatzeko sistema bat arautzen duena, (1999ko irailaren 24ko 184 zk-dun EHAAan argitaratua).
  • 44/2003 Legea, azaroaren 21ekoa, Osasun Lanbideen Antolamenduari buruzkoa (2003ko azaroaren 22ko BOE, 280 zk.); 2. eta 3. artikuluek osasun arloko lanbideak eta profesionalak definitzen dituzte.
  • Agindua, 2020ko azaroaren 26koa, (PDF, 290 KB),  Osasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko osasungintzako lanbideen etengabeko prestakuntza-jarduerak egiaztatzeko prozedura ezartzen duena (abenduaren 28ko 259 zk-dun EHAAan argitaratuta).

Egiaztapen-eskabideen online kudeaketa

Eskabideak elektronikoki bakarrik aurkeztu eta kudeatuko dira, horretarako prestatutako online aplikazioaren bidez.

Egiaztapen-eskabidea eta harekin batera doazen dokumentuak jarduera hasi baino gutxienez hilabete lehenago aurkeztu behar dira. Eskabidea eskatutako aurrerapenaz aurkezten ez bada, ez da izapidetzeko onartuko.

Gaur egun, mota hauetako identifikazio elektronikoak erabil daitezke (leiho berri batean irekitzen da):

  • Herritarrak (pertsona fisikoak):
    • B@kQ
    • Herritarraren ziurtagiria (txartela)
    • Hodeiko ziurtagiria, profesionalentzat
  • Enpresak eta profesionalak:

Aplikazioan sartu aurretik, garrantzitsua da 1. NOLA AURKEZTU ESKABIDE BAT ETENGABEKO PRESTAKUNTZAKO JARDUERA BAT EGIAZTATZEKO (MP4, 189 MB) (leiho berri batean irekitzen da)” izeneko bideo tutoriala ikustea eta erabilera-eskuliburua (Gazteleraz) (leiho berri batean irekitzen da) arretaz irakurtzea.

Egiaztapena lehen aldiz eskatzen duten entitate hornitzaileek entitatearen eta haren arduradunen datuak sartu beharko dituzte eskabidean, eta entitate hornitzaileen erregistroan alta emateko eskatu beharko dute. Gainera, entitateak honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du eskabidearekin batera:

(Organismo publikoek eta zuzenbide publikoko korporazioek ez dute aurkeztu behar)

  • Entitatearen estatutuen kopia; han, berariaz jasota egon beharko du prestakuntza entitatearen helburuetako bat dela.
  • Kasuan kasuko entitate motari dagokion erregistroan izena emanda dagoela egiaztatzen duen ziurtagiriaren kopia.
  • Entitatearen Identifikazio Fiskaleko Kodearen (IFK) kopia, edo norberaren konturako langilearen edo autonomoaren IFZ/AIZrena.
  • Azken 5 urteetan egindako prestakuntza-jardueren zerrenda.

Egiaztatu nahi den prestakuntza-jarduera bakoitzeko hasierako eskabide bat beteko da. Jarduera beraren edizio bat baino gehiago egiten badira, data eta leku desberdinetan, urte natural berean, edizio-eskabidea aurkeztu eta jarduera nagusiari erantsiko zaio. Beraz, ez da beharrezkoa izango hasierako beste eskabide bat aurkeztea, eta aldi bakoitzean ziurtagiri bat emango da.

Hasierako beste eskabide bat aurkezteko eskatuko da urte naturala igarotakoan; era berean, gauza bera gertatuko da, alegia, beste eskabide bat aurkeztu beharko da, urte naturala igaro gabe egonda ere, ebaluazio-batzordearen ustetan, azken ebaluazioa alda dezaketen funtsezko aldaketak badaude jarduera horretan (hasierako eskabide aldatua). Funtsezko aldaketarik ez badago, prestakuntza-jarduera baten lehen ebaluazioan lortutako egiaztapenaren emaitza ondoz ondoko bi urtez gordeko da, egiaztapena ebatzi zen egunetik aurrera. Kasu horretan, bete beharreko eskabide-inprimakia ondoz ondoko eskabidearena izango litzateke.

Gehienez ere bi aldiz eskatu ahal izango da jarduera bat berriz egiaztatzeko. Kopuru hori gaindituz gero, beste egiaztapen bat lortu beharko da.

Eskabidean jasotzen den informazio guztiak bat etorri beharko du bai publizitatean eta bai parte-hartzaileei ematen zaizkien materialetan erabiltzen den informazioarekin.

Eskabidea aurkeztu ondoren, entitate hornitzaileak Osasun Saileko Irakaskuntza eta Garapen Profesionaleko Zerbitzuari jakinarazi beharko dio adierazitako datuetan gertatzen den edozein aldaketa.

Eskabidea eta prestakuntza-jarduera egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu ondoren, etengabeko prestakuntza egiaztatzeko zure eskabidearen/espedientearen jarraipena egin ahal izango duzu ESPEDIENTEEN KONTSULTA”, moduluaren bidez, eta hortik zure eskabideari/espedienteari buruzko dokumentuak aurkeztu eta komunikazioak bidali ahal izango dituzu (ikusi2. ETENGABEKO PRESTAKUNTZA EGIAZTATZEKO ESPEDIENTEEN JARRAIPENA (MP4, 26 MB) (leiho berri batean irekitzen da) bideo tutoriala).

Gorabeherak, akatsak eta abar erregistratzeko, Erabiltzailearen Laguntza Zentrora (CAU) jo behar da, 945 016 440 telefono-zenbakira deituta.

Egiaztapen-eskabideetara sartzea

Egiaztatzeko prozedura

Egiaztatzeko prozedura

ETENGABEKO PRESTAKUNTZAKO JARDUEREN HORNITZAILEARENTZAKO GIDALIBURUA"k (PDF, 1 MB) (leiho berri batean irekitzen da) lanbide sanitarioen etengabeko prestakuntza egiaztatzeko prozedura arautzen duten jarraibide eta arauen multzoa jasotzen du.

Eskabideak Lanbide Sanitarioen Etengabeko Prestakuntzako Estatuko Batzordeak ezarritako irizpideen arabera ebaluatuko dira, bi osagaiei dagokienez: osagai kuantitatiboa eta osagai kualitatiboa.

Aurkeztutako eskabidea eta dokumentazioa egiaztatu eta positiboki baloratu ondoren, Kontseiluaren Idazkaritza Teknikoak, Plangintza eta Antolamendu Sanitarioko Zuzendaritzako Irakaskuntza eta Garapen Profesionalaren Zerbitzuaren bidez, Ebaluazio Batzordeak aldez aurretik izendatutako kanpoko hiru pertsonari bidaliko die, beren lanbide-arloan eta etengabeko prestakuntzan adituak eta jardueraren xede-biztanleriakoak izango baitira.

Ebaluatzaileak Estatuko Osasun Sistemako Etengabeko Prestakuntzako Batzordeak onartutako irizpide kualitatiboen arabera baloratuko du jarduera, horietako bakoitzari balioa emango dio, eta ebaluazio kualitatiboaren orria Idazkaritza Teknikora bidaliko du adostutako epean.

Etengabeko prestakuntzako jarduerak ebaluatzeko oinarrizko irizpideak honako hauek dira:

1.– Osagai kualitatiboa.

Funtsean, honako irizpide hauetan oinarrituta egon behar du:

Alderdi hori oso garrantzitsua da aurrerago aztertuko ditugun zenbait puntu behar bezala baloratzeko.

  • Jardueraren egokitasuna:
    • Jardueraren edukiak premia edo eskari zehatz eta behar adina justifikaturen bati erantzun behar dio.
  • Prestakuntza-jardueraren helburuak:
    • Egiaztatu beharreko jarduerak behar bezala azalduta egon behar du bere helburuetan, helburu orokorrak eta helburu espezifikoak bereizita. Lehenengoek hezkuntza-helburuari egiten diote erreferentzia, zentzu zabalenean; bigarrenek, berriz, etengabeko prestakuntzaren arlo lehenetsiei (trebetasun edo abilezia zehatzak eskuratzeari, jarrerak bereganatzeari edo hobetzeari, eta abarri).
  • Irakaskuntza-metodologia:
    • Garrantzitsua da kasu bakoitzean baloratzea metodologia zenbateraino egokitzen den lortu nahi diren helburuetara eta eskura dauden baliabideetara, eta, orobat, zein den parte hartzen duten pertsonen eta irakasleen arteko interakzio-maila.
  • Ebaluazioa:
    • Oso garrantzitsua da ebaluazioren bat erabili den edo ez zehaztea (parte-hartzaileena, irakasleena, jarduerarena berarena, helburuei edo prestakuntza prozesuari dagokienez).
  • Antolakuntza eta logistika.
    • Irakaskuntza-programaren, irakasleen, giza baliabide osagarrien, baliabide materialen, egutegiaren, parte-hartzaileak hautatzeko irizpideen eta jardueraren iraupenaren eta helburuen arteko egokitasunaren ahalik eta deskribapen zehatzena jaso behar du.
  • Erabili beharreko beste irizpide osagarri batzuk:
    • Prestakuntza-jardueraren xede den talde profesionala (jarduera kasuan kasuko profesionalen lanari edo gaitasunei egokitu behar zaie).
    • Jarduera finantzatzeko prozedura.

