EAEko egonaldi artistikoen mapa

Atala

Ikerketa ikuspegi bikoitz batetik abiatu da: programa hauen ezaugarriak aztertzea eta EAEko egoeraren erretratu bat egitea. Lehen urratsa "Egonaldien ereduaren analisia" izeneko txostena egitea izan da begirada global bat oinarri hartuta. Bertan, egonaldien ezaugarri deskriptiboak, diren eredu eta tipologiak eta sortzaileei zein erakunde sustatzaileei ekartzen dizkieten onurak aztertzen dira. Egonaldien fenomenoaren gakoak ezagutzea da politika publikoentzako irizpideak ezarri ahal izateko lehen urratsa.

Bigarren pausoa gaur egun EAEn existitzen diren egonaldi-programak ezagutzera dago bideratua. Horrela, egungo eskaintzaren panoramika osoa eskaini ahal izateko, EAEko Egonaldi Artistikoen Mapa hau ahalik eta inklusibo eta irekiena izateko asmoarekin egin da. Erakunde anfitrioien eta kudeatzen dituzten programen ezaugarri nagusia aniztasuna da. «Egonaldi» kontzeptuaren berezko ezaugarria da hori, filosofia malgua eta aldakorra baitu.

Maparen planteamendua edozein diziplina artistikotara eta tipologia ezberdinetara irekia dago: agente sustatzailearen arabera (erakunde publikoak, pribatuak...); erakundearen ezaugarrien arabera (arte-zentroa, sorguneak, antzokiak, jaialdiak...); egonaldiaren helburuak (ikerketa sustatzea, ekoizpena, nazioartekotzea...); egonaldiaren edukia (espezializatua, diziplinartekoa...). Horri esker, alde batetik, programa hauek ezagutzeko interesa duenak informazio guztia eskura izango du, eta, bestetik, programa hauek etorkizunean garatzeko nitxoak identifikatzea errazagoa izango da. EAEko Egonaldi Artistikoen Maparen helburuak honako hauek dira:

  • Egonaldi artistikoak sustatzen dituzten EAEko erakundeak identifikatzea.
  • Egonaldi-programen ezaugarri esanguratsuenak aztertzea.
  • Ezaugarrien araberako tipologiak definitzea.

Horretarako, lehenik eta behin, programa horiek antolatzen dituzten eragileen behaketa egin da, titulartasuna, kokapen geografikoa edo tipologia bezalako aldagaietatik abiatuta.

Bigarrenik, egonaldi-programetara zuzendu dugu begirada. Tipologien araberako panoramika orokorra eskaini da, sailkapen egokia egitea ahalbidetzen duten irizpide esanguratsuak oinarri hartuta: erakunde anfitrioia, espezializazioa, helburuak, izaera eta iraupena. Jarraian, azterketa programen xehetasunetan murgiltzen da, ezaugarrietatik eta baldintzetatik abiatuta deskribatu ahal izateko: eskaintzen diren baliabideak, ordaintzen diren gastuak eta ordainsaririk ba ote den ala ez. Programen azterketaren kapituluak beste alderdi batzuekin itxi dira: eragile/programen arteko lankidetzak, hautaketarako baldintzak (bai hautaketa irizpideak, bai hautatuaren betebeharrak), eta, azkenik, hautaketa prozesua.

Amaitzeko, ikerketaren elementu nabarmenenak laburbildu dira.

EAEko egonaldi artistikoen mapa (2017) (pdf, 2,8 MB)

Euskadi, auzolana