Hezkuntza Programa Osagarria

Helburuak

Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusia osatzen duten zuzendaritzek hezkuntza-arloan bultzatuko duten programa honetan zazpi proiektu sartzen dira.

Lekukotasunak eskoletan sartzen dira

Adi-adian biktima hezitzaileen programa eguneratuko da, eta biktimen zuzeneko lekukotasunak eta lekukotasun grabatuak konbinatuko dira. Programa hori unibertsitateetara heda dadila sustatuko da. Gainera, jarduera horiek bateragarriak izan beharko dute Memoriaren Plaza erakusketa ibiltariaren harira garatuko diren tailerrekin.

“Mundua eskolara doa”

Proiektu honen ardatz nagusia irakasleei prestakuntza ematea da, GGKEak, gizarte zibileko beste erakunde batzuk eta lankide boluntarioak bitartekari eta partaide direla. Bizipenak ezagutzean, haien protagonista izatean, jardunbideak erakustean eta gizarte-eraldaketarako hezkuntzaren ikuspegia sustatzeko metodologia kohezitzaileak eta parte-hartzaileak garatuz ikastean datza.

“Eskola mundura doa”

Proiektu honek proposatzen du pertsona desberdinengana hurbiltzeak —ezagutzeko eta esaten dutena entzuteko— hezkuntza-tresna izan behar duela. Gure ikasleek lehen eskutik entzun ditzakete errefuxiatuen, immigranteen, giza eskubideen defendatzaileen eta beste kultura edo erlijio batzuetako pertsonen edo beste egoera sozial eta politiko batzuetan bizi diren pertsonen kontakizunak.

Memoriaren dimentsio historikoa hezkuntzan sartzea

Memoriaren dimentsio historikoa EAEko hezkuntza-curriculumean sartzeko proposamena prestatzea da hezkuntza-proiektu honen xedea. Oinatz galduak oinarrizko tresnatzat hartuko da. Ikus-entzunezko film dokumental hori aurreko legealdian egin zen, eta haren edukiak askotarikoak eta oso egokiak dira.

Memoriaren Egunaren hezkuntza-balioa

Gogorak eta Eusko Jaurlaritzak proposamen-dokumentu batean zenbait jarduera eta tresna pedagogiko jasoko dute, ikastetxeetan azaroaren 10ean, aurreko egunean edo ondokoetan memoriari buruzko hezkuntza-hausnarketa egin ahal izateko. Ekimen horiek guztiak hausnarketarako, parte hartzeko edo elkarreragin partekatuetarako hezkuntza-testuinguruetan garatu ahalko dira.

Etikasi programa

Proiektu honetan giza eskubideei buruz eta etikari buruz ikastea proposatzen da («etika ikasi»). Horretarako, bidaia hezigarriak antolatuko dira, Europako leku enblematikoenak bisitatzeko: kontzentrazio-esparruak edo indarkeria luzaroan jasan duten lekuak (Balkanak edo Ipar Irlanda, besteak beste). Bisita horiek Batxilergoko, Lanbide Heziketako Erdi edo Goi Mailako Heziketa Zikloko edo Unibertsitateko lehen mailako ikasle-taldeei eskainiko zaizkie.

Proiektu osagarriak

Proiektu horiekin batera, honako hauek ere egiten jarraituko da: Elkarrekin bonu-programa, Eskola Bakegune webgunea eta Zinexit bizikidetzarako zinema-erakusketa. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak Aieteko giza eskubideen arloko baliabide pedagogikoen zentroari babesa ematen eta bertan parte hartzen jarraituko du.

Azken aldaketako data: