Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila

Gurasoentzako baliabideak

Internet eta Teknologia Berriak, hitz egingo dugu familiartean? gida aurkezten dizuegu. Gurasoei beren seme-alabek tresna digitalak segurtasunez eta erantzukizunez erabiltzen hezten laguntzeko gida da.3 zatitan egituratu dugu:

  • Gida bera
  • 12 aholku baliagarri, astero igoko ditugunak
  • Azken gomendio batzuk

Horrez gain, gida eta gomendio hauek zalantzak eragiten badizkizuete, adi egon: laster helbide elektroniko bat sortuko dugu zuen kontsultei erantzuteko.

Teknologia berriak, Internet eta sare sozialak ezinbesteko bihurtu zaizkigu gizartean. Izan ere, zer etxetan ez dago ordenagailu bat, smartphone bat, tablet bat edo bideokontsola bat?

Internetek, sare sozialek eta teknologia berriek hamaika aukera ematen dizkiote familia osoari gauza berriak deskubritzeko, baina, horretaz gain, arriskuen iturri ere badira. Hori dela eta, gurasook tresna horiek erabiltzen jakiteko eta ezagutzeko ahalegina egin behar dugu. Hala, lortuko dugu gure seme-alabak hezterakoan zentzu etiko eta morala eskuratzen dutela bermatzea, gero tresna horiek modu seguru eta arduratsuan erabil ditzaten.

Hitz egingo dugu honetaz guztiaz familiartean?Deskargatu gida, hemen: Internet eta Teknologia Berriak, hitz egingo dugu familiartean (PDF, 534 KB)

INTERNET, MUNDUAREKIN KONEXIOA

Internet informazio- eta komunikazio-tresna indartsua da (baina ez da bakarra). Hala ere, Interneten dagoen guztia ez da egia, horrenbestez, zure seme-alabak izaera kritikoa garatzen eta bere iturriak egiaztatzen ikasi behar du. Zure begirada kritikoa lagungarri izan dakioke orrialde baten fidagarritasuna baloratzerako. Aurkitzen dugun informazioaren kudeaketa garatu beharreko funtsezko gaitasun digitala da. Interneten ibiltzean baliteke leiho berriak (pop-up-ak) agertzea. Izan ere, ohikoa da sari edo opari bat irabazteagatik zoriontzen gaituzten mezuak; bada, faltsuak dira eta ordain bat bilatzen dute beti. Zuzenean leihoaren izkinatik itxi beharko ditugu. Bestalde, leihoan klikatuz gero, horren edukia agertuko zaigu. Ordenagailua konfiguratu dezakegu, pop-up-ak saihesteko.

Zure seme-alabak erabiltzen dituen tresna digitalak ezagutzea garrantzitsua da, iritzi eta balorazio objektiboak egiteko. Gainera, ezagutzen badituzu, zailtasunetan hobeto lagundu ahal izango diozu. Partekatu nabigazio-esparruak zure seme-alabarekin; horrela, konfiantza-giroa bultzatuko duzu, eta bere nabigazio-ohiturak ezagutuko dituzu.

TRESNA DIGITALAK FAMILIAK ERE ELKARTZEN DITU

Tresna digitalak ez dira familientzako oztopoak; sozializatzeko, informatzeko, komunikatzeko eta bateratzeko tresna garrantzitsua baizik.

Ordenagailua guztiek erabiltzen duzuen tresna da? Horrela bada, guztiok erabiltzen duzuen toki batean jarri; adibidez, egongelan. Kontuan izan zure seme-alabaren logelan jartzen baduzu, errazago izango duela erabilera desegokia edo arriskutsua egitea.

Mintzatu zure seme-alabarekin Internet erabiltzean dituen ohiturak ezagutzeko. Horrez gain, tresna digitalak nola erabiltzen dituen erakusteko eskatu diezaiokezu, eta biek irabaziko duzue: ziurrenik erabilera berri bat ikasiko duzu, eta zure seme-alaba pozik agertuko da zerbait irakatsi dizulako.

Zure seme-alabarekin hitz egiten baduzu, eta kasu egiten diozula sentitzen badu, konfiantza-giroa sortzea lortuko duzu. Beraz, sarean deseroso sentitzen denean edo mehatxatzen dutenean, zugana joko du.

BIDEO-JOKOAK

Bideo-joko bat adinaren arabera egokia den jakiteko, begiratu itzazu PEGI Kodearen ezaugarriak (bideo-jokoak adinaren arabera sailkatzeko sistema da); baina, ume guztiek ez dute heldutasun bera. Ez dezagun gure seme-alabagan utzi bideo-joko bat aukeratzeko erantzukizuna. Lagundu diezaiogun egokiena aukeratzen. Halaber, balora ezazu familia guztiak jokatzeko moduko bideo-joko bat aukeratzea. Jokoak dibertigarriak eta suspergarriak dira, eta gazteen trebetasunak garatzen dituzte. Denbora gehiegi emateak, ordea, bakartze-arazoak eta gizarte-gaitasunen garapeneko zailtasunak ekarri ditzake.

Multijokalari jokoetan ohikoa jende ezezagunarekin online aritzea, adingabe edo helduekin. Haiekin hitz egiteko eta norberaren informazioa partekatzeko aukera ematen dute; beraz, irakatsi zure seme-alabari identifika dezakeen edo kalte egin diezaiokeen informazio pribatua ez partekatzen.

PRIBATUTASUNA ETA NORTASUN DIGITALAREN KUDEAKETA

Norberaren informazioa edozeinekin ez partekatzearen garrantzia irakatsi dezagun, batez ere sare sozialetan, blogetan edo web-orrietan ez zabaltzearena. Irudiak (argazkiak eta bideoak) edo norberaren datuak (telefono-zenbakia, helbidea, ikastetxea eta abar) fisikoki ezagutzen ditugunekin eta erlazioa estua dugunekin besterik ez trukatu. Jakina, onena da irudi batzuk inorekin ez partekatzea; adibidez, sexu-edukia dutenak (sextinga). Zuhurtzia aliatu ona izango da Interneten.

Zure seme-alabarekin elkarrizketa-esparruak bultzatu. Horrela, familiaren konfiantza hobetuko duzu, eta Sarean arazoren bat duenean zure laguntzaren bila joango da. Garrantzitsua da orduan txarto egin izanagatik errieta ez egitea: egoera horretatik irteteko behar duen laguntza eman behar diogu.

DENA BEZALA, DAGOKION NEURRIAN

Gazteek oheratzean mugikorra erabiltzeko joera dute. Esku-hartzea beharrezkoa da ohitura kaltegarri horretan, lo egiteko arazoak sortzen baititu, eta, atseden hartzen ez badu, ez duelako hurrengo eguneko klasean arretarik jarriko.

Arau ulerterrazak jarri Internet, bideo-jokoak eta telefono mugikorra erabiltzeko. Adostu denen artean noiz, zenbat, zelan eta non. Eta, batez ere, izan zaitez eredu, tresna digital berriak nola erabiltzen dituzun eragina izango duelako zure seme-alabak horiek erabiltzeko moduan.

Interneten dagoen oro ez da egokia zure seme-alabarentzat. Eduki desegokiak ikusi ez ditzan, gurasoen kontrol-programaren bat erabili dezakezu. Gogoratu Interneten erabilera seguruago bat lortzeko tresna ugari dituzula; besteak beste, gurasoen kontrola, antibirus programak eta spamaren aurkakoak.

KONTUTAN HARTU BEHARREKO AZKEN GOMENDIOAK

Tresna digitalen erabileraren hezkuntza positiboak gaitasunak era normalizatuan eskuratzen laguntzen gaitu. Hezi zure seme-alaba erabilera seguruan eta arduratsuan; horrela, tresna hauek eskaintzen dituzten aukerak baliatuko ditu.

Jazarpena onartezina izango da Sarean zein Saretik kanpo. Gure harremanetan adeitasunez jokatuko dugu. Ezagutzen ez ditugun pertsonak ez ditugu sare sozialetan gehituko, eta ez dugu haiekin txateatuko. Gure irudi bat sare sozialetara igo baino lehen edo edonori bidali baino lehen, birritan pentsatu beharko genuke, partekatzen dugun momentuan irudi horren kontrola galtzen baitugu.

Norberaren datuak ez dira inoiz partekatuko ezezagunekin, ezta sarrera publikoa duten profiletan ere. Teknologia berriei emandako denbora kudeatzen ikasi, erabiltzeko mugak eta arauak ezarri, eta bestelako ekintzei eta gizarte-harremanei denbora eman. Gehiegiko erabilerak eragin zuzena izan dezake familian, bikotean, lanean eta bestelakoetan.

Eta, jakina:

Partekatu denbora zure seme-alabarekin IKTen inguruan: bilatu familiaren oporrak edo irteerak, egin ditzakezuen ekintzak, zuen errezeta gogokoena kuzinatzeko tutoretza-bideoak eta bestelakoak.

Internetek milaka aukera ditu. Baliatu ezazue!

Azken aldaketako data: 2016/04/19