2.– Osagai kuantitatiboa.

Osagai kuantitatiboa jardueraren iraupenean oinarrituko da eta zuzenketaren bat egingo da, oso iraupen luzeko jardueren azken kreditu kopuruan duen inpaktua haztatzeko.

Beraz, proposatzen den sistema osagai kualitatibo batean oinarritzen da, lehen azaldutako itemen balorazioaren emaitza izango dena, behar bezala zuzendutako osagai kuantitatibo batez biderkatuta. Azken emaitza kreditu kopuru jakin bat da, jarduera bakoitzeko.

3.– Osagai kualitatiboa eta kuantitatiboa haztatzea.

  • 3.1.– Osagai kualitatiboa haztatzea.
  • Oinarritzat hartuta osagai kualitatiboa oinarritzen den irizpide bakoitzari garrantzi maila bat ematen zaiola, kasu bakoitzerako haztapen-faktore bat erabiltzen da.
  • Osagai kualitatiboa osatzen duten ataletako bakoitza baloratzen da, eta, horretarako, balio bat ematen zaie (0,0, 0,1, 0,2, 0,3, 0,4) eta, haztapenerako, biderkatu egiten dira koefiziente hauekin:
    • 1) Jardueraren egokitasuna x 2,0
    • 2) Jardueraren helburuak x 1,0
    • 3) Irakaskuntza-metodologia x 1,5
    • 4) Ebaluazioa x 1,5
    • 5) Antolamendua eta logistika x 1,0
  • 3.2.– Osagai kuantitatiboa haztatzea.
  • Jardueraren azken puntuazioan, iraupenaren araberako oreka-elementu bat sartze aldera, haztapen-faktore bat baliatzen da, honela mailakatuta:
  • Jardueraren iraupena:
    • < 21 ordu x 1,1
    • 21 eta 40 ordu bitartean x 1,0
    • 41 eta 80 ordu bitartean x 0,9
    • > 80 ordu x 0,7
    • Gehienez ere, 100 ordu hartuko dira kontuan edozein jardueratan osagai kuantitatiboa kalkulatzeko.
    • Etengabeko Prestakuntzako Euskal Kontseiluko Idazkaritza Teknikoak orduak proposatuko ditu, jarduera mota guztietan osagai kuantitatiboa kalkulatzeko: presentzialak, ez-presentzialak eta mistoak.

4.– Jarduera bati kreditu kopurua esleitzea.

Jarduera jakin bati esleitutako kredituak osagai kualitatiboaren eta osagai kuantitatiboaren puntuazioen biderkaketen biderkadurak izango dira.

Bateko edo gehiagoko osagai kualitatiboa duten jarduerak bakarrik egiaztatuko dira.

Eusko Jaurlaritzako Etengabeko Prestakuntzako Batzorde Iraunkorrari dagokio, edo, bestela, eskuordetzan emanda egonez gero, Ebaluazio Batzordeari, osasungintzako lanbideen etengabeko prestakuntzako jarduerak egiaztatzeko eskabideak ebaztea.

Hasieran, ziurtapen-proposamena egingo da. Horren bidez, behin-behineko kreditu kopuru bat esleituko da, eta behin betiko bihurtuko da erakunde hornitzaileak, egiaztatu beharreko prestakuntza-jarduera bukatu eta 15 egun balioduneko epean, dokumentazio hau aurkezten duenean:

  • 1.– Prestakuntza jarduera egin izanaren ziurtagiria, aurkeztutako eskabidean aldaketarik egin gabe (agiri hau Etengabeko Prestakuntzako Euskal Kontseiluaren Idazkaritzak emandako egiaztagiriarekin batera aurkeztuko da bete dadin).
  • 2.– Bertaratutakoen zerrenda, erabilitako asistentzia-kontrola erantsita (sinadura-orriak edo antzekoren bat)
  • 3.– Egindako gogobetetze-inkesten emaitza.
  • 4.– Beste ebaluazio-proba batzuen emaitza, halakorik egonez gero (azterketak eta abar).
  • 5.– Kredituetarako eskubidea duten parte-hartzaileei emango zaien diplomaren edo ziurtagiriaren eredua.
  • 6.– Gainera, merkataritza-babesa izanez gero, bertaratuei eman zaien materiala aurkeztu beharko da.

Ebazpen horiek Estatuko Osasun Sistemako Etengabeko Prestakuntzako Batzordeak ezarritako irizpide orokor, komun eta minimoen arabera emango dira, eta Estatuko Osasun Sistemaren esparru osorako balioko dute, abuztuaren 31ko 319/1999 Dekretuaren 8. artikuluan xedatutakoaren arabera (Lanbide Sanitarioen Etengabeko Prestakuntzako Euskal Kontseilua sortu eta hura egiaztatzeko sistema arautzen duen dekretu horrek).

Ebazpena emateko eta jakinarazteko gehienez egongo den epea hiru hilabetekoa izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.3 artikuluaren arabera, ebazpena izapidetzeko eskumena duen organoaren erregistroan eskabideari sarrera eman eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe igarotzen bada, eskabidea baietsitzat joko da, lege beraren 24.1 artikuluaren arabera.

Norberaren autonomia-erkidegoko Lanbide Sanitarioen Etengabeko Prestakuntzako Batzordearen logotipoa erabili ahal izango da irakaskuntza-jarduera baten publizitatean eta ziurtagirietan soilik, betiere jarduera horren egiaztapenaren inguruko behin betiko ebazpena jaso ondoren.

Publizitatea egiaztapen-eskaeraren emaitza jakin aurretik egiten bada, honako testu hau jarri ahal izango da: «Autonomia-erkidegoko Lanbide Sanitarioen Etengabeko Prestakuntzako Batzordeari eskatu zaio egiaztapena data honetan:». Kasu horretan, ez da inoiz erabiliko batzordearen logotipoa, ezta lehendik egiaztatutako jarduera baten berredizioaren akreditazioa eskatzen bada ere.

Akreditazioa egiaztatzeko edo ukatzeko berariazko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osasuneko sailburuari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritako eran eta epean.

Entitate hornitzaileak betebehar hauek izango ditu:

  • a) Entitate hornitzailearen nahiz jarduerako irakasleen interesen inguruan sortzen den edozein gatazka berariaz adieraztea eta parte-hartzaileei jakinaraztea.
  • b) Erakunde hornitzaileak egiaztatutako jarduerei dagokien dokumentazioa, gutxienez, bost urtean artxibatzea.
  • c) Erakunde antolatzaileak ezin izango die etengabeko prestakuntzako ziurtagiririk eman jardueran parte hartzen dutenei, baldin eta ez badute justifikatzen akreditazio-eskabidean hitzartutako bertaratze-ehunekoa, ez badira dagokien osasungintzako lanbideko parte, edo ez badituzte lortu akreditazio-eskabidean adierazitako ebaluazio-baldintzak.
  • d) Hilabeteko epean jakinaraztea, akreditazio-eskabidea aurkeztu edo akreditazio-ebazpena jakinarazi ondoren, justifikatutako arrazoiengatik, eskabidean jasotako datuei eragiten dien aldaketaren bat gertatzen bada.
  • e) Egiten ez den edozein jarduera bertan behera uzten dela jakinaraztea.

Euskal Kontseiluak egiaztatzen dituen etengabeko prestakuntzako jardueretan ikasle eta irakasle izandako osasungintzako profesionalei dagozkien diplomak eta egiaztagiriak ematea izango da jarduerak antolatu dituen erakunde antolatzailearen ardura.

Diploma horietan nahitaez agertu beharko dira, batetik, emandako kreditu kopurua, bestetik, akreditazio-sistemaren logotipoa eta erakunde hornitzailearena, eta, azkenik, testu hau: «Lanbide Sanitarioen Etengabeko Prestakuntzako Euskal Kontseiluak egiaztatu duen jarduera».

Prestakuntza-jarduera guztiak dokumentuen auditoretzaren mende daude. Hori dela eta, entitate hornitzaileek eskatzen zaien informazio guztia aurkeztu beharko dute Idazkaritzan.

Ikuskapenak in situ egin ahal izango dira, zuzeneko behaketaren bidez egiaztatzeko bat datozela eskabideari buruzko informazioa eta haren garapena. Ikuskapen hori Osasun Sailari atxikitako funtzionarioek egingo dute.

Auditoretza aldekoa bada, artxibatu egingo da. Kontrakoa bada, emandako egiaztagiria kentzea eta jardueraren arduradunari idatziz ohartaraztea ekarriko du, baita erakunde hornitzaileari jakinaraztea ere.

Eskatutako irizpideak behin eta berriz betetzen ez badira, ikuskatutako jarduera egiaztatzen den egunetik hasi eta urtebeteko epean, ez da onartuko jarduera beraren arduradunak zuzentzen edo antolatzen dituen jarduerak izapidetzea.

Akreditazio bikoitzaren berri izanez gero (baldin eta erakunde horrek kredituak emateko gure sistema egiaztatzailearen irizpide eta tresna berak erabiltzen baditu), emandako akreditazioa automatikoki erretiratuko da, eta ez da onartuko erakunde horrek aurkeztutako akreditazio-eskabide berririk, bi aldiz egiaztatuta dagoen jarduera egiaztatu eta urtebeteko epean.

Azken aldaketako data: