Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila

Berdindu Eskolak

Berdindu! Sexu- eta genero-aniztasunari buruz informazioa eta arreta emateko zerbitzua da, Eusko Jaurlaritzarena.

Zer eskaintzen du?

Guztiok elkarteak kudeatzen du zerbitzua. Irakasleei aholkuak eta prestakuntza ematen dizkie, sexu-aniztasuna lantzearekin eta LGBT diskriminazio-problematikekin kezkatuta dauden ikastetxeetan. Arreta eta prestakuntza eman die ikastetxeei eta orientatzaileei, aholkulariei, ikastetxeko zuzendaritzei eta irakasleei, oro har. Berdindu Eskolak Aurkezpena (PDF, 391 KB)

  • Ikastetxeei lehen arreta eta orientazioa ematea horrelako problematikak dituztenean (LGBT diskriminazioa, bullying homofoboa, lesbofoboa edo transfoboa).
  • Laguntza teknikoa eta oinarrizko prestakuntza pertsonalizatua ematea hezkuntza- edo curriculum proiektuan genero-aniztasunaren ikuspegia txertatu nahi duten ikastetxeetako irakasleei.
  • Aholku- eta prestakuntza-zerbitzua ematen die ikastetxeetako irakasleei, honako helburu hauek dituela: homofobia-, lesbofobia- eta transfobia-kasuei aurre egin ahal izatea; sexu-aniztasuna integratzea tutoretza-planean; eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe guztiak sentsibilizatzea.
  • Materiala ematen diete, bai eta materialari buruzko aholkuak ere, ikasgeletan lantzeko.
  • Aholkularitza-zerbitzua ematen die irakasleei eta ikastetxeei.
  • Jarduera-proposamenak egiten dituzte.
  • Berritzegune eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila inplikatzen ditu, jarduerak planifikatzen, gauzatzen eta ebaluatzen.

Norentzat da zerbitzua?

  • Lehen Hezkuntzako ikastetxeak eta Bigarren Hezkuntzako institutuak
  • LGBTI kasuengatiko diskriminazio-arazoak dituzten ikastetxeak
  • Sexu-aniztasunaren ikuspegia txertatu nahi duten ikastetxeak
  • Ikastetxeetako orientatzaileak, aholkulariak, zuzendariak eta irakasleak orokorrean.

Funtzioak

Berritzegunerekin eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarekin koordinazioan, Berdindu Eskolak eskaintzen du:

- Aholkularitza- eta kontsultoretza-zerbitzua

  • Ibiltaria da; hau da, zerbitzua eskatzen duen ikastetxera joaten gara, bai eta kasu jakin bat dela-eta eskatzen dutenetara.
  • Ikastetxeko aholkularientzat, orientazio-sailean aritzen direnentzat eta/edo zuzendarientzat da. Bai eta inplikazio-maila jakin bat eta interesa duten tutore inplikatuentzat zein interes berezia dutenentzat ere.
  • Eskari edo arazo jakina jasotzen dugu (arazoarekiko interesa edo arazoaren kudeaketa), bai eta beharrezko dokumentazioa ere.
  • Berdindu zerbitzuari eta Jaurlaritzak eskuragarri dituen baliabide guztiei buruzko informazioa ematen dugu.
  • Bullying homofobo, lesbofobo eta transfobo egoerak identifikatzeko eta halakoetan nola jardun jakiteko orientazioa ematen dugu.
  • Kasu jakin eta larritasun-maila jakinetarako, eskuragarri zer material dagoen eta zer material den egokiena ematen dugu ezagutzera. Mota horretako materiala aukeratzen eta igortzen dugu.
  • Oinarrizko informazioari buruzko informazioa ematen dugu.

- Sexu-aniztasunari buruzko oinarrizko prestakuntza

  • Ikastetxe bereko langileak sexu-aniztasunaren gaiaren inguruan sentsibilizatzea eta trebatzea du helburu, baldin eta egoera hauetakoren batean badago:
  • Diskriminazio egoera bat bizi badute eta langile guztiek koordinazioan arituta nolabait landu nahi badute, unitate didaktikoen eta material zehatzen bidez.
  • Sexu-aniztasuna tutoretza-planean integratu nahi badute.
  • Taldea ikastetxe bereko 30-35 irakaslek osatzen badute.
  • Berdindu zerbitzuari eta Jaurlaritzak eskuragarri dituen baliabide guztiei buruzko informazioa ematen dugu.
  • Prestakuntzako materiala elkarteak jarriko du eskuragarri.

Sexu-aniztasunaren inguruko ikastaroak Lehen Hezkuntzan: Aniztasuna Ezagutzen

2014an, lehenbiziko aldiz, sexu-aniztasunaren inguruko ikastaroa jarri zen abian Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleekin. Proiektua GEHITU eta GUZTIOK elkartekoek burutu dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zenbait ikastetxetan, emaitza ezin hobeak lortuz.

Eskola Seguru Taldearen ekimena izan zen, eta Berdindu eta Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritzaren laguntzarekin antolatu zen.

"Aniztasuna eraiki" hezkuntzako esku-hartze programa estreinatu berria Gehitu eta Guztiok elkarteek burutu dute Euskal Autonomia Erkidegoko osoko ikastetxeetan. Ekimen horren barruan aniztasun afektibo-sexualari eta familiarrari buruzko tailerrak antolatu dituzte ikasgeletan, Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko ikasleentzat, eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren eta Berdindu laguntza izan dute horretarako.

Ahaleginak batuta, Euskal Autonomia Erkidego osora iritsi ahal izan dira, eta Araban ere izan dira, lehenengo aldiz. Gainera, lankidetza horri esker, aurrerapauso garrantzitsua egin da, aniztasunaren inguruan adostutako estrategia didaktikoak aplikatu baitira.

Programa nahiko zabala da, eta igurikimen guztiak gainditu ditu.

Helburuak

  • Helburu orokorra
  • Aniztasuna aberastasun pertsonal eta sozialerako faktore gisa hartzea.

Helburu zehatzak

  • Homosexualitatea, bisexualitatea eta transexualitatea ikusaraztea.
  • Familia-eredu ezberdinak daudela ikusaraztea.
  • Ikasleen autoestimua indartzea, autoezagutzaren bidez.
  • Lankidetza-harremanak bultzatzea.
  • Erreferenteak eskaintzea.

Ondorio orokorrak

Burua irekitzeak lagundu egiten du desioak eta identitateak bizitzeko modu ezberdinak errespetatzen, eta, dezente egin dugu aurrera bide horretan. Baina, hala eta guztiz ere, oraindik ere badira erasoak: eraso estaliak –hala nola pertsona bat besterik gabe heterosexualtzat jotzea– eta eraso zuzenak –homosexualitatea zigortu egin behar dela edo gaixotasun bat dela esatea–.

Aniztasun sexualari buruz begirada eta gogoeta zabaltzeak eta horren inguruko pasadizoak eta gertakariak kontatzeak erraztu egin du ikasleengana hurbiltzea eta sexualitatea, edozein modutakoa dela ere, bizipen aberasgarri gisa ulertaraztea. Oro har, jarrera positiboa eta errespetuzkoa agertu dute, nahiz eta egia den, taldeka gaia sakonago aztertu ondoren, politikoki zuzentzat jotzen diren iruzkinek askotan estereotipoetan oinarritutako pertzepzioak ezkutatzen dituztela. Gaur egun ere, sozializatzeko eta talde bateko kide izateko tresna gisa baliatzen diren irain homofobo asko entzuten da.

Programan parte hartu duten ikasle gehienek esan dute aniztasun sexualari buruzko lehenengo prestakuntza-saioa izan dutela honako hau, eta horregatik interes handia azaldu dute. Ez daude ohituta identitateaz eta desioen orientazioaz hain modu naturalean hitz egiten; galdera asko dituzte, eta kuriositate itzela, LGTB pertsonen esperientzia eta bizipenen inguruan.

Oro har, sexua genitalekin lotzen dute; baina ez dute aparteko zailtasunik ideia hori eraisteko eta ulertzeko sentimenduek eta identifikazio biografikoak agintzen dutela horretan. Ikasle gehienek jarrera oso positiboa erakutsi dute sexu-orientazioa lantzeko garaian.

Era berean, familia-aniztasunak ere interes bizia sortarazten du ikasleengan, eta hori ere gehienei ondo iruditzen zaie.

Gehienek atera duten ondorioa da familia batean garrantzitsuena maitasuna dela; segurtasuna eta balioak transmititzea, eta hori era bateko nahiz besteko familiek egin dezaketela.

Bistan da heterosexualitate-presuntzioaren ondorioz ikasle gehienek sexu-oreintazio ez normatiboa ezkutuan bizi dutela. Gazteak dira, eta informazioa eta, batez ere, erreferentzia pertsonalak behar dituzte, aniztasun zabal baten barruan beren sexualitatea legitimatzen laguntzeko. Gazteek dituzten erreferente asko eta asko komunikabideek baldintzatutakoak dira, eta estereotipoetan oinarrituta daude.

Balantzeak

2013ko uztailean BERDINDU ESKOLAK zerbitzu berria martxan jarri zen, ikusita euskal ikastetxetatik gero eta handiagoa zela formakuntzarako eta aholkularitzarako eskaerak LGBT diskriminazioa, adingabeko transexualak edota Sexu aniztasunaren perspektiba integratzeko interesa zela eta.

Zerbitzuaren lehenengo fase hau, laburra izan bada ere oso balorazio pozgarriarekin amaitu da, bai kuantitatiboki eta bai kualitatiboki. Guztira hezkuntzako 131 profesional jaso dute formakuntza eta oso ezagutza baliotsua irabazi da Euskadiko ikastetxeek sexu aniztasuna modu egokian kudeatzerako orduan daukaten beharren inguruan.

Guztira 19 jarduera burutu dira, 11 aholkularitza saio eta 8 formakuntza ikastaro 7 ikastetxe desberdinetan. Irakasleriaren formakuntzaren balorazioan emandako bataz besteko puntuazioa 9 puntutakoa izan eta %100ak adierazi du formakuntza hau egitea gomendatuko lukeela.

Harremanetan jartzeko:



 

Azken aldaketako data:  2016/03/14